María Napal: "GOI proiektua oso interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zait, eta ilusioa pizten dit unibertsitatetik proiektu horretan parte hartzeak"
2023ko martxoaren 9a
UEUren Talde Eragilean izango da hemendik aurrera María Napal Fraile (Lizarra, 1983). Nafarroako Unibertsitatean Biologia ikasi zuen eta UPV/EHUn doktoretza egin zuen. Gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) lan egiten du magisteritza graduetan eta Bigarren Hezkuntzako Masterrean. 2018. urtetik aurrera UEUko hainbat ikastarotan parte hartu du ikasle zein hizlari bezala.
Zer harreman izan duzu UEUrekin?
UEUko kide gisa, UEUko zenbait ikastaro egin ditut eta Natur Zientzien IV. Topaketan (Itsumustukan) ere parte hartu nuen hizlari gisa. Aurreko hilabeteetan harremanetan hasi ginen berriro, bai zuzendaritza-taldearekin, bai Ines Castiellarekin, Nafarroako talde eragileko aurreko kidearekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko (UPNA) harremanak eta lankidetza sustatzeko helburuarekin. Eta testuinguru horretan animatu ninduen Inesek berak bere lekukoa hartzera talde eragilean.
Talde eragileko kide moduan, zer ekarpen egin dezakezula uste duzu?
Hautagaitza aurkeztean esan nuen bezala, niretzat ohorea da UEUren izen ona eta ibilbidea duen talde bateko kide izatea. Bestalde, GOI proiektua oso interesgarria iruditzen zait, baita beharrezkoa ere, eta ilusioa pizten dit unibertsitatetik proiektu horretan parte hartzeak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) irakasle izateaz aparte, kudeaketan ere egon naiz (saileko idazkaria, Bigarren Hezkuntzako idazkaria, eta eskola-praktiken arduraduna). Hortaz, kudeaketa-karguetan dudan posiziotik uste dut gauzak egin ditzakedala proiektu hau hazteko.
Etorkizunera begira zure ustez zeintzuk dira UEUren erronkak?
Batetik, aldaketa global azkar eta sakonen testuinguruan sortzen ari diren prestakuntza-premia berrietara irekita eta harkor egotea. Bestetik, Nafarroan eta Iparraldean presentzia handiagoa izatea, bai erakundeetan, bai gizartean, bai unibertsitate publikoetan. Eta azkenik, euskarazko unibertsitatea sortzeko proiektuan aurrera egiten jarraitzea, unibertsitate nagusiekin (UPV/EHU eta UPNA) lankidetzan ikastaro arautuen eskaintza sendotuz.