Jon Lopez Corchero: "Behingoz zaintza-lanekin arduratsu jokatu beharko genuke"
2024ko apirilaren 30a
Jon Lopez Corchero (Orereta, 1998) politologoa eta berdintasun-eragilea da. Uztaro aldizkarian argitaratu ditu "Zaintza lehenetsiko bagenu: Errenteriako Zaintza Sare Komunitarioaren azterketa" ikerlanaren nondik norakoak eta berarekin izan gara gaiaz hitz egiteko.
Errenteriako zaintza-sare publiko-komunitarioa aztertu duzu, testuinguru jakin batean. Zeinetan?
Nahiz eta artikulua 2024an argitaratu, landa-lana 2021eko udaberrian burutu zen. Momentu hartan pandemiatik ateratzen ari ginen, baina ondorioak dagoeneko oso presente zeuden. Gainera, Zaintza Sarea harrezkeroztik ez zegoen funtzionamenduan; Udalak sarearen hartzaile zaurgarrienei bakardade ez-hautatua antzeman ostean interbentzioari ekin baitzion. Orduan landa-lana konfinamenduren ostean gauzatu zen, berrogeialdiko esperientziak bildu baziren ere.
Nola sustatu zen sarearen sorrera? Zer beharri erantzuteko?
Zaintza Sarea gorpuztu baino lehen Errenteriako herritarrak antolatu ziren elkarri laguntzeko. Hori guztia antolatze aldera, Udalaren Zuzendaritza eta Partaidetza arloetatik sarea sortu eta lidergoa eramateri ekin zioten. Esan genezake orduan herritik sortutako ekimen bat dela, administrazio publikoaren bultzada jaso zuena. Hasieran behar fisikoei bakarrik erreparatzen zitzaien (adibidez, bizilagun zaurgarrientzako erosketak egitea; hori gero Babes Zibilak egingo zuen), baina sarearen zeregin nagusia herritar zaurgarrienen ongizate psikologikoa bermatzean zetzan; adinekoen bakardade-sentimendua zitala baitzen.
Nolakoa izan zen erantzuna?
Herritarren inplikazioa itzela izan zen, Udalak luzatutako datuen arabera, 600 herritar inguruk parte hartu zuten ekimenean. Horietako gehienak emakumeak; ni neu eta partaideen hirutik bi gizonak ginen arren.
Zer muga izan zituen?
Hiru esparrutatik jaso nituen mugen inguruko esperientziak. Politikari/zinegotziaren aldetik, adibidez, muga nagusia administrazio publikoko ohiko funtzionamenduan sumatu zuten. Hain ezohikoa den egoera batean (pandemia eta berrogeialdi batean, hain zuzen) makineria administratiboak ezin baitzuen lortu haiei gustatuko zitzaiekeen bezala funtzionatzea. Eta horrek zipriztindu zuen partaideen esperientzia bera: "zerrenda pasa eta eskuak garbittu". Era berean "hotza" iruditu zitzaien hartzaileekiko harremana (haiek gauza bera esan zidaten), telematikoa izan baitzen.
Zaintzaren gaia mahai-gainean jarri behar dela erakutsi dute emaitzek.
Pandemiatik lau urte pasa dira eta iruditzen zait zaurgarritasunaren aferak indarra galdu duela. Zaintzaren gaia jada ez dago agenda publikoan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroko greba feminista orokorrarekin zaintzari pisua eta erdigunea eman bazion ere. Nire ikuspuntutik, zaintza-lanek doakoak eta duinak izan beharko lukete, eta horrek bi bide garrantzitsu behar ditu: Zaintza Sistema abian jartzea administrazioen aldetik; eta herritarren inplikazioa eta partaidetza sistema horretan.
Nondik hasi?... Nora iristeko?
Proposatu dudanaren harira, zaintza-lanen duintasuna lortzea ezinbestekoa da. Hori hasteko, zeren ezin baitiogu zaintza-lanen gaiari garrantzirik eman, lan horiek baldintza txarretan baldin badaude; era berean azpimarratzekoa iruditzen zait Denon Bizitzak Erdigunean plataformak egindako lana. Are gehiago, behingoz zaintza-lanekin arduratsu jokatu beharko genuke, alde batetik geure ardura ere badelako eta bestetik zoriontsuagoak izatera helduko garelako.
Garrantzitsuak dira horrelako herri-ekimenak?
Errenteriako esperientziak argi eta garbi erakutsi digu horrelako ekimenak ezinbestekoak direla. Herritarren partaidetzak berebiziko garrantzia izan baitzuen Zaintza Sarean, zeren eta "Udalak bakarrik ezin zuen". Zaintzaren beharra eta, batez ere, besteak zaintzeko gaitasuna da benetan gizaki egiten gaituena. Yayo Herrerok ondo dioen bezala, "inor ezin bada bizi zaindua izan gabe, inor ezin da bizi zaindu gabe" ("si nadie puede vivir sin ser cuidado, nadie puede vivir sin cuidar").