Ainhoa Latatu Nuñez: "Buru-mapa batean informazioa antolatzean, gerora informazio hori berreskuratzea askoz errazagoa da"
2025eko martxoaren 10a

"Buru-mapak: antolaketa, sormena eta elkarlanerako tresna" tailerra emango du UEUrekin Ainhoa Latatu Nuñezek (Bilbo, 1973). Biologian doktorea da Latatu eta UEUren GOI Institutuko zuzendaria. Gaian interesa duen edonori zuzenduta dago ikastaroa baina prezio berezia izango dute doktoretza egiten ari diren ikasleek.
Zer diraburu-mapak?
Buru-mapek buruan duguna ulertzeko eta interpretatzeko aukera ematen digute. Edozein maparen antzera, buru-mapak hitzak eta irudiak elkarrekin lotzen dituzten argazkiak dira. Gure pentsamenduari naturaltasunez aritzeko aukera ematen diote, irudien bitartez, bai eta antolaketa espazialean ideiak antolatuz eta sortuz. Gainera, buru-mapak eraikitzeko prozesuak berak badu bere garrantzia, denbora horretan gaiari behar duen arreta eta denbora eskainiz, askoz lanketa sakonago bat egotea baimentzen baitu.
Bisualtasun horrek nola laguntzen dio ideien antolaketari?
Geure buruak ez ditu ideiak hitzekin lotzen berez. Orokorrean, ideia bat geure buruan duen irudiarekin lotzen dugu. Eta berdin dio hizkuntza gainera, irudi horrek du berez gure burmuinerako esanahia. Gainera, irudi edo kontzeptu horiek beste batzuekin lotzen direnez, geure buruari askoz errazagoa egiten zaio ideia bati tiraka beste hainbat sortzea. Adibidez, “bilera” hitzarekin irudi bat etorriko zaigu burura, eta ziur aski izan dugun, guretzat ohikoa den, edo izango dugun bilera bat izango da irudikatuko duguna, beraz, horri loturik, beste hainbat etorriko zaizkigu burura: bileran nortzuk egon edo egongo garen, edo zeozer prestatu behar dugun eta agendan apuntatu behar dugula irudikatuko dugu ondoren. Ideiak nahi gabe elkarrekin lotzen goaz, bata bestearen atzetik.
Buru-mapetan pentsatzeko modu hori erabiltzen da, eta sortu egiten den mapa horretan ideia horiek elkarrekin loturik sortzen dira.
Beste maila batera ekarrita, bisualtasunak oroitzapenean ere eragin oso positiboa du. Irudikatuta ikusi duguna birgogoratzea denok bizi izan dugun ariketa bat da. Buru-mapa batean informazioa antolatzean, gerora informazio hori berreskuratzea askoz errazagoa da.
Ikerketari lotutako lan askotarako baliagarriak izan daitezkeela diozu.
Bai, hori da. Tailer honekin erabilera batzuk ikusiko ditugu, eta buru-mapak gauza askotarako oso baliagarriak direla ikusiko dugu, informazioa antolatzeko, elkarlanerako, sormena eragiteko... Horiek eta beste batzuk dira ikerketan aplikatzekoak. Informazioa biltzeko eta antolatzeko orduan adibidez edo arlo zehatzen inguruko ideiak jasotzeko, oso lagungarriak izan daitezke: artikuluen laburpenak egiteko, edo lana antolatzeko, edo lanen beharrak bisualki detektatzeko edo artikulu bat idazteko orduan ideiak izateko zein antolatzeko...
Ahozko aurkezpenetan laguntzeko ere oso baliagarriak dira, eskema modura funtzionatzen dutelako, eta bai prestakuntza-fasean zein hitzaldia ematean erabil ditzakegu.
Baina, erabilerak asko eta asko dira oinarri horiek hartuta, hau da, antolaketa, laburpena eta sormena, horiek dira haren hiru erabilera nagusiak, gerora lan zehatzetara eraman daitezkeenak.
Zein izango da ikastaroaren metodologia?
Tailer moduan planteatuta dago, oso modu praktikoan, eta aukera errazenetatik abiatuta, norberak bere lan-ingurunera eramateko moduan. Praktikatuz ikasiko dugu, ikaskideen lanak ikusiz gure ereduak hobetzeko aukera izango dugu eta lehen urratsak emateko balioko digu.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaroa gaian interesa duen edonork egin dezake, aipatu bezala oso gauza hurbil eta errazenetik hasiko garelako. Hala ere, ikastaroa prestakuntzan dauden ikertzaileei begira prestatu denez, erreferentzia bibliografikoak eta adibide asko ikerketari loturik egongo dira.
Nabarmentzeko zerbait?
Buru-mapak erabiltzen hastea da gakoa, eta norberak bere beharretara egokitzea. Tailer honek lehen pauso horiek ematen lagundu nahi du.