Ainara San Juan Escudero: "Auzo osasuntsuagoak lortzeko elkarrekin ikasteko eta erabakiak hartzeko espazioak sortu behar dira"
2024ko urriaren 30a
Ainara San Juan Escuderok (Algorta, 1997) Osasun Biologian du gradua (UAH), masterra Osasun Publikoan (EHU) eta Erizaintza eta Osasun Sustapenerako Ikerketa Taldean da doktoregaia. Txiotesia 7 lehiaketan parte hartu zuen eta bere ikerketaren inguruan gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Biologiako ikasketak egin eta osasun publikoaren inguruan ikertu duzu gero.
Betidanik izan dut izaki bizidunen eta munduaren funtzionamenduaren inguruko jakin-mina, eta horrek Osasun Biologia ikastera eraman ninduen, baina konturatu nintzen laborategia ez zela niretzat. Epidemiologiaren arloa ezagutu nuen, eta gaixotasunak agertu baino lehen zergatik gertatzen diren ulertzen badugu, osasuna sustatzeko beste bide bat dagoela ikusi nuen. Hori da ba osasun publikoaren helburua.
Auzoek auzotarren osasunean eragiten dute. Zertan?
Askotan gure bizimoduak erabaki indibidualak direla uste badugu ere, bizi garen inguruneak eragin handia dauka. Hasteko, gure lanbidea eta denbora librean egiten duguna maila sozioekonomikoak baldintzatuta egon daitezke, besteak beste. Gainera, elikagaiak erosteko dugun eskuragarritasunak eta horien kalitateak edo prezioak gure dietan dute eragina. Horrez gain, auzoan ditugun zerbitzuetara heltzeko oinezkoentzako bideak egotea garrantzitsua da, eta baita garraio publiko egokia egotea ere. Autoa erabiltzea aukera bakarra bada, gure osasunean eta inguruko kutsadura-mailan negatiboki eragiten dugu. Beste aspektu batzuk dira alkohol- eta tabako-kontsumoaren inguruko ohiturak, publizitatea, eta abar. Hauek hiri eta auzoen egiturek osasunean nola eragiten duten ikusteko adibide batzuk besterik ez dira.
Eragina bertatik bertara ezagutzeko Bilboko hiru auzotako herritarrak jarri dituzu ikertzen. Zer da aztertu behar izan dutena?
Auzoak haien jarduera fisikoaren gainean duen eraginari buruz hausnartzera gonbidatu genituen. Hasteko, guztion artean, taldekako eztabaida batean argitu zen jarduera fisikoa ez zela soilik ariketa fisikoa eta kirola egitea. Hala, mugikortasunarekin, segurtasunarekin, trafikoarekin eta bestelako alderdiekin lotuta dagoela ikusi zuten. Auzoan jarduera fisikoari lotutako egoera horiek islatzen zituzten argazkiak aurkeztu behar izan zituzten, eta guztion artean ondorioak atera eta osasuna hobetzeko konponbideak proposatu zituzten.
Emaitzak bateratzeko batzarrak egin zenituen gero. Zer erakutsi dute emaitzek?
Taldekako saioetan haiek ateratako argazkiei buruz eztabaidatu zuten. Batek esaten zuena, beste batek babesten zuen, eta ondokoak agian desberdin ikusten zuen. Azkenean, haien auzoetan jarduera fisikoari lotutako indarrak eta oztopoak identifikatu zituzten. Alde batetik, kirolerako eta aisialdirako espazioak auzoan bertan edukitzearen garrantzia nabarmendu zuten. Bestetik, oinez ibiltzearen inguruan aritu ziren, eta horri lotuta adinekoentzako irisgarritasuna bermatzeaz. Gainera, trafikoak pasealeku eta bidegorrientzako espazioak mugatzen zuela ondorioztatu zuten, eta horrez gain, segurtasun-arazoak sortzen ziren horren inguruan. Azkenik, tokian tokiko beharrak kontuan hartzeko administrazioen papera azpimarratu zuten.
Emaitzak udalarekin, beste erakunde batzuekin... partekatzeko aukerarik izan duzue? Izan ahal dute eraginik?
Emaitza hauek hainbat erakundetako ordezkariekin partekatu dira. Lehenik, Herritarren Zientzia izeneko jardunaldi batean parte-hartzaileak, Bilboko biztanleak eta Udaleko zein Osakidetzako hainbat pertsona bildu genituen, eta han identifikatutako beharrei buruz elkarrekin hitz egiteko aukera izan zuten. Gainera, argazki-erakusketa publikoak egin ziren, eta horiek ikustera ere gonbidatuak egon ziren. Udaleko zein beste erakundeetako ordezkariek taldekako eztabaiden emaitzen liburu bat jaso zuten, eta baita parte-hartzaileek idatzitako auzoak hobetzeko proposamenen txostena ere. Oraindik goiz da horren guztiaren eragina ikusteko, politika-prozesuek denbora hartzen dutelako. Hurrengo urteetan zehar agertzen diren politika publiko berrien ebaluazioa egiteko asmoa dugu, auzotarren eskaerak kontuan hartu diren baloratzeko.
Etorkizuneko erronka auzotarrak kontuan hartzea dela diozu.
Gobernantza partekatuaz ari garenean, garrantzitsua da auzotarren iritziak eta beharrak entzutea. Auzo osasuntsuagoak lortzeko elkarrekin ikasteko eta erabakiak hartzeko espazioak sortu behar dira, non auzotarrek eta administrazioek batera lan egiten duten. Izan ere, testuinguruaren araberako neurriak proposatu ahal izateko, egoera bakoitzari erreparatu behar zaio. Auzotarren beharrizanak kontuan hartzea funtsezkoa da etorkizuneko erabakiak eraginkorrak izateko; horrela, auzoak eta osasuna hobetzeko aukera handiagoa izango da.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Aurreko edizioetako jarraitzailea izan naiz eta beti parte hartu nahi izan dut, baina zaila iruditzen zitzaidan tesia hitz gutxitan eta modu argian laburtzea. Aurten atzerrian egon naizenez gure hizkuntzarekin kontaktuan egoteko aukera izan da niretzat, eta baita euskarazko dibulgazioan nire hondar-aletxoa gehitzeko. Prozesuaz asko disfrutatu dut eta pozik nago emaitzarekin!
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Momentuz auzoetako emaitza orokorrak ikusi ditugu, eta testuinguru geografiko eta maila sozioekonomiko desberdinetako auzoen arteko berdintasunak eta aldeak identifikatu ditugu. Gure hurrengo helburua gizonen eta emakumeen ikuspuntuak aztertzea da, auzoan jarduera fisikoaren gainean aurkitzen dituzten indar eta oztopoak zeintzuk diren ezagutzeko.
UEUREN EGITASMO HAUETAN ERE PARTE HARTU DU