Ikastetxe espazioen erabileraren eta antolamenduaren azterketa genero ikuspegitik etapa guztietan
Aurkezpena
Gaur egun, haurren zein nerabeen garapen eta sozializazio ingurune gisa aurkezten da eskola. Espazio horren barruan, ordu asko igarotzen dituzte egunean zehar; beraz, hazteko eta ikaskuntzak barneratzeko ingurune gisa ulertzen da. Ingurune horretan, hitzen bidez irakasten dena ez ezik, bertan bizitzen dituzten espazioak ere kontuan hartu behar dira, hauek haien garapena errazteko edo oztopatzeko ahalmena baitute. Hainbat ikerketak erakusten duten moduan (Larrea et al., 2017; Rodríguez, 2022), begirada arkitektonikoa eta espazio bakoitzaren erabilera hezkuntza-bitartekari bezala ulertu behar dira, eta horiei arreta handiagoa eskaini beharko litzaieke. Nork okupatzen du espazio bakoitza? Nola erabiltzen dira? Kontuan hartzen al da genero-ikuspegia?
Galdera horiek gutxitan egiten dira, baina benetan funtsezkoak dira inklusioa edo genero-berdintasuna bezalako balioak finkatzeko.
Ikastaro honen bidez, galdera horiei garrantzia ematen hastea espero da, hezkuntza-espazioak aztertzeko ezagutzak eta tresnak eskainiz, eta ikasleen garapenean nola eragiten duten azalduz, genero-ikuspegia kontuan hartuta. Horretarako, kontzeptu teorikoak eta ariketa praktikoak izango dituzten hiru modulu landuko dira, kontzientzia sustatzeko eta eskola-ingurunea betaurreko moreekin begiratzeko.
Irakasleak
Helburuak
• Genero ikuspegia zer den eta zelan landu daitekeen ikastea.
• Eskola-espazioen banaketa identifikatu eta aztertzea, irisgarritasunari, segurtasunari eta erosotasunari dagokienez, genero desberdinei nola eragiten dieten kontuan hartuz.
• Genero-arauek eta estereotipoek eskola-eremuen esleipenean eta erabileran nola eragiten duten ebaluatzea, bai jarduera akademikoetan, bai curriculumetik kanpoko jardueretan ere.
• Estrategia eta ekintza zehatzak diseinatzea eskola-ingurune inklusiboagoak eta bidezkoagoak sortzeko, genero-aniztasunari erres
Edukiak
• Oinarrizko genero-kontzeptuak: kontzeptu giltzarrien sarrera, hala nola, generoa, genero-identitatea, genero-rolak, genero-estereotipoak, besteak beste, eskola-espazioen antolaketan nola eragiten duten ulertzeko.
• Espazioaren banaketaren eta erabileraren analisia: eskola-espazioen antolamendu fisikoaren azterketa zehatza, besteak beste, ikasgelak, eremu komunak (patioa, komunak); genero-ikuspegia kontuan izanik.
• Genero-pertzepzioak eta praktikak: eskola-komunitatearen barruan generoarekin lotutako pertzepzioak eta praktikak aztertzea, rolak eta erantzukizunak nola esleitzen diren eta hainbat generok eskolako jardueretan zelako parte-hartzea duten aztertzea.
• Hezkidetzaren garrantzia: nola lagundu dezake hezkidetzak eskolaren egunerokotasunean, nola aplikatu daiteke eta zelako eragina duen eskola inklusiboaren eraikuntzan.
Metodologia
Ikastaroa Online izango da, UEUren Gela Birtuala erabiliz, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta.
• Alderdi teorikoak eta praktikoak konbinatzen ditu prestakuntza integral eta esanguratsu baterako.
• Hausnarketa eta ideien eta esperientzien trukea sustatzen duten metodologia aktiboak eta parte-hartzaileak erabiltzen ditu.
• Parte-hartzaileen arteko elkarrekintza eta elkarrizketa errazten du, ikaskuntza kolaboratiboa eta kolektiboa sustatuz.
• Genero-ikuspegia txertatzen du ikastaroko jarduera, material eta dinamika guztietan.
Nori zuzenduta
Hezkuntza eremuan lan egiten duten profesionalei, irakasle izateko formakuntzan dauden ikasleei edo hezkuntzan zein genero-ikuspegian interesa dutenei.