"Liburu hau garrantzitsua da, batez ere, software zuzena, kritikoa eta fidagarria sortu nahi dutenentzat"

2016ko urriaren 19a

"Liburu hau garrantzitsua da, batez ere, software zuzena, kritikoa eta fidagarria sortu nahi dutenentzat"

"Programen espezifikazio, egiaztapen eta eratorpen formala" liburua argitaratu dute UPV-EHUk eta UEUk elkarlanean. Javier Alvez Gimenezek, Xabier arregi Iparragirrek, Jose Gaintzarain Ibarmiak, Paqui Lucio Carrascok eta Montse Maritxalar Angladak idatzi dute liburua eta UPV/EHUko Informatika Ingeniaritza Gradu desberdinetan irakasten den Programazioaren Metodologia irakasgaiaren testuliburua da. Hala ere, egileen esanetan beste unibertsitate batzuentzako ikasleentzako zein "zentro teknologikoetan softwarea garatzen aritzen diren profesionalentzat" ere baliagarria da.

Software-industriak zeharo fidagarriak diren aplikazioak garatzera jo behar duela diozue. Posible da hori? Ba al dago akatsik gabeko softwarerik?
Softwarearen industriak aplikazio fidagarriak sortu behar ditu. Ingeniaritzatan gertatzen den bezala ez dugu inoiz %100aren fidagarritasuna (zubi bat fidagarria izan arren, lurrikara baten ondorioz, agian...), baina horrantz joan beharra dugu. Urteak dira metodo formalak erabiltzen direla software fidagarria sortzeko, besteak beste software kritikoa sortzen duten enpresak dira horren adierazle.

Errore sinple batek ondorio larriak ekar litzake?
Bai, bat baino gehiago dira ondorio ekonomikoak eragin dituzten software akatsak. Esaterako, 1999an Mars Climate Orbiter zundaren suntsiketa, Marte planetaren atmosferarekin izandako marruskaduraren ondorioz. Berez, zunda horrek ez zukeen inoiz Marteren atmosfera ukitu behar, baina nabigazio-programaren akats batek ibilbidea aldarazi zion; hain zuzen ere, ibilbidea kalkulatzeko, neurriak sistema metriko hamartarrean jasotzea espero zuen programak, baina lurreko kontrol-sistemak eredu anglosaxoiaren araberako neurriak bidali zizkion.

Metodo matematikoetan dago giltza?
Matematika bizitzaren egunerokotasunean agertzen zaigu uneoro, eta hau beste bat besterik ez da. Software fidagarria diseinatzeko ezinbestekoa da zorroztasun eta doitasun matematikoa.

Bide horretan zein izan da liburu honekin egin nahi izan duzuen ekarpena? Zein da helburua, azken batean?
Liburu honek bi ekarpen nagusi ditu: alde batetik, ezagutzaren transmisioa euskaraz, eta horrek eskatzen duen terminologia zein metodologiaren zehaztapena, eta, beste alde batetik, software zuzena garatzeko behar diren tresna automatikoak maneiatzeko zein ulertzeko behar diren oinarrien transmisioa, azken hauek softwarearen zuzentasun semantikoaz arduratzen direlarik. Softwarean aritzen diren ingeniariak software zuzena garatzeko behar dituzten oinarrizko kontzeptuak zein tresnak ulertzen eta maneiatzen lagunduko dien kalitatezko materiala, eta euskaraz, zabaltzea.

UPV/EHUko Programazioaren Metodologia irakasgaiko testu-liburu legez bakarrik ez, norentzako da erabilgarri?
Liburu hau UPV/EHUn Informatika Ingeniaritza ikasten duten ikasleentzat baliagarri izateaz gain, oinarrizko kontzeptuak azaltzen dituenez, liburua baliagarria da Euskal Herriko beste unibertsitateentzako ikasleentzat ere, baita zentro teknologikoetan softwarea garatzen aritzen diren profesionalentzat ere. Edozein kasutan liburua garrantzitsua da, batez ere, software zuzena, kritikoa eta fidagarria sortu nahi dutenentzat.

Jakintza-arloak