XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia.
Aurkezpena
XXI. mendearen lehen laurdenean murgildurik gaudela, mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadako aldaketak ari dira gertatzen: robotizazioa, inteligentzia artifiziala, gauzen interneta, teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak eta, horren guztiaren ondorioz, gizartearen eta bere balioen eraldaketa sakona. Europan batik bat, ingurunea biziki aldatzen ari da migrazio mugimenduek, mugikortasunak eta gizarte batzuen zahartzeak eraginda. Espero daitekeenez, horrek guztiak sekulako eragina izango du identitatearen erreprodukzio sistemetan oro har eta, zer esanik ez, gurea bezalako komunitate/nazio gutxiagotuetan.
Hortaz, hizkuntzen eta identitateen erresilientzia mailak determinatuko du eraldaketa guzti honetatik nola irtengo diren hizkuntzak eta herriak.
Euskal Herrira etorrita, euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo duen zantzuak nabari dira hizkuntza zeharkatzen duten arlo gehienetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio prozesuetan, lan munduaren euskalduntzean, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan, besteak beste. Horrek guztiak eragin zuzena dauka euskararen transmisioan eta biziraupenean, kale erabilera datuek adierazten duten bezala.
Aipatu eraldaketa horiek guztiak kontuan izanik gogoeta sakon bat egitea ezinbestekoa dugu, euskararen normalizazioa helburu.
Paradigma aldaketen garaian bizi gara eta egoera berri horietara egokitzeko gaitasuna izateak berebiziko garrantzia izango du. XX. mende amaierako egoerari begira sortutako hizkuntza politikek ez dute seguruenik errealitate berri horri erantzuteko ahalmenik. Gelditu eta ingurura begiratzeko garaia dugu euskararen normalizazio prozesuan, sistemikoak eta egiturazkoak diren eraldaketez ohartzeko eta prospektiboki sakontzeko errealitate horren aurrean euskal botere politikoek (euskal erakundeek) nola jokatu behar duten. XXI. mendeko eta menderako euskararen normalizazio bideetan, aztertu beharra dago botere politikoa nola eta zertarako baliatu euskararen normalkuntza osoa erdiesteko.
XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitzeko eztabaidatu beharra dago. Hori da jardunaldi hauen asmoa.
Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dugu jardunaldia.