Bertsolaritza Genero ikuspegitik.
Aurkezpena
Bertsolaritza asko aldatu da azken urteotan, besteak beste, genero ikuspegiari dagokionez.
Publikoki bertsotan egiten zuen emakumerik ez ezagutzetik emakume bertsolari belaunaldi oso bat plazetan ikustera igaro gara. Eta emakume bertsolariek, plazan lekua hartzeaz gain, begirada feminista ekarri dute bertsotara, bertsolaritzaren sistema berrikusteko premia
agerian jarriz.
Bertsolaritza gizartearen isla izanik, eta aldi berean gizartearen eraldaketarako tresna, interesgarria iruditzen zaigu bertsolaritzaren baitan genero ikuspegitik sortzen diren analisiei, eztabaidei zein proposamenei leku egitea.
Hala, ikastaro honetan, bertsolaritza ikuspegi feminista batetik aztertuko dugu.
Ikastaroaren antolatzaile eta koordinatzaileak: Miren Artetxe, bertsolaria eta Euskal Filologian lizentziatua, eta Ane Labaka, Euskal Gaietan graduatua. Bertsolaria. Irakaslea.
Ikastaro hau Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-ekin elkarlanean antolatu da.
Irakasleak
- Uxue Alberdi Alberdi
- Miren Aranguren Etxarte
- Estibaliz Arotzena Albizu
- Itziar Eizagirre Kerejeta
- Edur Epelde Pagola
- Mari Luz Esteban Galarza
- Karine Etxeberri Goihenetxe
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Oihana Iguaran Barandiaran
- Arantzazu Loidi Garitano
- Maialen Lujanbio Zugasti
- Kristina Mardaras Sedrun
- Elixabete Perez Gaztelu
Helburuak
- Bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea.
- Gaur egungo bertsolaritzaren alor ezberdinak genero perspektibatik aztertzea.
- Bertsolaritzaren baitan perspektiba feministak azaleratzen dituen erronkak identifikatzea.
- Bertsolaritza feminista bateako gakoetan arakatzea.
Metodologia
Bi eguneko ikastaro honetan azalpen teorikoak eta praktikoak uztartuko ditugu hitzaldi, elkarrizketa eta mahai-inguruen bitartez. Bertsolaritzaren eta feminismoaren inguruan lanean edota ikertzen dabiltzan hainbat hizlariren solasaldiak izango ditugu oinarri.
Nori zuzenduta
Ikastaroa bertsolaritzan edota feminismoan, edota euskal kulturgintzan interesa duen edonori zuzendua dago.