Aitor Garmendia: "Euskaraz ematen den unibertsitate-irakaskuntzaren kalitatearen aldeko apustu garbia da liburu hau"
2023ko irailaren 29a
Aitor Garmendiak (Tolosa, 1972) Finantza-kontabilitatearen oinarriak liburua argitaratu du Deustuko Unibertsitatearekin eta UEUrekin elkarlanean. Garmendia, Ekonomia eta Enpresa Zuzendaritzan doktorea da Deustuko Unibertsitatean, eta Kudeaketako Informatikan ingeniari teknikoa UNEDen. Gaur egun irakasle titularra da Deusto Business Schooleko Finantza eta Ekonomia Sailean. 1998az geroztik, gradu eta graduondoko ikastaroak eman ditu finantza eta kontabilitatearen arloaneta, besteak beste, "Lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa" ikerketa-taldeko kideere bada. Liburuaz hitz egiteko egon gara harekin.
Finantza-kontabilitatearen oinarriak liburua argitaratu berri duzu UEUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean. Nola sortu da ideia?
25 urte daramatzat kontabilitatea irakasten, eta aspaldidanik ikusten nuen unibertsitate-mailako euskarazko sarrera-liburu on baten beharra. Eta duela bi urte, proiektu honi bultzada eman zioten bi gertakizun jazo ziren: alde batetik, 2021ean aldaketa bat egin zen Espainiako kontabilitate-araudian, kontabilitatearen arloko unibertsitate-testuak eguneratzea eskatzen zuena, eta, bestetik, gure fakultatean enpresen administrazio eta zuzendaritzako graduaren diseinua aldatzeko erabakia hartu zen 23-24 ikasturte honetarako, enpresa-kudeaketak dituen erronka berriei erantzuteko helburuarekin. Bi gertakari horiek bultzatu ninduten liburu hau argitaratzera. Liburu honek kontabilitate-araudiaren berritasunak hartzen ditu kontuan, eta ikasturte honetatik aurrera graduan ematen ditugun edukiak eguneratzen ditu. Euskaraz ematen den unibertsitate-irakaskuntzaren kalitatearen aldeko apustu garbia da liburu hau.
1/2021 Errege Dekretura egokitutako kontabilitate-araudia jasotzen du liburuak. Zergatik?
2007. urtean oso bide garrantzitsua abiatu zen Espainiako kontabilitate-araudia Europar Batasunak onartutako nazioarteko kontabilitate-arauekin bateratzeko. Hori mugarri garrantzitsua izan zen; izan ere, Espainiako enpresek nazioarteko kontabilitate-araudi hori aplikatzeko bidea egin zuten, beren kontabilitate-informazioa beste herrialde batzuetan landutakoarekin alderatzeko errazagoa izan zedin. Orain, azken urteotan, Europar Batasunak aldaketa garrantzitsu batzuk egin ditu kontabilitate-araudian, eta Espainiak bere araudia berriro eguneratu behar izan du. Eguneratze hori 1/2021 Errege Dekretuarekin egin da, eta haren helburu nagusia enpresek kontabilitate-informazioaren erabiltzaileei informazio osatuagoa eta gardenagoa ematea da. Eta liburu honetan azken aldaketa horiek kontuan hartu ditugu.
Irakurlea, urratsez urrats gidatuko du. Zer da irakurleak bertan aurkituko duena?
Liburua pentsatuta dago kontabilitate-ezagutzarik ez duen pertsona batek pixkanaka eta ikaskuntza-prozesuan zehar autonomia handiarekin ezagutza hori eskuratu ahal izateko. Horretarako, kapitulu bakoitzean lehenengo funtsezko kontzeptuak azaltzen dira, adibide asko erabiliz. Eta gero ariketa batzuk proposatzen dira kontzeptu horiek aplikatzen ikasteko. Eta, azkenik, test motako galdera multzo bat dago, batzuk kontzeptualagoak eta beste batzuk praktikoagoak, eskuratutako ezagutzak ebaluatzeko aukera ematen dutenak. Nire ustez, kontabilitateko irakasle gisa urte hauetan ikasitakoa laburbildu dut ikasteko prozedura honetan. Kontabilitatea, beste diziplina asko bezala, behar bezala azaltzen bada, ez dela hain zaila ulertzeko.
Gai bakoitzerako ariketa praktikoak prestatu dituzu.
Bai, praktika funtsezkoa da kontabilitatean, eta eginez ikasten da. Teoriak oinarri kontzeptuala ematen du, baina aplikazio praktikoa funtsezkoa da trebetasunak garatzeko, egoera errealetan kontabilitate-printzipioek nola funtzionatzen duten ulertzeko eta esperientzia hartzeko. Gainera, beti gomendatzen dut arkatzarekin eta paperarekin lehen urratsak ematea. Logikoa denez, gaur egun erakundeek kontabilitatea tresna informatikoak erabiliz eramaten dute, baina ikaskuntza-fasean uste dut ariketak eskuz egiteak indartu egiten duela eskuratutako ezagutza. Behar den trebezia lortzeko, mota askotako merkataritza-enpresen, industria-enpresen eta zerbitzu-enpresen ariketak sartu dira liburuan.
Nori dago zuzenduta?
Liburua, batez ere, kontabilitateko oinarrizko ezagutzak eskuratu nahi dituzten eta arlo horretan aldez aurretik esperientziarik ez duten unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago. Finantza-kontabilitatean lehen urratsak eman behar dituzten arlo ekonomikoko, juridikoko edo enpresen administrazioko ikasleak izan daitezke. Baina, era berean, baliagarria izan daiteke zuzendari, ekintzaile edo finantza-kontabilitatearen oinarrizko printzipioak eta kontzeptuak ulertzeko interesa duen edonorentzat.
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?
Helburu nagusia kontabilitatearen funtsezko kontzeptuak modu argi, zuzen eta praktikoan irakastea da. Nire ikasleei beti esaten diet kontabilitatearen funtsezko kontzeptuak ondo ikasten badira, bizikletan ibiltzen ikastea bezala dela, ez direla ahazten. Eta hori da nire helburu nagusia. Horretarako, bidaia bat proposatzen diot irakurleari, eta ibilbide hori irakasle gisa eman ditudan urteetan zehar definitu dut, bidaia hau egin nahi duen jende guztia helmugara irits dadin.