Globalizazioaren ondorenaz eta egokitzapen aroaz.
Aurkezpena
Zientzien eta ekonomiaren gibeletik bigarren mailako lekua luzaro izan eta gero, filosofiak azken urteotan eta, batez ere, 2008az gero (hots, globalizazioaren lehen krisi nagusiaren ostean), berriro ere paper protagonista hartu du zientziak eta ekonomiak jada erabateko erantzunik eman ezin diotelako oraingo aldaketa historiko nagusiari: kapitalismoaren krisiari eta berak eragindako larrialdi ugariei. Berotze globala, ingurune eta gorputzaren pozoitze kimikoa, pandemiak, desiraren merkantilizazio eta digitalizazioak eragindako subjektuaren autonomia galera eta beste hainbat dira egungo kapitalismoaren krisi egoera definitzen duten larrialdi edo fronte nagusiak, baina ugarituz doaz (Gabilondo, Globalizazioaren ondorenaz, Juan San Martin Bekako proiektua).
Jardunaldi honetan, (pos)kapitalismoak aurrean sortutako krisi, larrialdi eta aukerak aztertuko dira, bi atal nagusitan. Lehenengoan, XV. Juan San Martin bekako lanen aurkezpena egingo da, apokalipsi, subjektuaren autonomia eta egia-ostearen hariei helduz. Bigarrenean, talka ekosozialaren ondorengo biziraupenerako taldetasun, topos eta ekintza aukerak hizpide izango dira, natur eta gizarte zientzien begirada ere jasoz, globalizazio ondoko testuinguruaren bideen azterketa aberastu dezagun.
Jardunaldi hau UEUren Filosofia sailak antolatu du.
Irakasleak
- Lorea Agirre Dorronsoro
- Lur Albizu Etxetxipia
- Eduardo Apodaka Ostaikoetxea
- Jokin Bergara Eguren
- Aitziber Sarobe Egiguren
- Mitxelko Uranga Alvarez
Helburuak
- Globalizazioaren ondorena eta gerokoak apokalipsi, subjektuaren autonomia eta egia-ostearen ikuspegitik aztertzea.
- Materialismoa eta kontsumoan oinarritutako ongizatea bilatzen duen gizarte ereduaren mugak eta eraldaketa aukerak aurkeztea.
- Globalizazio-ostearen alderdi esanguratsuenen gainean gogoeta filosofiko, soziologiko eta ekologikoa egitea.
Nori zuzenduta
Filosofian, soziologian, antropologian, politikan edota gizarte zientzietan ikasketadun eta arituei, eta gaian interesa daukatenei.