Aitzol Astigarraga Pagoaga: "Adimen artifizialaren laguntzaz programatzen ikasteko tartea ere izango da jardunaldian"
2024ko urriaren 22a
"IEB 2024. Adimen Artifizial Sortzailea" jardunaldia antolatu du UEUren Informatika Sailak azaroaren 7an Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Jardunaldiaren 13. edizioa da eta antolaketa-lanetan dabil Aitzol Astigarraga Pagoaga (Mutriku, 1976) UEUko Informatika Saileko sailburua. Astigarraga, Informatikako ingeniaria da EHUn eta 2017an doktore-titulua eskuratu zuen unibertsitate berean robot bertsolarien gaiaren inguruan. Harekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko.
Ate joka dugu IEB2024. 13. edizioa aurtengoa.
Bai, 13 edizio, bada zerbait ezta? Bi urtean behin antolatzen dugu eta lehenbizikoa 1996an izan zen. Ordutik hona informatikan sortzen diren gai berriak ekartzen ahalegindu gara eta informatikari euskaldunek egindako ekarpen interesgarriak jasotzen. Gai ugari landu ditugu, euskarazko softwarea, Internet, robotika, sare sozialak, burujabetza teknologikoa... unean-unean pil-pilean izan diren gaiak.
"Adimen artifizial sortzailea" izango da aurtengo gaia. Zertan jarriko duzue azpimarra?
Bai, aurreko edizioa ere adimen artifizialari buruzkoa izan zen eta UEUren Filosofia Sailarekin elkarlanean antolatu genuen. Baina 2022ko uztailean (orduan egin genuen aurreko edizioa) ChatGPT oraindik merkaturatu gabe zegoen eta horrek eragin zuen adimen artifizial sortzailearen booma. Eta hor jarri nahi izan dugu fokua, azken bi urteotan gertatu denari begira, adimen artifizial sortzaile deiturikoen atzean zer dagoen eta informatikan eta programazioan zer aldaketa eragiten ari diren.
Komunikazio-deialdi bi antolatu dituzue.
Bai, informatikari euskaldunen bilkura izanik, gai nagusiaz aparte, jendearen interesekoak diren gaiak jorratzen ditugu komunikazioen bitartez. Aurten bi saio antolatu ditugu: bata ohikoa, aplikazioak, esperientziak eta informatikari buruzko ekimenak jasoko dituena. Eta, bestea, informatikaren adar ezberdinetan dabiltzan ikasleei zuzendutakoa, beren proiektu, gradu-amaierako lan edo antzeko egitasmoen berri emateko.
Informatikan euskaraz jardutearen gorabeherak ere mahaigainean jarriko dituzue.
Bai, hori jardunaldiaren muinean egoten da beti.
Nori dago zuzenduta?
Informatikarien bilkura denez, ikasketaz, ofizioz edo afizioz informatikari direnei zuzendua dago.
Zerbait nabarmendu nahi?
Bai. Aurten, lehenbiziko aldiz, tailer praktiko bat antolatu dugu jardunaldian arratsaldean: “Sofwarearen garapena LLMak erabiliz: 10 adibide praktiko”. Juanan Pereira EHUko Informatika Fakultateko irakasleak emango du eta mintegi praktiko honen helburua da LLMek softwarearen garapenerako eskaintzen dituzten abantailak eta erronkak lehen eskutik eta adibide zehatzekin esperimentatzea.
Parte-hartzaileek software-garapenean Hizkuntza Eredu Handien (LLM) erabilera aztertuko dute 10 adibide praktikoren bidez, programazio-zeregin desberdinetan.
Beraz, gai berriei buruz ikasi eta hitz egiteaz aparte, adimen artifizialaren laguntzaz programatzen ikasteko tartea ere izango da!