Nor gara

IkerGazte kongresua UEUk bi urterik behin antolatzen duen diziplinarteko kongresua da. Euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi-mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea, eta ikerketa horien emaitzak zabaltzea dira bere helburuak.

6. edizioa 2025eko maiatzaren 28tik 30era egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. IkerGazteko edizio bakoitza erronka bat da eta aurtengoari ere pozez ekin diogu gure arteko sareak ehuntzeko konpromisoari eutsiz.

UEUren eta Kongresuko Batzorde Zientifikoaren izenean IkerGazte2025 kongresura gonbidatu nahi zaitugu. Edozein delarik zure ikerketa-eremua, tesia egiten ari bazara, amaitzear bazaude, duela hiruzpalau urte amaitu baduzu... Zatoz! Ikertzaile euskaldunen komunitatearen parte zara. Bilbon ikusiko dugu elkar!

Zer da Ikergazte?

Antolaketa

Kongresuak ohiko kongresu zientifiko baten egitura du: osoko hitzaldiak, komunikazioen aurkezpenak, mahai-inguruak, tailerrak eta saio osagarriak antolatzen ditugu.

Egitarauaren lanketarako zein artikuluen ebaluaziorako 60 kide baino gehiagoz osatutako Batzorde Zientifikoa dago. Horiez gain, artikuluak errebisatuko dituen alor desberdinetako 45 adituk osatutako taldea ere badago.

Batzorde Zientifikoaren osagarri ikertzaile gazteek osatzen duten Batzorde Dinamizatzailea ere badago. Haien zeregina da egitarauari loturiko proposamenak egitea eta kongresuan bertan laguntza teknikoa ematea.

Elkarlana. Unibertsitateak eta ikerketa-taldeak

Ikertzaileen sakabanaketa kontuan harturik ezinbestekoa da unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin elkarlanean aritzea, Euskal Herrian kokatzen direnekin batik bat. Ikerketa-talde laguntzaileek IkerGazteri ematen dioten babesa urtetik urtera handitzen doa, kongresuaren erreferentzialtasuna gero eta handiagoa eginez.

IkerGazteren helburua da unibertsitate guztien parte-hartzea sustatzea. Hori horrela urteroko laguntzaileak dira: UPV/EHU, UPNA/NUP, Deustuko Unibertsitatea, UNED, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea.

Sariak eta argitalpenak

Edizio bakoitzean jakintza-arlo bakoitzean aurkeztu den komunikaziorik onena saritzen da. Baita Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik ematen duen sari berezia ere.

Posterren atalean halaber bi mikroaurkezpenik onenek publikoaren saria jasotzen dute, UEUren ekimenez.

Euskarazko zientzia-produkzioa areagotzeko, jakintza-arlo bakoitzean aurkeztutako artikuluekin ISBN-dun argitalpena osatzen da. Artikulu bakoitza inguma.eus datu-basean eskuratu daiteke, ezagutzaren zabalkundea erraztuz. Gainera, Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan artikulu batzuen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.

Aurreko edizioak

2015ean hasi zuen bere bidea IkerGaztek eta harrekero 700 ikergaztek hartu dute parte bertan. Aurreko edizioei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hemen duzue informazioa.

IkerGazte 2023
Donostia. Kursaal

IkerGazte 2021
Gasteiz. Europa Jauregia

IkerGazte 2019
Baiona. Errobiko campusa

IkerGazte 2017
Iruñea. NUPeko campusa

IkerGazte 2015
Durango. Landakogunea