Unai Lertxundi: "Mikroesferak tumoreetara soilik iristea lortu nahi dugu, gibeleko ehun osasuntsua babestuz"

2023ko irailaren 28a

Unai Lertxundi: "Mikroesferak tumoreetara soilik iristea lortu nahi dugu, gibeleko ehun osasuntsua babestuz"

Unai Lertxundi Ferranek (Tolosa, 1995) Ingeniaritza Mekanikoan gradua egin zuen (Mondragon Unibertsitatea, 2017) eta Ingeniaritza Industrialean masterra (Mondragon Unibertsitatea, 2019). Ingeniaritza Aplikatuan doktoregaia da 2020ko iraila ezkero Universidad de Navarran, Tecnun-en. Haren ikerlerroa Fluidoen Dinamika eta Termodinamika da. UEUkidea da.

Ingeniaritza Mekaniko Industriala ikasi zenuen eta ikerkuntzaren bideari jarraitu zenion gero.

Ingeniaritzarena nahiko bokaziozkoa da nire kasuan, egia esan. Txikitatik ibili naiz buruhausteekin jolasten; nire jostailuek muntaketak egitearekin zerikusia zuten beti (auto telegidatuak, eraikuntzak…), bizikleta nik neuk konpontzen nuen… Ingeniaritza zer zen jakin aurretik argi zegoen bide horri jarraituko niola. Behin ingeniaritza deskubrituta, arlo ezberdinen inguruan informazioa jasotzen hasi nintzen eta nire gustuekin bat zetorrena hau zela iruditu zitzaidan, eta asmatu dudalakoan nago!

Ikerketarena ondoren etorri den gauza izan da, nire bizipen laboralen ondorioz azaltzen joan den bidea izanik. Mondragon Unibertsitateak badu Lan Ikaste Partekatzea deituriko modalitatea, non ikasketak eta lana batera gauzatzen diren (formazio dual antzeko bat). Ni karrerako bigarren mailan hasi nintzen ikasketaz gain lanean eta beti I+G arloetan egon naiz, ikerketari gustua hartuz. Ikerketa-arlo hau erabakitzearena, ordea, irakasle batzuen “errua” da. Badira zoragarriak diren irakasleak. Termodinamika ikasgaiko irakasle den Mounir Bou-Alik arloarekiko maitasuna transmititu zidan eta Jon Ander Esnaolaren laguntzarekin lan-ingurua arlo horretara bideratu nuen. Ondoren, 3 urtez nire mentore izan zen Manex Martinezek erakutsi zidan ikerketa-munduaz eta arlo honetaz guztiz disfrutatzen. Haiei esker nago gaur hemen.

Tecnun-en ari zara tesia egiten, gibeleko minbiziaren tratamenduen inguruan. Nola sortu zen gaia ikertzeko aukera?

Neure buruan banuen tesia egitearen ideia masterra hasterako, eta masterreko bigarren urtea hasterako bagenuen tesi bat Mondragon Unibertsitatean bertan egiteko ideia buruan. Hala ere, urtebete luzez borrokatu ondoren eta hainbat arazoren ondorioz, ez zen posible izan proiektua ixtea. Masterra bukatzean I+G zentro batean lanean hasi nintzen, baina artean ere tesia buruan neukanez, aukera hau aurkitu nuen. Ingeniaritzan nahiko normala da tesi-postuak lan-eskaintza moduan argitaratzea, eta Tecnun-ek tesi hau proposatzen zuela ikusi nuen. Niretzat aukera ezin hobea zen. Nik nahi nuen ikerketa-arloan zen (Fluidoen dinamika konputazionala) eta, gainera, ikerketaren aplikazioa ezin zen hobea eta balio erantsi handiagokoa izan, gibeleko minbizia. Bestalde, nire tutore izango ziren ikertzaileek (Raúl Antón eta Jorge Aramburu) esperientzia handia zuten arloan. Baldintzak ezin hobeak ziren eta, horregatik, zalantzarik gabe lanpostura aurkeztu eta ni aukeratu ninduten posturako.

Erradioenbolizazioaren tratamenduan zentratu zara. Zertan datza erradioenbolizazioa?

Erradioenbolizazioa gibeleko minbizia sendatzeko tratamendu bat da. Bertan, mikroesfera erradioaktiboak zuzenean gibelean injektatzen dira arteria hepatikoaren bitartez. Mikroesfera horiek odol-fluxuarekin batera banatzen dira gibelean zehar eta arteria txikietara iristean bertan blokeatuta geratzen dira. Hori gertatzean tumoreari bi modutan egiten diote eraso. Blokeoak odol-fluxua mozten du, hortaz, tumorea ito egiten da (enbolizazioa), eta, gainera, karga erradioaktiboa dutenez, lokalki erradioaktibitateak ere erasotzen dio tumoreari (erradiazioa). Tratamenduaren abantaila hau da: erradiazioa gorputz osoari eman beharrean, gibelari soilik ematea. Gure helburua da mikroesferak tumoreetara soilik iristea lortzea. era horretan, gibeleko ehun osasuntsua babestuko baikenuke, tumoreak soilik tratatuz, eta tratamenduaren eraginkortasuna areagotuko litzateke.

Nahiko berria da tratamendua, geroz eta erabiliagoa izanik. Gainera, duela urte gutxi arte tratamendu aringarri (edo paliatibo) gisa soilik erabiltzen zen, baina dagoeneko hasia da sendagarri bezala erabiltzen. Tratamendu honetan zentratzeko arrazoiak bi dira. Batetik, tratamendu berria izanik, ikertzeko bide luzea du. Bestalde, esan bezala, Universidad de Navarran nago tesia egiten eta unibertsitateak klinika ere badu (Clínica Universidad de Navarra, CUN). Bigarrenik, bertako medikuek tratamendu hau erabiltzen dute. Hortaz, ikerketa-taldean medikuak eta ingeniariak gaude batera lanean tratamendua hobetzeko.

Tratamendua paziente bakoitzaren odolean nola garraiatzen den aurreikusi nahi duzue. Zer teknika erabili duzue?

Ordenagailu bidezko teknikak erabiltzen ditugu horretarako, fluidoen dinamika konputazionala deituriko teknologia erabiliz (CFD, ingelesezko siglekin). Helburua tratamendua aurreikustea da. Mikroesferak nora joango diren aurreikusteko gai den erreminta konputazionala garatzea lortuz gero, medikuek erabakiak hartzeko erabili ahal izango lukete ebakuntza gauzatu aurretik. Medikuek proba ezberdinak ordenagailuz egin ahal izango lituzkete, baldintza hoberenak bilatuz (mikroesferak non eta nola injektatu, nahi den tokian buka dezaten), eta, ondoren, ebakuntzan baldintza horiek aplikatu.

Zein izan da erronka handiena?

Eredu matematikoa garatzea izaten da erronka nagusia, ordenagailu bidezko teknikek egindako aurreikuspena zuzena izatea horren menpe baitago. Dagoeneko garatua dugu eredu hori eta baita baliozkotua ere, benetako ebakuntza batzuekin alderatua dugu jada gure ereduak ondo aurreikusten duela ziurtatuz. Bestalde, momentu honetako arazo nagusia kalkuluaren iraupena da. Baldintza konkretu bakoitzaren kalkuluak 2 egun irauten du, hortaz, 10 bat egoera ezberdin probatu nahiko bagenitu hauetatik egokiena aukeratzeko, kalkuluak berak 20 egun iraungo luke, eta denbora-tarte handiegia da medikuntzan erabilgarria izateko. Ondorioz, gaurko erronka denbora hori laburtzea da.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Garrantzitsuena eredu matematikoa balioztatzea zen, eta gure aurreikuspenak zuzenak zirela ikustea oso positiboa izan zen. Kalkuluen iraupenen inguruan, dagoeneko garatu ditugu optimizazio-prozesu sakonak ereduan, kalkulu bakoitza 2 egunetik 2-3 ordura murriztea lortuz, emaitzetan zehaztasuna galdu gabe. Hori horrela, beharrezko kalkuluak egun bakarrean egiteko gai gara dagoeneko, medikuntzan aplika daitezkeen denboretan gaudelarik.

Zeintzuk dira hurrengo pausoak?

Kalkuluen iraupena laburtuta, prest geundeke software bat sortzeko. Bertan medikuek paziente bakoitzaren datuak sartuko lituzkete (minbizi-egoera, arteria-sareak…) eta softwareak medikuari baldintza egokienak zein diren azalduko lioke. Horretarako, ordea, lan asko geratzen da oraindik; izan ere, kalkulua bera prozesu osoaren atal bat soilik da eta sail asko geratzen dira oraindik ere automatizatzeko (arteria-sarearen irudi digitala sortzea, adibidez). Software hau garatzen jarraitzea da asmoetako bat. Bestalde, zuzenean medikuekin egiten dugunez lan, egunerokotasunean izaten dituzten zalantza, ezustekoei… erantzunak ematen jarraitzen dugu, ahal dugun neurrian behintzat!

Zer ekarriko luke teknika berri horrek?

Erradioenbolizazio ebakuntza bi ataletan gauzatzen da. Lehenik aurretratamendu bat dago, non erradiazio gabeko mikroesfera gutxi batzuk injektatzen dituen medikuak. Horren helburua da irudi medikoen bitartez mikroesferak nora doazen ikustea, eta kateterraren kokapena ea zuzena den ikusteko erabiltzen da. Bigarren atala medikuak aurretratamendua aztertu eta injekzio-baldintzak zuzenak direla ondorioztatu ostean gauzatzen da. Hau da benetan tumorea erasotzea helburu duen atala, non erradiaziodun mikoresferak injektatzen diren, aurretratamenduari esker haien banaketa nahi dena izango dela jakinik.

Gure softwareak aurretratamendua eragotzi nahi du. Atal hori guztiz ordezka dezakeela pentsatzea, agian, urrutiegi iristea litzateke, baina medikuak lehen aukeraketa hori emaitza batzuetan oinarritu dezake softwareari esker (orain medikuaren ustean soilik oinarritzen da). Horrela, lehenengoan kokapen eta baldintza egokiak izateko aukera asko igoko litzateke, bai pazienteari eta bai medikuari ere ebakuntza erraztuz.

Diziplinarteko garrantzia argi erakusten du zure ikerketak.

Guztiz. Esan bezala ikerketa-taldean ingeniariez gain mediku talde bat ere badugu, non erradiologo interbentzionistak, erradiologo onkologoak, hepatologoak… ere badauden. Ingeniarien artean momentu honetan zenbait ingeniari mota ere bagaude (mekanikoak, biomedikoak…), eta softwarearen garapenerako ingeniari informatikoren bat ere ederki etorriko litzaiguke, bai! Horregatik, gaur egungo edozein arazori aurre egiteko diziplinarteko taldeak beharrezkoak direla argi geratzen da gure kasuan ere.

Txiotesian parte hartu zenuen, baita Ikergazten... Zerk eraginda?

Nire lehen kontaktua IkerGazte2021 kongresuan izan zen. Nire tutore den Jorge Aramburuk ezagutzen zuen ekimena, eta berak bultzatu ninduen bertan parte hartzera. Esperientzia oso aberasgarria izan zen niretzat. Alor profesionalari dagokionez, lehen aldiz nire ikerketa euskaraz egiteko aukera izatea izugarria izan zen. Guk ikerketa guztia ingelesez egiten dugu eta gure hizkuntza erabili ahal izatea eta erabil daitekeela erakusteak satisfazio pertsonal handia dakar. Alor pertsonalari dagokionez ere pozgarria da egindako lanen emaitzak ingurukoei erakutsi ahal izatea, komunikazioak dibulgatiboagoak izanik ulerterrazagoak direlako. Gainera, euskaraz idatzita egonik ingelesa ez dakiten familiakide, adiskideek… ere irakurri eta uler dezakete, behingoz zertan nabilen jabetuz! Lehen esperientzia hori hain positiboa izanik, UEUk antolatzen dituen ekimenetan parte hartzea gutxieneko bat bihurtu da, plazer bat delako eta baita zuen lana baloratu eta ahal den neurrian osatzen laguntzeko ere!

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Bada, oraintxe bertan tesia ixtea. Azken ikasturtean nago dagoeneko eta momentu honetan abian dudan atala itxi nahiko nuke urtarril-otsailerako. Horrek ez du ikerketa bukatzen, inondik inora ere! Lan asko dago oraindik egiteko atal honetan. Proiektuko 3. tesia izango da nirea, eta nire ondoren lanean jarraituko duena ere martxan da jada. Proiektu luzeak dira hauek, tesi bakarrean gauzatzen ez direnak. Dena den, nire atala eginda, proiektua aurreratu dudalakoan nago, gure helburu nagusitik, softwarea garatzetik, jasotakoa baino gertuago utzi dudalarik. Hau eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den!

Jakintza-arloak