Euskara Batuaren Zuzentasuna Ipar Euskal Herrian jardunaldia.

Data: 2024ko azaroaren 13a (Asteazkena)
Ordutegia: 14:00-18:00
Izaera: Presentziala
Ordu kopurua: 4
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko urriaren 23a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko azaroaren 12a

Aurkezpena

"Ikuspegi linguistikotik Euskal Herriak ezagutu duen fenomenorik garrantzitsuena da [Euskararen Batasuna]" Xabier Isasiren hitzak dira, 2018ko ''Euskara Batuaren Helduaroa'' jardunaldiaren hasiera saioan esandakoak.

UEUrentzat, eta oro har, unibertsitatearentzat, hizkuntza eredu estandarra ezinbestekoa da. Ezin gauzatu jarduera akademikoa, ezta ikerkuntza edo dibulgazio zientifikoa, hizkuntza eredu normalizaturik gabe, Euskara Baturik gabe, alegia. UEU bera ezinezkoa litzateke hizkuntza estandarrik gabe eta trukean UEUk estandarizazio prozesuan ere lagundu du, ezin ahaztu UEU ezinbesteko erreferentzia izan dela komunitate akademiko zientifiko euskaldunean. Beraz, esan beharrik ez, UEU bere sorreratik bertatik lerratu dela Euskara Batuarekin, 50 urte hauetan bere jarduera guztia (ikastaroak, argitalpenak, komunitate zientifikoaren bilgunea...) estandarraren ereduan egin baititu.

Euskararen zuzentasunean eta euskara batuaren erabileraren inguruko dudazko praktiken inguruko eztabaida ireki zen Ipar Euskal Herriko AEKn 2022/23 ikasturtean. Ikusirik fenomeno hori irakaskuntza eta euskalduntze arloa eta AEK bera ere gainditzen dituela, erakunde horrek UEUri galdegin zion gogoeta lanketa bat bideratzea.

UEUren proposamena izan zen, lehenik diagnostiko lanketa bat abiatzea, sumatzen ziren praktika ez-zuzen horiek konfirmatzeko (ala ezeztatzeko). Horretarako, 2023ko urrian mintegi bat egin zen, euskararen munduko profesional batzuk deitu eta galdera/erantzun dinamizatuen bidez, gogoeta bideratu zen. Lanketa horren ondorioa argia izan zen: Ipar Euskal Herrian Euskara Batuaren erabileraren zuzentasunari buruzko balorazio apala. Beraz, diagnostikoa konfirmatuta. Baina mintegian bigarren pausu bat ere osatu zen: zuzentasun maila hobetzeko proposamenak ere egin ziren, hala nola zuzentasunaren inguruko ezagutza maila hobetzeko alfabetatzea eta prestakuntza iraunkorra bultzatzea, eskura dauden tresnak sozializatu eta erabilera areagotu eta Euskaltzaindiaren erreferentzialtasuna eta ardura berretsi ziren.

Honela, jardunaldi honen bidez, hurrengo urratsa eman nahi da: mintegian egindako diagnostikoa eta aterabiderako proposamenak Ipar Euskal Herriko euskararen munduko profesional, ikerlari, aditu eta arituekin partekatu nahi dira. Helburua horixe baita, diagnostikoa partekatu eta osatu, arlo ezberdinetako profesionalen ekarpenak bildu eta aterabideak zirriborratzen hasi, etorkizunerako balizko lan ildoak eta bideak irudikatuz.

Irakasleak

Nori zuzenduta

Gaian interesa daukan edonori.

Jakintza-arloak