Aitzol Lasa: "Derrigorrezko hezkuntzan jarduera matematikoa funtsean jarduera komunikatibo bat da"

2023ko martxoaren 21a

Aitzol Lasa: "Derrigorrezko hezkuntzan jarduera matematikoa funtsean jarduera komunikatibo bat da"

Aitzol Lasa Oiarbidek (Barañain, 1978) Aritmetika Lehen Hezkuntzako irakasleentzat liburua argitaratu du UEUrekin. Lasa, Matematikan lizentziatua da (UPV/EHU) eta Matematikaren Didaktikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA). Matematikaren irakaskuntzari buruzko hainbat unibertsitate-libururen egilea ere bada.

Aritmetika Lehen Hezkuntzako ikasleentzat liburua argitaratu duzu UEUrekin. Nola sortu zen ideia?

Matematikaren Didaktika Irakasletza Graduak eskaintzen diren unibertsitate-campus guztietan lantzen den materia bat da. Ikasle-bolumen handiko ikasketak diren arren, proportzioan material gutxi dago arlo horretan. Material gehiena irakasleek eurek prestatutako apunte-sortak dira, hemendik eta handik hartutako edukiekin; berrikiago, Espainian hedadura handia izan duten liburu pare bat euskaratu dira. Liburu honetan era ordenatu batean antolatu dira Lehen Hezkuntzako edota Lehen Mailako irakasle batek behar dituen ezagutzak, zenbaki arruntari buruz eta zenbaki arruntaren gaineko aritmetikari buruz.

Zenbakitzea jarduera linguistiko eta kulturala dela esanez hasten duzu liburua. Zer garrantzia du umearen garapenean?

Badakigu haur txikiak baduela berezko gaitasun biologikoa kopuru txikiak globalki hautemateko, zenbatu behar izan gabe. Hortik aurrera, “zenbaketa” ikasi egiten den prozesu kulturala da, gaitasun linguistiko bat. Ahozko zenbaketak bide ematen dio zenbakien idazkerari, idazkerak zenbakikuntza-sistemei, eta zenbakikuntza-sistemek aritmetikari. Ez da ikusmiratik kendu behar, beraz, derrigorrezko hezkuntzan (Lehen Hezkuntzan, baina baita Bigarren Hezkuntzan ere) jarduera matematikoa funtsean jarduera komunikatibo bat dela. Haurrek zenbakien gaineko euren errepertorio linguistikoa eguneroko egoeren gaineko informazio-trukerako erabiliko dute. Gainera, paralelismo ugari egin daitezke matematikaren garapen historikoaren eta haurren ikaskuntza matematikoen artean.

Liburuan haurraren zentzumen numerikoa azaltzen da, besoetako umea denetik Lehen Hezkuntzara arte. Testuingurua garrantzitsua da.

Zenbakien gaineko ikaskuntza-lerro luze horri esaten zaio zentzumen numerikoa. Zer egiteko gai gara zenbakiekin? Zer testuingurutan gara gai zenbakiak mobilizatzeko? Liburuak jarraitu egiten dio haurraren garapenaren kronologia horri, eta paraleloan sartzen dira ikuspuntu historikoa, antropologikoa eta matematika formalarena.

Irakasleak oinarrizko nozio matematikoetan trebatzeko eskuliburua da. Zer erreminta eskaintzen dira bertan?

Liburuak tartekatu egiten ditu azalpen historikoak, eduki teorikoak, eduki teoriko horien adibideak, definizio matematikoak, prozedurak eta teorema bat edo beste. Eduki horiek guztiak aurkezten diren heinean, ariketak ere proposatzen dira.

Gaur egun eskoletan erakusten diren metodoekiko desberdintasun asko eskaintzen ditu?

Liburuaren asmoa irakasleak aritmetikan trebatzea denez, liburua ez da sartzen curriculum-arloetan edota arlo metodologikoetan, zeinak unean uneko legeen edota arauen mende dauden, eta beraz, denboraren eta tokiaren arabera aldakorrak diren. Eduki matematiko unibertsal horien eskolarako transposizioa beste liburu batzuetan topatu beharko du irakurleak.

Eskuliburu praktikoa da, irakurketan zehar hainbat ariketa proposatzen dituena.

Liburuan 100 ariketa inguru atondu dira, eta amaierako eranskin batean sartu dira ariketa horien soluzioak edota soluzio-iradokizunak. Gisa hartara, edonork era autonomoan erabil lezake liburua, ez da zertan klasera joan edota irakasle bat alboan izan hura erabiltzeko. Jarduneko irakasleen etengabeko trebakuntzarako baliagarria gerta daiteke, eta bide batez, gaian interesa duen edonork ere irakur lezake.

Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?

Liburu honek helburu nagusi bat du, datozen irakasle berriek matematikan eta matematikaren didaktikan behar bezala trebatuta amaitu dezatela unibertsitatea.

Jakintza-arloak