Aiora Sampedro Alegria: "Badakigu 1900-1980 urte bitartean argitaratutako liburu kopuru bera argitaratzen dela gaur egun urtebetean"
2024ko otsailaren 7a

Aiora Sampedro Alegriak (Beasain, 1993) Euskal Ikasketetan du Gradua eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterra eta Doktoregoa. Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra egin zuen UNIR unibertsitatean. Orain UPV/EHUn Euskal Filologiako Sailean da irakaslea eta ikertzailea. Berarekin izan gara bere ikerketa-lanaz aritzeko.
Euskal Ikasketetako Gradua ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero. Zergatik Euskal Ikasketak? Zergatik ikerkuntza?
Hainbeste urte pasa dira gradua ikasten hasi nintzenetik, ez dakidala zehazki zer nuen gogoan gradua hautatu nuenean. Beti izan dut gogoko irakurtzea, edozein hizkuntzatan. Asko irakurtzen nuen txikitan eta gaztetan eta gogoan dut hizkuntzen inguruko kontuek arreta ematen zidatela, hizkuntzen arteko harremanak, hizkuntzaren auziak eta baita ere gauza zehatzagoek, nola itzul daitekeen ideia bat edo esaera bat hizkuntza batetik bestera eta abar. Orduan horrekin lotutako zerbait ikastea erabaki nuen eta nire lehen hizkuntza euskara denez, uste dut horregatik erabaki nuela Euskal Ikasketak egitea.
Bestetik, graduan gauza interesgarri asko ikasten dira, baina ikaslearen arreta gehien pizten duena zera da, ikasleak kitzikatzen dituzten galderak egiten dituzten irakasleak izatea, eta hori eduki izanak, hizkuntzaren inguruan erantzun gabeko galderak klasean proposatzen dituzten irakasleak eduki izanak, animatzen zaitu ikasle bezala ere horiei erantzuna bilatu nahi izatera, eta ikerketa hortik abiatzen dela uste dut.
Euskal literaturak XXI. mendean izandako aldaketak aztertu dituzu. Nola sortu zen aukera?
Gradua hasi nuenetik Euskal Literatura Garaikidea interesatu izan zait. Gradu Amaierako Lanean, Mikel Aierbe irakasleak gidatuta, Iban Zalduaren ipuingintza aztertu nuen, eta Master Amaierako Lan gisa nire doktorego-tesiaren zuzendaria izan den Jon Kortazarrek Harkaitz Canorena aztertzeko gidatu ninduen. Masterrean ikuspegi teorikoagoa ere lantzen denez, jabetu nintzen izan zitezkeela zenbait aldagai idazle baten ekarpenari eragiten diotenak, eta horiek aztertzeko asmoz ekin nion doktoregoko ikerketa-lanean euskal sistema literario garaikidearen hainbat egitura ikuskatzeari.
Zein da erabili duzun lagina? Zergatik?
Lagina mugatzea zaila denez, epearen arabera mugatu dut. Izan ere, euskal sistema literario garaikidea aztertzeko baliatu dudan teoria ez da izan Zohar irakasle israeldarraren polisistemen teoria. Dagoeneko erabilia izan da euskal literatura aztertzeko zenbait lanetan; Xabier Etxanizek edo José Manuel López Gasenik baliatu izan dute adibidez Haur eta Gazte Literatura aztertzeko. Jon Kortazarrek ere bai, euskal literatur sistemaren egiturak ikusteko eta autonomiaren eta heteronomiaren arteko gatazkak plazaratzeko. Eta nik, beraz, literatura garaikidea aztertu nahi nuenez, epearen arabera mugatzea erabaki dut. Horretarako soilik XXI. mendeko literatur ekoizpena hartu dut kontuan, eta zehazki, mende honetan bere ekarpenaren gehiengoa egin duen idazle bat, Harkaitz Cano. Horrela osatu nuen Euskal literatur sistema garaikidea polisistemen teoriatik eta Harkaitz Cano idazlearen kasu azterketa doktore tesia eta orain gutxi, hartan oinarritutako Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema liburua argitaratu dugu.
Zer aldaketa hauteman nahi izan dituzu?
Gaur egunera arte jakin izan da euskal literaturaren ekoizpena nahiko mugatua izan dela. Eta gaur egun, nahiko begi-bistakoa da bai idazleen bai kontsumitzaileen kopurua areagotu egin dela, baita ekoizten diren produktuena ere, hau da, liburuena. Eta konprobatu nahi izan dut hori hala ote zen eta zerk ahalbidetu duen hori gertatzea. Badakigu, eta buruz ari naiz, baina Santiago de Pablok aipatzen zuen, 1900-1980 urte bitartean argitaratutako liburu kopuru bera argitaratzen dela gaur egun adibidez urtebetean, beraz, hori aztertzea zen erakartzen ninduena.
Beste hizkuntza batzuetan ere aldaketak gertatu diren aztertu nahi izan duzu. Badago lotzen gaituenik?
Bai, orokorrean lantzen diren generoak eta gaiak bat datoz hizkuntza batzuetatik beste batzuetara. Baita ere industriaren egiturari dagokionez, industriaren ahultasuna. Euskaraz orokorrean liburuaren industria nahiko ahula bada ere, adibidez gaztelaniaraz ere, industriaren mugak nabaritzen dira. Badira hiruzpalau talde editorial, komunikazio-taldeak ere badirenak eta beste komunikazio-esparru batzuetan ere eragiten dutenak (ikus-entzunezkoen komunikazioan, besteak beste), enpresa egonkorrak direnak. Baina horretatik kanpo dauden editorialek, eta gaztelaniaz asko dira orokorrean periferikoak direnak, nahiko ekoizpen mugatua dute.
Zer ondorio atera dituzu?
Batetik industriaren ahultasun orokorra, edozein hizkuntzatan. Bestetik, bai irakurleen, bai idazleen eleaniztasunak eragiten duela hizkuntza batzuetako zein besteetako merkatuetara heldu ahal izatea. Eta horrek, adibidez, baduela eragina bai idazleen, bai irakurleen interesetan. Hizkuntza batzuek beste batzuetan duten eragina, adibidez, generoetan edo literatur joeretan, gaietan, arduretan.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Sare sozialak edukiz hain gainezka dauden une honetan horrelako ekimenetan parte hartzeak ahalbidetzen du hain justu arreta jartzea kontu zehatz baten. Kasu honetan beste kideen lanetara eramaten zaitu eta sarea sortzeko balio du. Esperientzia bezala aberasgarria iruditu zait.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Unibertsitate- eta ikerketa-munduan sarrera hain zaila denez eta bidea egitea hain konplikatua zentzu askotan, helburu nagusi gisa hauxe dut: egonkortasuna lortu ahal izatea bertan ikerketa- eta hezkuntza-proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Eta hemen aipatutakoari zehatz-mehatz helduz, ikerketa-helburu gisa, doktore-tesian heldutako ondorio hauetatik galdera berriak sortu zaizkit eta horiek erantzunak izatea: nola egituratzen ari den merkatu ahul hau, zer irtenbide emango dizkion industria editorialak, zer harreman duen horrek beste komunikazio-esparru batzuekin eta abar.