Ahoskera Laborategia: euskaraz zuzen, egoki eta natural.
Aurkezpena
Euskaltzaindiak 1968an Euskara Batua abiatu eta 1995ean Euskara Batuaren ahoskera zainduari (EBAZ) buruzko araua kaleratu zenetik, bide luzea egin da. Denbora-tarte horretan, euskararen ahoskerari dagokionez, euskarazko telebista, irrati, podcast eta YouTube kanal berriak sortu dira; euskarazko irakaskuntza nagusi da gure inguruan; beste hizkuntzetatik euskararako interpretazioa sendotu da; euskarazko antzezlan eta ikus-entzunezkoetan aktore asko trebatu dira... Baina ahozko euskararen inguruko lanketa berezirik ez da egin, ekarpen teoriko gutxi eta praktikara eramateko saiakera apur batzuk baino ez.
Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatu nahi da laborategi honetan: azentua, intonazioa, euskal doinua, e.a. Honela, ahozko euskararen inguruko lanketa berezia egin nahi da, eta praktikari garrantzi berezia emango zaio.
>>> Ikastaroaren datak: 2023ko maiatzaren 13, 20 eta irailak 23, hiru larunbat.
Ikastaro honek Gasteizko Udalaren dirulaguntza jaso du.
Ikastaro honetan laguntzaile: Euskaltzaindia
Irakasleak
Helburuak
- Euskara estandarraren ahoskera egokia, jatorra eta zuzena jorratzea. Euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzea: azentua, intonazioa, euskal doinua.
- Hitza eta ahotsa lanabes duten profesional euskaldunei oinarri teoriko eta praktiko sendoak eskaintzea.
- Interesa agertzen duen orori bere ahoskera hobetzen laguntzea.
Nori zuzenduta
Hitza lanabes duten profesionalei: hedabide ezberdinetako esatariak, hezkuntza arloko irakasleak, kultur sortzaileak (aktoreak, bikoiztaileak, ipuinkontalariak, bertsolariak, magoak...)...
Orokorrean, bere ahoskera hobetu nahi duen edonori.