Olatz Perez de Viñaspre: "Programatzen ikastean pentsatzeko modu berri bat ikasiko dutela jakin behar dute ikasleek"

2023ko otsailaren 20a

Olatz Perez de Viñaspre: "Programatzen ikastean pentsatzeko modu berri bat ikasiko dutela jakin behar dute ikasleek"

"Programazioa denontzat: Python ikasi praktikaren bidez" ikastaroa emango da online martxoaren 2tik 29ra. Olatz Perez de Viñasprek (Zangotza, 1987) emango du ikastaroa, bera, Informatikan Doktorea da, IXA taldean ikertzailea eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakaslea.

Lanpostu askotan programatzeko gaitasuna eskatzen hasi dira, ez bakarrik informatikariei. Horrek zer dakar?

Alde batetik, gizartean sortu diren beharren isla bat dela esango nuke. Gaur egunean ordenagailua erabiltzen jakitea ez da nahikoa, eta gaitasun berrien beharra agerikoa da. Gaitasun konputazionalak garatzeko beharraz ari gara, eta komenigarria litzateke heziketa arautuan, lehen hezkuntzatik hasita, txertatzen hastea (gaitasun hauek ez dute zertan ordenagailu batekin lan egitea suposatzen, Jolasmatika proiektua dago horren erakusle). Bestetik, lan munduan sartu nahi dutenei erronka berria suposatzen die, eta aldi berean, mundu berri bati ateak irekitzea. Programatzen ikasteak izugarri ahalduntzen zaituela esango nuke, ordenagailuari egin nahi duzuna esaten ikasten baituzu. Azkenik, arrisku bat ere ekartzen du, eta goi mailako adituak ez direnei eskatzen zaienaren mugak ezagutu behar dira. Edonork ikas dezake programatzen ikastaro batzuk eginda, baina gradu oso baten ezagutza ez du ordezkatuko.

Programatzeko Python programazio lengoaiaren oinarrizko erabilera erakustea duzu helburu. Zergatik Python?

Python goi mailako programazio lengoaia bat da, oso sinplea, ahaltsua eta dokumentazio zabala duena. Gaur egunean oso zabalduta dago bere erabilera mundu osoan zehar, eta ez bakarrik informatikarien artean. Oso gomendagarria da programa txikitxoak egiteko, bere sinpletasunagatik eta aldi berean, eskaintzen dituen aurreprogramatutako baliabide guztiengatik.

Zeintzuk dira parte hartzaileek lortuko dituzten oinarrizko ezagutzak? Zer lortzea nahi duzu?

Ikastaroaren amaieran, programazioaren oinarriak ulertzea nahiko nuke. Algoritmo sinpleak diseinatu ahal izatea, eta aldi berean, berauek Python erabiliz programatu ahal izatea. Ikasleek jakin behar dute, programatzen ikastean pentsatzeko modu berri bat ikasiko dutela, beraz, erronka polita izango dute esku artean.

Alde praktikoari garrantzia emango diozu.

Bai, ikastaroa erabat praktikoa izango da. Baliabideak noski eskura emango zaizkie, beti ere adibide eta praktikaren bidez.

Ikasleak momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango du. Zein izango da dinamika?

Bai, ikasleek lan koaderno bat izango dute, zeinetan azalpenak eta ariketak izango dituzten. Gainera, azalpenak osatzeko aurrez grabatutako bideoak ere izango dituzte eskura. Jarraipena egiteko foroa izango dugu baliabide nagusi: oso garrantzitsua eta aberasgarria izango da denontzat besteen zalantzak eta arazoak nola konpontzen diren ikustea. Azkenik, bi saio presentzial izango ditugu, lehenengo egunean, eta astebetera. Esperientziak esaten dit, zuzenekoan ikasleen korapiloak askatzea askoz errazagoa dela, eta frustrazio ugari ekiditen direla. Programatzea azken finean, buru-hausgarriei irtenbidea bilatzea bezalakoa da. Batzuk segituan konpontzen diren bitartean, beste batzuekin nahaste ederra sortuko zaigu. Zuzeneko eta foroari esker, aurrera egiteko modua aurkituko dugu ziur!

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen edonori! Edozein adin, formazio edo testuinguru duenari ere, denak dira ongi etorriak.

Jakintza-arloak