Maddi Alberdi San Martin: "Euskal nazioaz eta nazionalismoaz emakumeek diotena jakin nahi dut"

2024ko abenduaren 2a

Maddi Alberdi San Martin: "Euskal nazioaz eta nazionalismoaz emakumeek diotena jakin nahi dut"

"Feminismoaren eraginak euskal nazionalismoaren diskurtsoan" ekarpenarekin parte hartu zuen Txiotesia lehiaketan Maddi Alberdi San Martinek (Eibar, 1999). Gizarte Langintzako Gradua du eta Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra. Masterra amaituta, gizarte-hezitzaile lanean aritu zen eta, horretan zebilela, doktoretza-tesia egiteko Eusko Jaurlaritzaren beka lortu zuen. 2024ko otsailean hasi zen tesiarekin, Gizartea, Politika eta Kultura Doktorego Programan. Gizarte Langintza eta Soziologia Saileko eta Parte Hartuz ikerketa-taldeko kide ere bada.

Gizarte Langintzako ikasketak egin eta ikerketaren munduan murgildu berri zara. Zergatik Gizarte Langintza? Zergatik ikerketaren bidea?

Gizarte Langintzako Gradua ikasi nuen, Gasteizen. Gradua amaitu berritan, orduan Gizarte Langintzan irakasle zen batek ikasten jarraitzeko gogoa piztu zidan. Baina, zer? Gustuko dut Gizarte Langintza, eta horretan sakontzea aukera ona zela uste nuen, hala ere, garai hartako (Gironatik bueltan (proces independentista pil-pilean), Euskal Herriko giro politikoa zatituta…) herri-mugimenduak eta politika-giroak teorian ere sakontzeko gogoa piztu zidaten. Hori horrela, Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra egin nuen, gogoko nuen zerbaitetan sakontzearren. Masterra amaituta, ez nuen argi zer egin. Lehengo irakasle berak ikerketa-munduan sartzera animatu ninduen eta beka eskatzea pentsatu nuen. Bitartean, gizarte-hezitzaile gisa aritu nintzen lanean, oso gustura! Hala, bigarren deialdian beka eman zidatenean ere, ez nuen batere argi non sartzen ari nintzen. Beti gustatu izan zait ikastea, eta, beraz, aukera aprobetxatzekoa zela iruditu zitzaidan. Eta, horrela gaur arte. “Sobre la marcha” izan dela esango nuke.

Euskal nazionalismoaren diskurtsoan feminismoak duen eragina ikertzen diharduzu. Nola sortu da gaia ikertzeko aukera?

Jakingo duzuenez, ikerketa-prozesuek errusiar mendiak bezala funtzionatzen dute. Nire ikergaiak erebuelta ugari eman ditu hasieratik hona eta gaur egun nazioaren eta generoaren arteko harremanean oinarritzen da. Oro har, aztertu nahi da nola eragiten duen generoak nazioa irudikatzeko eran, naziokideak identifikatzeko orduan, bizipenetan, memorian, helburu politikoetan, parte-hartzean, eta abar. Helburua, beraz, euskal nazionalismoaren bestelako ikuspegi batzuk eskaintzea izango da, genero-identitateen eta nazio-identitateen arteko elkarreraginen inguruan hausnartzeko.

SEH masterrean nazioen eta nazionalismoen inguruan ikasi nuen, besteak beste, eta, hortik dator nire ikergaia. Kontua da, sekula ez zaidala hain intereseko gaia izan nazionalismoena, edo hori uste nuela behintzat. Bestelako gai batzuek erakartzen ninduten, feminismo eta genero-ikasketen alorrekoek: harremanak, monogamia, familia eta abar. Argi nuen, noizbait ikertzeari ekingo banio, hortik ekingo niola. Hala ere, masterrean zehar zer pentsatua eman zidan emakumeen, eta, oro har, genero-disidenteen gabeziak, bai teorian, bai praktikan. Hainbat gai lantzen dira masterrean: ekonomia, nazioarteko harremanak, nazioak eta nazionalismoak, gobernantza, teoria politikoa, komunikazioa, intersekzionalitatea eta abar. Iruditu zitzaidan genero aldetik gabeziak zeudela, bai interes aldetik (klasean 2 emakume ginen), bai eduki aldetik (teoria gehienak gizon europarrenak dira). Euskal nazionalismoaren kasuan, kezkatzen ninduen egoerak, eta hortik sortu zitzaidan ikergaia. Nazioaren eta generoaren arteko harremana aztertzeak interesa piztu zidan, eta, hala, moduren batean, nire momentuko bi interesak elkartu nituen.

Emakumeen diskurtsoak ez direla aintzat hartu diozu.

Nazio eta nazionalismoen ikasketetan ez dira genero-harremanak kontuan hartu. Hori horrela, alde batetik, emakumeen inguruko azterketak oso gutxi dira, eta, bestetik, oso emakume gutxi ari da ikerketa-ildo hau jorratzen. Hori kontuan hartuta, baieztatu dezakegu emakumeen diskurtsoak ez direla kontuan hartu, bai. Oso eremu maskulinizatua da nazioena. Emakumeek parte hartu dutenean, inguru maskulinoetan egin dute. Gainera, emakumeek beti izan dute harreman gatazkatsua diskurtso nazionalistekin, baita erresistentzia edo kolonialismoaren aurkakoekin ere: nazioek emakumeen gorputzak kontrolatu, zelatatu eta erregulatu dituzte beren interesetarako eta nazioaren mantenurako; hori gutxi ez eta emakumeak proiektu nazionalistetan baztertu edo generoaren arabera mugatu izan dira; aurreiritzi eta eraso patriarkalak jaso izan dituzte; borroka nazionalistetan aldarrikapen feministak bigarren planoan gelditu izan dira, eta abar.

Ikerketa-arloari dagokionez, ikertu da emakumeek nazionalismoetan izan duten paperaz, komunitateen erreprodukzioan, kulturaren transmisioan eta nazioen sinbolo gisa izan duten paperaz. Alabaina, gutxi dakigu emakumeek nazioaz eta nazionalismoaz diotenaz, irudikatzen dutenaz, proiektatzen dituzten helburu politikoez, beren diskurtso propioez, eta abar.

Nondik hasi Euskal Herriko diskurtso nazionalistak ikertzen?

Hasteko, kontuan hartu behar da, emakume jaiotzen ez den modu berean, euskaldun ere ez garela jaiotzen; hau da, nazioa eta generoa, biak, gizarte-eraikuntzak dira. Nazioa ez da psike kolektiboan existitzen, ez badute instituzioek, eskolak, elizak, familiaketa abarrek transmititzen. Modu berean emakume izatearen rol sozial eta kulturalekin. Gainera, eraikuntza horiek dinamikoak eta materialak dira: belaunaldien, ezaugarrien (klasea, etnia, erlijioa) eta testuinguruaren arabera baldintzatuak.

Hori oinarri hartuta, Euskal Herrian nazioa ulertzeko modua ere dinamikoa, eraikia eta generizatua dela esan genezake. Euskal Herriaren kasuan nazionalismo ezberdinak egon dira: hastapenetan, Sabino Aranaren ildotik, arrazari lotuta ulertzen zen nazioa, eta, beraz, emakumeen rola komunitatearen erreprodukzioan oinarrituko zela esan genezake; ondoren, bigarren nazionalismoa deritzonean, ETAren sorrerarekin, hizkuntza jarri zen erdigunean, eta, orduan, emakumeen papera kultura eta hizkuntzaren transmisioan ere nabarmendu zen (ikastolak, adibidez); batzuek hirugarren nazionalismo batean gaudela baieztatzen dute, demokrazia-kontzeptuari loturik, eta, beraz, borondatean oinarriturik. Nazionalismo-prozesu horietan emakumeek nazioa nola ulertu eta bizi izan duten jakin nahi da, baita gaur egungo egoera zein den ere.

Elkarrizketak eta talde-eztabaidak sustatzeko asmoa ere baduzu.

Ikerketan teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiltzeko asmoa dut. Uste dut, horrelako gaietan, beharrezkoa dela ikerketa kualitatiboak egitea. Genero-ikuspegitik egiten den ikerketa orotan, datuek informazio asko ezkutatzen dute. Aurretik esan bezala, emakumeek, generizatutako subjektu gisa, nazioa nola ulertzen duten jakin nahi dut: zeintzuk diren haien bizipenak, nola eragin dien identitate nazionalak, nola ulertzen duten proiektu nazionalista, nola irudikatzen duten nazioa eta zeintzuk diren haien helburu politikoak, besteak beste. Gai konplexua da, bazter asko dituena. Horregatik elkarrizketak eta talde-eztabaidak. Gainera, bigarrenen kasuan, gaiaren inguruko hausnarketa eta eztabaidak azaleratzeko aukera eskainiko du, besteen bizipenetatik eta irudikapenetatik, gureak ere identifikatu, ulertu edo gogoratzeko aukera.

Zein da tesiaren hipotesia? Zeintzuk dira ikerketarekin erantzun nahi dituzun galderak?

Orokorrean, esan daiteke genero-eraikuntzako prozesuak gurutzatu egiten direla bestelako identitateen eraikuntzekin, kasu honetan, nazio-identitatearekin. Hori horrela, alde batetik, emakumeek, generizatutako subjektu subalterno gisa ulertuta (eta bestelako gurutzaketak kontuan hartuta: klasea, arraza, adina, etab.), euskal nazioa ulertzeko modu ezberdina izango dutela pentsa genezake. Beraz, hori horrela den, eta, horrela bada, euskal nazionalismoa ulertzeko zer modu dauden ezagutu nahi da. Bestetik, Euskal Herria estaturik gabeko nazioa da, subiranotasuna aldarrikatzen duen nazio zapaldua. Hori kontuan hartuta, euskal nazionalismotik generoa nola ulertzen den, zer rol esleitzen diren, eta abar, jakin nahi da.

Hein batean, euskal mugimendu nazionalistetan emakumeen papera zein izan den jakin nahi dut, nazioa nola ulertu izan duten eta ulertzen duten, eta horretan, feminismoak zein eragin izan duen eta izaten ari den. Esango nuke gaur egun feminismoa diskurtso nazionalista (ber)eraikitzen ari dela. Azken urteetan hainbat ikertzailek euskal gatazkaren irakurketa feminista garatzen dihardute, emakumeen lana aitortzen eta bizipenak kontatzen, besteak beste. Proposatzen dudana beraz, olatu horrekin batera joango den ikerketa bat da, denon artean dagoen hutsune handia betetzen joan gaitezen.

Doktoretza-tesia hasi berri duzu... Zein da orain arteko sentsazioa?

Aurretik ere aipatu dut, baina oro har, errusiar mendi baten antzekoa izaten ari da hasiera. Ni ere nahiko gorabeheratsua naiz, eta horrek ere eragingo zuen, noski. Ikergaiaren inguruan hausnartzen ibili naiz, irakurtzen, helburuak zehazten eta berridazten. Orokorrean, zenbat eta gehiago irakurri edo pentsatu, gero eta argitasun gutxiago egin nahi dudan horretan. Hala ere, banoa pixkanaka erabakiak hartzen eta lanaren nondik norakoak eraikitzen.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Ezagutzen nuen aurretik ere eta oso ariketa dibertigarria iruditzen zait. Zaila, aldi berean. Erronka bat da tesia hain karaktere gutxitan azaltzea (eta are gehiago oraindik zer egin ez dakizunean!). Ikerketak gizarteratzeko eta bestelako ikertzaileen berri izateko modu oso eraginkorra da. Aurtengo maila ikusita, hurrengorako prestatzen has gaitezke jada.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Erronka nagusia tesiaren nondik norakoak zehaztea izango da, ea bake mental pixka bat lortzen dudan. Gainontzean, tesia kolektiboan eraikitako ezagutza izatea nahiko nuke, Euskal Herriko emakume abertzaleek, bakoitzak bere errealitatetik, proiektu nazionalistaren inguruko bizipenak konpartitzea eta euskal nazionalismoa ulertzeko modu ezberdinak mahaigaineratzea. Maila akademikoan dagoen hutsunea ere betetzen joateko balio izatea nahiko nuke.

Jakintza-arloak