Agustin Arrieta: "Liburuak erakusten du edo erakutsi nahi du auziei aurre egiteko modu bat, begirada filosofiko bat"
2023ko maiatzaren 30a
Bidez bide hausnarrean liburua argitaratu du Agustin Arrieta Urtizbereak (Errenteria, 1962) UEUrekin eta UPV/EHUrekin koedizioan. Arrieta, Filosofian eta Informatikan lizentziatua da eta doktorea Filosofian. UPV/EHUko irakaslea da Filosofia Graduan eta Gizarte Antropologia Graduan, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta UPV/EHUko Filosofia Saileko kideada. Filosofiaren esparruan zenbait artikulu eta libururen egilea da, besteak beste: Zientziaren argi-itzalak (UEU, 2017), Gogoeta-bide irekiak (UPV/EHU, 2019) eta Gaueko eztabaidak (Erein, 2022). Bi fikzio-liburu ere argitaratu ditu: Istripuak (Alberdania, 2008) eta Irlak eta beste kontakizun batzuk (Erein, 2015).
Bidez bide hausnarreanliburua argitaratu berri duzu UEUrekin eta UPV/EHUrekin koedizioan. Nola sortu da ideia?
Urte askotan zehar, artikulu akademikoak edo espezializatuak idazten eta, horietako batzuk, argitaratzen saiatu naiz, gehienak hizkuntzaren edo logikaren filosofiaren ingurukoak edo filosofo batzuen pentsamenduari buruzkoak. Paraleloki, estilo didaktikoago bat erabiliz, gizarte-mailan interes handia pizten eta gaurkotasuna duten zenbait auzi jorratzen saiatu naiz. Ildo horretatik, Gogoeta-bide irekiak liburua argitaratu nuen 2019an, non gai asko jorratzen nituen, besteak beste, umorea, askatasuna, animalien eskubideak, egia, objektibotasuna, fikzioa, erlijioa, diziplinen arteko harremanak… Jende askorengan, eta niregan, interesa pizten duten gaiak direla uste dut. Eta nire interesa piztu bezain pronto, saiatu naiz auzi horiei aurre egiten, auzi horietan sakontzen eta, halaber, nik ulertu dudana helarazten, jakinaren gainean egonda bidea luzea dela, zalantza handiak dauzkadala, azken buruan, jakinaren gainean egonda bide horiek etorkizuneko gogoeten eta zuzenketen zain daudela.
Liburu berri hau aipatu dudan liburuaren estilokoa da. Gai asko lantzen dira. Liburuko kapitulu bakoitza independenteki irakur daiteke, baina kapituluen artean lotura eta zubi asko daude, eta, gainera, liburuak, bere osotasunean hartuta, erakusten du edo erakutsi nahi du auziei aurre egiteko modu bat, begirada filosofiko bat.
Hiru ataletan banatutako liburua aurkeztu diguzu. Lehenengoan artelanen eta fikzioaren izaera immoralari buruzko hausnarketa jarri duzu mahai gainean. Zergatik?
Lehen aipatu bezala, gai asko jorratu ditut azkeneko urte hauetan. Gai batek nire interesa piztu duenean, berandu gabe, gai edo auzi horretan sakontzen hasi naiz, harik eta nire kuriositatea behin-behinekoan asebeterik geratu den arte. Gai horien artean fikzioari lotutakoak daude. Batetik, ba al dago fikzioaren eta ez-fikzioaren artean bereizketa egitea? Batzuek joera izan dute, arrazoi bestelakoak tarteko, fikzioaren eta ez-fikzioaren muga lausotzeko, ahultzeko. Ez dut uste aukera ona denik. Historiografiaren inguruan auzi hori oso bizi agertu da: historiografia non kokatzen da fikzioaren eta ez-fikzioaren artekoan?
Bestetik, eta fikzioari bakarrik erreparatuz, asko interesatu zait fikzio ustez immoralaren auzia. Uste dut kalean oso presente dagoela auzi hori: adibidez, pornografiaren gaineko eztabaidak, umorearen gaineko eztabaidak… Saiatu naiz auzi horri edo horiei heltzen ikuspuntu orokor edo filosofiko batetik. Garbi daukat bide asko utzi ditudala zabalik, ezin itxi, baina bidean urrats batzuk eman ditut.
Bestalde, lehenengo zati horretan, negazionismoaren inguruko gogoeta bat egin nahi izan dut. Gai hau ere plazan bolo-bolo dabil, eta ez da ahaztu behar negazionismoaren auziak harremanak dituela zientziaren, objektibotasunaren edo egiaren kontzeptuekin, besteak beste.
Horrelako gaiak sartu ditut liburuko lehenengo zatian. Gaiak itxuraz independenteak dira, baina haien artean zubiak daude, eta komeni da zubi horietaz jabetzea.
Emakumeen ahotsa entzuna ez izanak ezagutzaren gurpilean izan dituen ondorioei ere lekua eman diezu liburuan.
Bai, liburuko bigarren partean edo zatian pentsamendu feminista jarri dut fokupean, eta haren ekarpen batzuk kokatu ditut filosofiarako sarrera baten testuinguruan. Kontuan izan behar da Filosofiarako sarrera I eta II ikasgaiak ematen ditudala Filosofiako Graduan eta Gizarte Antropologiako Graduan. Ekarpen horien artean dago, hain zuzen, zuk aipatu duzuna: emakumeak (eta beste talde batzuk) bazterrean utzi izana, injustizia etiko-politikoa izateaz gainera, oso kaltegarria izan da ezagutzari dagokionez, baita ezagutza zientifikoari dagokionez ere: azken buruan, injustizia epistemikoa ere bada. Kalte horien irismena neurtzeko garaian desadostasunak izan dira pentsamendu feministaren baitan, eta eztabaida hori oso interesgarria da.
Zati horretan, orobat, beste zenbait gai ere jorratu ditut: nola sailkatzen dugu gure inguruan dagoena, aurrez aurre dugun hori? Besteak beste, zer esan emakumezko-gizonezko kontzeptu sailkatzaileei buruz? Estereotipatzea beti gaizki dago? Artearen munduan ere zertxobait murgildu naiz: pentsamendu feministatik nola begiratzen zaio (gizonezkoen) artearen munduari?
Zugan eragina izan duten hiru pentsalariri eskaini diezu azken atala: David Hume, Bertrand Russell eta Susan Haack-i. Zergatik?
Nigan pentsalari askok izan dute eragina, klasikoek eta ez-klasikoek, baina momentu honetan hiru egile horien pentsamenduari buelta bat eman nahi izan diot zenbait arrazoirengatik. Susan Haacken kasua komentatuko dut zehatzago. Haacken pentsamendua nahiko sakon landu nuen filosofiako ikasketetan. Emakume bakarra (edo bakarrenetako bat) izan zela esango nuke. Haren pentsamendua oso argumentatiboa da. Haackek auzi baten inguruko aldekoak eta kontrakoak aurrez aurre jartzen ditu eta ebaluatzen ditu, polemikazalea da, zorrotza, argia, pragmatista (besteak beste, nik oso gustuko dudan Peirce pragmatistaren jarraitzailea da), filosofiaren esparru (eta kontzeptu) gehienetan (zientzia, ezagutza, logika, artea, egia…) ibilitakoa. Azkeneko urte hauetan, haren lan batzuk berrirakurtzen hasi naizenean, argi eta garbi konturatu naiz harekin zorretan nagoela. Haren ikaslea sentitu naiz. Eta zorrak kitatu behar dira.
Hausnarketa edo ariketa filosofiko hauek ibilian-ibilian piztu edo landu direla diozu: Bidez bide hausnarrean.
Bai hala da. Bide egitearen ideia nahiko presente dago nire idazkietan. Gainera, azken aldian gustatzen zait ibiltzea, bai oinez bai bizikletaz, helburu handirik gabe, eta askotan gai hauen inguruan dabil nire burua. Nahiko emankorrak izaten dira “paseo” hauek. Jakina, gero eseri behar da, eta lasai-lasai idatzi, baina liburuko pasarte edo ideia batzuk paperera joan dira “paseo” horietatik bueltan. “Bide” hitza izenburuan agertzea nahi nuen: bidea, bide-gurutzea, bide ertzean, bide galduan, bide bazterrak, bide irekia… Azkenean, “bidez bide”.
Nori dago zuzenduta?
Liburua filosofiako liburu bat da. Hau da, gaiak ikuspuntu filosofiko eta argumentatibo batetik jorratzen dira. Filosofian gaiei aurre egiten zaie begirada orokor eta transbertsal batetik. Filosofia orokorra da eta diziplina askorekin dauzka harremanak, eta hori da bere alde ona eta, agian, bere alde txarra. Baina horrelakoa da filosofia, nire ulermenean. Bestalde, liburuan jorratzen diren gaiak bolo-bolo dabiltza plazan: zientziaren izaera eta zer-egina, negazionismoa, arte (fikzio, umore, egile) immorala, aldaketa politikoen sustraiak, justizia, iraultza, balio etikoak, ezagutzari lotutako balioak, fikzioaren izaera, historiaren izaera, pentsamendu feminista, esentzialismoa, estereotipoak,…
Horrelako gaiak eta horrelako ikuspuntua edo begirada gustuko dituen edonork, nik uste, interesgarria den zer edo zer aurki dezake liburu honetan. Noski, filosofiako ikasleak eta irakasleak hor egotea nahiko nuke.