Uzuri Castelo: "Zaintzak familiaren eta emakumeen ardura nagusia izateari utzi behar dio"
2023ko uztailaren 13a
Uzuri Castelo (Bergara, 1992) Soziologoa eta Gizarte Psikologian doktorea da. Uztaron, UEUren giza eta gizarte-zientzien aldizkarian argitaratu ditu egindako ikerketaren emaitzak: "Mendekotasuna zahartzaroan: epe luzeko zaintzak noren esku?". Harekin izan gara.
Mendekotasuna zahartzaroan ardatz duen arloa ikertu duzu. Nola sortu zen aukera?
Soziologiako ikasketak bukatu eta gero Erakundeen Psikologia eta Esku-hartze Psikosoziala Masterra egin nuen Donostiako UPV/EHUko Psikologia Fakultatean. Arlo horrekiko interesa nuen eta masterreko praktikak Matia institutu gerontologikoan egin nituen. Bertan hasi nintzen zahartzaroaren eta epe luzeko zaintza-ereduen arloan dauden planteamenduak gehiago ezagutzen eta Master Amaierako Lana baliatu nuen gaia ikuspegi psikosozialetik lantzeko. Osasunarekin, generoarekin eta komunitatearekin lotutako gaiak irudikapen sozialen teoriatik aztertzen zituzten Lorena Gil de Montes eta Maider Larrañaga zuzendariekin harremana nuen ordurako eta doktorego-tesirako proiektua lantzen hasi ginen buru-belarri. Duela bost urte tesia aurrera eramateko dirulaguntza eskuratu nuen eta horri esker sortu zen arlo hau ikertzen hasteko aukera.
Gizartean zahartzaroko mendekotasunari buruzko esanahiak ikertzeko, zaintza gertutik bizi izandakoen hitza jaso duzu. Norekin egon zara?
Zaintza-harreman eta praktikekin egunerokoan inplikatuta dauden aktoreek fenomeno hau nola bizi eta ulertzen zuten ezagutzea zen helburua. Horretarako, Gipuzkoako herri batzuetan (Bergara, Oñati, Zumarraga, Oiartzun, Donostia…) etxeko zaintza-zerbitzuetan aritzen diren emakumeekin, zaintzaren esperientzia familiartean bizi izandakoekin eta egoitzetan bizi diren adinekoekin jarri nintzen kontaktuan. Guztira hogeita sei pertsona elkarrizketatu nituen. Ezagutza profesionalean baino areago, zaintzaren esparru informal edo familiarreko ezagutzetan jarri nuen fokua, gaia sozialki nola eztabaidatzen zen aztertzeko.
Zein izan da elkarrizketen dinamika?
Elkarrizketak zazpi etxeko zaintzailerekin, zaintzaren esperientzia zeukaten hamabi senitartekorekin eta egoitza ezberdinetan bizi ziren zortzi adinekorekin egin nituen. Elkarrizketa indibidualak izan ziren eta galderak aurrez prestatutako gida batean oinarritzen ziren, talde bakoitzaren ezaugarrietara egokituta. Lehendabizi, zahartzaroko mendekotasunaz pentsatzean burura zetozkien lau hitzak eta horien azalpena emateko eskatzen nien. Metodo hau asko erabiltzen da sozialki barneratuta dauzkagun esanahiak aztertzeko. Horren ondoren, bestelako galdera batzuk egin nizkien mendekotasun-egoerarekin eta zaintzarekin zeuzkaten bizipen, ikuspegi eta emozioetan sakontzeko. Euskaraz zein gazteleraz aritu ginen eta adostutako lekuetan elkartu ginen (etxeetan, espazio publikoan, egoitzetako zenbait espaziotan…). Oso aberasgarria izan zen esperientzia eta lasai hitz egiteko konfiantza sortzea garrantzitsua izan zen horretarako.
Nola irudikatzen ditugu mendekotasuna eta zahartzaroko zainketak? Zer erakutsi dute emaitzek?
Emaitzek tentsio eta kontraesanez betetako irudikapenen berri ematen dute. Tentsio horiek hiru maila edo dimentsioetan uler daitezke: batetik, maila kulturalean, balio familiarista eta bizimodu indibidualistek talka egiten dute, eta lan-merkatuaren eskakizunak gailentzen dira zaintza-lanen aurrean. Zahartzaroari buruzko ikuspegiei dagokienez ere, aktibo izateari, produktibitateari eta gaztetasunari balio gehiago ematen zaien jendartean bizi gara, eta horrek mendekotasun-egoerak ikusi nahi ez izatea, emozio negatiboekin lotzea eta gizartearentzako traba bezala ulertzea eragiten du. Haurren zaintzarekin alderatuz, zaharren zaintzari loturiko esanahiak bestelakoak dira. Bestetik, zaintzaren antolaketa sozialari eta erakundeei loturiko esanahiak nola eztabaidatzen diren ikus daiteke. Esaterako, zaintza-lanari dagozkionak (emakumeen lan eta gaitasunen naturalizazioari lotuta, baina aldi berean profesionalizatzen eta erakundetzen ari direnak) eta etxeko zaintzari lotutakoak. Gero eta gehiago ari gara barneratzen mendekotasun-egoera areagotzean etxean eta familiaren testuinguruan zaindua izatea ez dela aukera bideragarri bat, baina dauzkagun egoitza-eredu inpertsonalak ere ez dira askotan desiragarriak kontsideratzen. Abandonuarekin eta bazterketarekin lotzen dira oraindik egoitzak, nahiz eta elkarrizketatutako adineko batzuek etxeko baldintzetan baino hobeto bizi zirela ere aipatzen zuten. Azkenik, harreman sozialen dimentsioak garrantzia hartzen du irudikapenetan. Zaintzaren anbibalentzia eta izaera dualak tentsioa sortzen du harremanetan; izan ere, harreman afektibo-familiarrak eta lan-harreman desorekatuak kudeatzen dira senitarteko, zaintzaile eta zainduen artean. Horrekin batera, ez dago argi zein den zaintzailearen rola lan-testuinguru bakoitzean, hau da, eguneroko bizitzako ekintzetan laguntzea (higienea, elikadura, mugikortasuna…) edo babes emozionala eta laguntasuna eskaintzea. Horrek kontraesana eta gaizki ulertua sortzen du harremanen bizipenean.
Irudikapen kolektibo horrek zer ondorio ditu?
Epe luzeko zaintzaren bueltan bizitzen ari garen eztabaida eta eraldaketa soziokulturala agerian uzten du irudikapen kolektibo horrek. Senitartekoek, zaintzaileek eta adinekoek modu gatazkatsuan bizi dituzten prozesuak dira, zaintzaren eguneroko kudeaketa eta erabaki-hartzeak zailtzen dituztenak. Familiek askotan gatazka handiarekin bizi dute arduren banaketa, senitarteko bat egoitzara eramatea edo zaintzaile bat kontratatzea, zaintzaren ardura berengain hartu ezin dutelako edo ez daudelako prest hartzeko. Horri lotuta, kulpa oso presente dagoen emozio bat da, bereziki emakumeengan. Etxeko langileen kasuan, enplegatu eta enplegatzaileen arteko tentsio eta botere-harremanak azaleratzen dira; zaintzaileei askotan "familiako beste bat" izatea eskatzen zaie, eta hori oso lotuta dago lan hauei buruz dauden sinesmen serbilista, klasista eta arrazistekin. Ikuspegi horiek zaintzaileak eskubidedun pertsona gisa ikustea oztopatzen dute bai eta zaintzaileek zainduekiko eta enplegatzaileekiko distantzia jartzeko zailtasuna izatea ere. Adinekoen kasuan, berriz, zainduaren posizioa onartzea zaila izaten da eta norbere autonomia eta buruaskitasuna borrokatu eta defendatzen dute; ez dute besteentzako "zama" bat izan nahi, baina senitarteko eta zaintzaileen maitasuna eta babesa izatea ere eskatzen dute, beraiek bisitatzea eta gertukoak presente izatea. Zaintzarako denborak ez doaz bat lan-merkatuaren antolaketarekin eta norbere bizitzaren espektatibekin.
Aurrera begira, beste aktore batzuk ere kontuan hartu beharko liratekeela diozu. Nortzuk?
Bai. Egindako ikerketa lehen hurbilpen bat izan denez, garrantzitsua litzateke beste aktore batzuen ikuspegi eta posizioak ere kontuan hartzea. Esaterako, erakundeen testuinguruan lanean dabiltzan profesionalekin, lan komunitarioa egiten dutenekin (boluntarioak, bizilagunak, etab.), etxean bizi eta zaintzak behar dituzten adinekoekin, sindikatu eta mugimendu sozialekin… horien ahotsak jasotzeak zaintzari buruzko auzia osotasun eta zehaztasun gehiagorekin aztertzea ekarriko luke. Analisi-mailan ere, posizioen araberako esanahiak aztertzeak informazio gehiago emango luke talde bakoitzaren berezitasunak eta beharrak sakonago identifikatzeko.
Mendekotasuna eta epe luzeko zainketen gaia mahai-gainean dagoen auzia da. Norantz egin behar da lan? Zer lortzeko?
Ez da erraza norabide bat markatzea… lehenik eta behin esango nuke zaintzak familiaren eta emakumeen ardura nagusia izateari utzi behar diola. Horretarako erakunde publikoek eta administrazioek zerbitzu gehiago eta eraginkorragoak bultzatu behar dituzte eta zaindu nahi duten pertsonei baliabide gehiago eman. Gizonezkoek ere ardura gehiago hartzen hasi beharra daukate eta errealitate honekin sentsibilizatu. Gero eta bizi indibidualago eta bakartiagoak dauzkagu eta bizilagunekiko eta gertuan ditugun pertsonekiko konpromisoak sendotzea ere garrantzitsua da babestuko gaituen jendarte kohesionatu bat alboan izan nahi badugu. Mugimendu feministatik aldarrikatzen denaren bidetik, zaintza demokratizatu beharra dago, eta horrek eskatzen du, besteak beste, zaintzaren gaineko aitortza eta erantzunkidetasuna bultzatzea eta zaintzaile zein zainduen eskubideak bermatuko dituzten egiturak bultzatzea. Sozialki bidegabea den zaintza-eredua daukagu, gero eta gehiago migratutako emakumeen bizkar gainean uzten ari garena. Nor arduratzen da zaintzaileen ongizateaz? asko eskatzen zaie (denbora, afektua, trebezia…) baina eskubideetan eta aitortzan gizarte hartzaileek eskaintzen dutena oso eskasa da. Lan hauetan bizitzen den bakardadea, zaurgarritasuna eta sufrimendua handia da.
Bestalde, egun ezagutzen ditugun arretei (etxez etxeko zerbitzuak, prestazioak…) eta egoitzei beste alternatiba bat eman behar zaiela esango nuke, pertsonen behar, burujabetza eta bizi-proiektuekin bat egingo duena eta, aldi berean, guztiontzat ekonomikoki eskuragarria izango dena. Egoitzak ezin dira negozioa izan eta pertsonak ezin dira tailer bateko pieza bezala ulertu; konfiantza emango diguten arretak behar ditugu. Egoitzetako antolaketa, lan-baldintzak eta egiteko moduak aldatzea eskatzen du horrek. Gaur egun, esaterako, badaude etxebizitza kolaboratibo edo co-housing delakoaren iniziatibak, baina normalki gutxiengo batek du horietara sarbidea. Datozen urteetan haziz joango den esparru profesionala izango da zaintzarena, hortaz, langileen formakuntzan inbertitzea eta pribatizazioen gainetik zaintza-sistema publiko posible bat irudikatzea arretak duintzeko eta era justuago batean banatzeko bidea izan daiteke. Zaintza onak eta duinak kostu ekonomiko handia du, eta kostu hori beregain nork hartuko duen dago jokoan. Gainera, asko luzatzen diren prozesuak izaten dira, eta egoera batzuetan pertsonen bizi-kalitatea ere kolokan egoten da. Hortaz, bizitzari eta heriotzari buruz ditugun balio eta erabakien gainean ere sakonago eztabaidatu beharko dugu. Gertuagotik ezagutzen dudan Gipuzkoako errealitatean egitasmo berritzaileak bultzatzen ari dira hain bat herritan; pozgarria da, eta gutxienez agenda politikoan sartu den gaia dela dirudi.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, noski. Euskaraz lan egiten dugun eta gure inguruarekin konprometituta gauden ikertzaileentzako baliabide garrantzitsuak dira Uztaro moduko aldizkariak. Unibertsitateko ikasle eta irakasleentzat, edota interesa duen edozein herritar eta profesionalendako ere aukera bikaina da gai ezberdinen inguruan kalitatezko ikerketak euskaraz irakurri ahal izatea. Ikerketa-mundua nazioarteko aldizkari ospetsuei begira dago eta balio gehiago eman beharko lioke tokiko errealitatean ere ekarpenak egiteari. Euskarazko ikerketa bultzatzeko eta gizarteratzeko erreferentzia garrantzitsuak dira horrelako plataformak.