Miren Ibarluzea: "Gernika koadroaren beraren ibilbideei ipini nahi diegu arreta, artistekin eta interesa duen edonorekin solasean"

2023ko irailaren 18a

Miren Ibarluzea: "Gernika koadroaren beraren ibilbideei ipini nahi diegu arreta, artistekin eta interesa duen edonorekin solasean"

"Gernikak: arte bidezko gorpuzteak eta islak" jardunaldia egingo da Eibarko Markeskoa Jauregian urriaren 6an. UPV/EHUko MHLI ikerketa-taldeak eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta Miren Ibarluzea (Mungia, 1984) ari da antolakuntza-taldean. Ibarluzeak, itzulpengintzan, argitaletxeetan eta eskolarako materialgintzan aritu ondoren, Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan izenburuko tesiarekin eskuratu zuen doktoretza 2017an. Batik bat euskal itzulpengintza-ikasketetako ikerketari lotu zaio eta Euskara eta Euskal Kulturako irakasle jardun zuen 2011ko irailetik 2015eko irailera bitartean Frantzian, Michel de Montaigne Bordeaux-3 eta Sorbonne Nouvelle-Paris 3 unibertsitateetan. EHUko irakaslea da, Gasteizko Letren Fakultatean. Harekin izan gara.

Pablo Picassoren Gernika koadroaren inguruan antolatu duzue jardunaldia. Zergatik? Nola sortu zen ideia?

Ikastaro hau Mari Jose Olaziregi buru duen UPV/EHUko MHLI ikerketa-taldearen jardunarekin lotuta dago. Artea eta memoria historikoa uztartzen ditu taldeak, eta bide horretan aztertu ditugu askotariko proiektuetan azken urteotan, adibidez, iragan gatazkatsuaren errepresentazioa euskal literaturan, zentsurak euskal artean, eta batez ere liburugintzan, izandako eragina... etab. Azterketa horiek gizarteratzea eta partekatzea ere bada gure egiteko bat eta, ildo horretan, adibidez, “Memoriartean” izeneko erakusketa-ziklo bat hasi genuen Gernikako Bakearen Museoarekin. Une honetan erakusketa horietako bigarrena dago ikusgai museoan: “Memoriartean 2023 - Euskal Letren Bonbardaketa”. Bide horretan aurrera eginez, une honetan “Gernika(k): trauma historiko baten errepresentazioak, transmedialitatea eta birsemantizazioa” izeneko proiektua dugu esku artean, eta hain zuzen ere Gernika koadroaren beraren ibilbideei ipini nahi diegu arreta, artistekin eta interesa duen edonorekin solasean.

Koadroa memoria sedimentatua dela diozue. Zergatik?

Iragan gatazkatsuko pasarteen memorietan gertatu bezalaxe, pertsonek, belaunaldiek, kulturek, gizarteek... berrirakurri, berrinterpretatu... egiten dute koadroa eta esanahiak elkarren gainean ezartzen dira, geruzak osatuz. Horrexegatik diogu sedimentatua dela. Bada, geruza horien nolakotasunari begiratu nahi diogu.

Zer-nolako eragina izan du Gernikak euskal artisten sorkuntza-prozesuetan? Gaiaren gaineko gogoeta bultzatu nahi duzue.

Koadroa ezagutzen ez duenik ez dela esatera ausartu gaitezke ia, sinbolo bat dela. Bada, hala izanik, pentsatzekoa da sinbolo horrek isla duela artisten iruditegian ez ezik, baita sortze-prozesuan ere. Izan ere, edan dugunetik sortzen dugu, batzuetan nahi gabe ere, eta beste batzuetan aurrekoari bestela begiratzeko. Hala, artista batzuek koadroa berrinterpretatu dute, beste batzuek lan berriak sortu dituzte, baina denek ezagutzen dute lana eta euren gogoetan ere sedimentaturik dago, seguruenik koadroaren oihartzunak daude artisten hitzezko, irudizko, ikus-entzunezko, zein gorputz-adierazpenezko sorkuntza-lanetan... Bakoitzak egindako bidea, bakoitzak egindako interpretazioak... aletu nahi genituzke, artistak elkarrizketan jarririk.

Horretarako arte-diziplina ezberdinetako sortzaileak jarriko dituzue elkarrekin solasean.

Koadroaren gakoak emango dizkigute lehenbizi bi adituk: batetik, ikuspegi antropologikotik arituko zaigu Joseba Zulaika, koadroaren eragin soziologikoaz hitz egin behar digu, hain zuzen ere. Ismael Manterolak, ostera, koadroaren gako artistiko zenbait emango dizkigu. Horiek ezagututa, seguruena, hobeto ulertuko dugu Garbiñe Ubeda idazleak, Joseba Larratxe “Josevisky” irudigileak, Aitor Etxebarria musikariak, Jon Maya koreografo eta dantzariak eta Bego Vicario eta Josu Recalde ikus-entzunezko artistek proposatutakoa. Gure ustez, interesgarria da diziplina guztietako artistek zer partekatzen duten ikustea, bai eta ideia partekatuak nork bere diziplinara zein bere sorkuntza-prozesu propiora nola ekartzen eta bere egiten dituen ikustea.

Jardunaldi parte-hartzailea diseinatu nahi izan duzue.

Berebizikoa da aurretik azaldutako bide hori nork bere esperientziatik kontatzea, baina, halaber, ezinbestekoa da obren hartzaileek ere beren “sedimentuak” azalaraztea, azken finean, nork bere “Gernika”tik interpretatzen duelako Gernikaren berrirakurketa bat, edo iragan gatazkatsuaren iruditegia.

Nori dago zuzenduta?

Artean eta memorian interesa duen edonori zuzenduta dago ikastaroa, artistek esateko dutena entzun nahi duen edonori. Era berean, irakasle dihardutenentzat ere interesgarri izan liteke, sorkuntza-prozesuak geletara eramateko. Artistek ere, noski, izan dezakete interesa, kideekin solastatzeko aukera izango baitute. Egiazki, oso publiko zabalari dago zabalduta, eta hala izatea nahi genuke, gainera.

Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?

Solasgune bat lortu nahi dugu, ikertzaileak, artistak eta obren hartzaileak harremanetan jarriko dituena eta nork bere “Gernika” sortzeko, interpretatzeko, transmititzeko, zabaltzeko... askotariko moduak ezagutu.


Jakintza-arloak