Jokin Beristain: "Ikastetxeetan, ikasleek dituzten barne-min eta gatazka psikoemozionalak zaintzen, osatzen eta kudeatzen irakatsi beharko litzateke"

2023ko ekainaren 5a

Jokin Beristain: "Ikastetxeetan, ikasleek dituzten barne-min eta gatazka psikoemozionalak zaintzen, osatzen eta kudeatzen irakatsi beharko litzateke"

"Osasun mentala sustatzea eskola testuinguruan" ikastaroa antolatu du UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Iruñean egingo da ekainaren 27tik 28ra eta Jokin Beristain (Azkoitia, 1983) izango da irakaslea. Beristainek, Ingeniaritza Industriala ikasi zuen eta ingeniari lanean ari zela Psikoterapia somatikoko ikasketak egin zituen. Ikastaroari buruz gehiago jakiteko elkarrizketatu dugu.

Ikasleen ongizate psikoemozionalean jarri nahi duzu fokua. Zergatik alor horretan?

Ikasleena eta baita irakasleena ere. Pertsonak gorputz baten bizi gara, eta neurozientzian ikus daitekeen moduan, gorputz honen erantzunak eraiki ditugun konexio neuronalen menpe daude. Joe Dispensa neurozientzialariak dioen moduan (1), egoera bati eman diodan erantzun konkretu batek funtzionatu badit, eta funtzionatu didalako errepikatzen jarraitzen badut, ohitura bat sortuko dut. (2) Ohitura batek neuronen arteko konexioak uztartzen ditu, behin eta berriz psikoemozionalki mugimendu-sekuentzia berdina errepikatzen dudalako. (3) Ohitura batek, erabiltzen jarraitzen badut, pertsonalitatea sortzen du. Pertsonalitatean konexio neuronalak ohiturak baino are indartsuagoak eta uztartuagoak dira, eta (4) era indartsuan eraikitako konexio neuronalak askatzea edo eraldatzea oso-oso lan zaila eta luzea da... Kasu askotan urteak behar dira hau aldatzeko. Umeekin askoz errazagoa da eraldaketa helduekin baino, sistema neuronala malguagoa izan ohi delako.

Ikastetxeetara iristen diren ikasleek dagoeneko dinamika eta patroi mental batzuk uztartuta dituzte. Beren etxeetan bizi dituzten egoerei erantzuten ikasi duten moduan uztartuak. Etxe batzuetan, kudeaketa psikoemozioanala organikoa izango da, eta ikasle horiek nahiko ohitura eta pertsonalitate osasuntsuekin iritsiko dira ikasgeletara.

Baina beste etxe batzuetan kudeaketa psikoemozioanala ez da organikoa izan, nahiz eta seme-alabekiko maitasun asko egon. Eta, horrek, ohitura eta pertsonalitate ez-osasuntsuak uztartu dituen ikasle bat ekarriko digu ikasgeletara.

Gero, irakaslea bera dugu, bere bizi-momentu, ohitura eta pertsonalitatearekin. Izan ere, ez dugu ahaztu behar irakaslea ere pertsona dela, eta pertsona bezala lehenaldi bat eta bizitza bat dituela.

Pertsona hauek guztiak ikasgelan elkartzen direnean sortzen den entsalada asko konplikatzen da batzuetan. Baina entsalada horren kudeaketa irakaslearen esku dago. Eta gaur egun dauden ratioekin (uste dut 25 ikasle irakasleko) erronka oso zaila da askotan irakaslearentzat.

Ikastaro honetan, lanak bi noranzko izango ditu. Bata ikasleei begira, non pertsonalitate mota ezberdinen ulermena eta kudeaketa landuko ditugun, ikasgeletako dinamikak ikasleen osasun mentalerantz bideratu ahal izateko. Bestea, norberari begira non irakaslearen pertsonalitateren ulermena eta kudeaketa landuko ditugun, irakasle bakoitzaren erraztasunak eta zailtasunak ezagutzea beharrezkoa baita taldea osasun mentalerantz bideratu ahal izateko.

Zer paper betetzen dute ikastetxeek ikasleen osasun mentalari dagokionez? Eta zein da bete beharko luketena?

Galdera zaila da eta hausnarketa polita. Amets egiten jarrita esango nuke polita litzatekeela ikastetxeetan, bereziki Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, ikasleek dituzten barne-min eta gatazka psikoemozionalak zaintzen, osatzen eta kudeatzen ikastea. Eta horrekin batera, ikasleek osasuntsu harremanak izaten ikastea, baina aurrekoa ongi landu gabe ezinezkoa da.

Horrek eskatzen du irakasleak maila honetan oso landuak egotea, gai hauek ezin dira-eta teoriarekin landu, bizipenetik baino ezin dira landu. Baina hezkuntza publikoan ditugun ratioekin ezinezkoa da. Lanketa pertsonal on batekin eta ongi prestatutako irakasleekin, irakasleko 4 edo 5 ikasle baleude, bereziki Lehen Hezkuntzan, beste zerbait litzateke.

Beraz, amesteari utzi eta errealitateari begiratuz, gaur egungo hezkuntza publikoko irakaslearen lana identifikaziora eta lehen orientaziora mugatuko nuke. Ikasleak duen zailtasuna identifikatu, ikasgelan nola kudeatu jakin ikasgelako entsalada gehiegi oztopa ez dezan eta ikasgelako dinamikak min gehiago egin ez diezaion. Gero ikasleen familiei iritsarazi irakasleak identifikatu duen dinamika "ez-osasuntsu" hau, familian lantzeko erremintak eskaini eta, laguntza gehiago beharko balute, osatze psikoemozionalera dedikatzen diren profesionaletara birbideratu.

Ez dugu ahaztu behar, nahiz eta ikastetxeek indar izugarria duten haurren heziketan, ez dela irakaslearen ardura familietan dauden gatazkak konpontzea. Eta are gutxiago dituzten ikasle-ratioekin.

Ikasgelarako erreminta praktikoak ere landuko dituzue. Zeintzuk?

Bereziki gorputz-psikoterapiatik hartutako ariketak izango dira. Ezin naiz hasi hemen banan-banan esplikatzen zeintzuk izango diren, elkarrizketa baten ordez liburu bat idazten bukatuko nuke eta (kar-kar).

Ikastaro teoriko-praktikoa izango da. Zein izango da egitura?

Ikastaroa kontzeptu teoriko batzuetan oinarrituko da. Kontzeptu horiek lehendabizi ulermenetik landuko ditugu eta gero kontzeptu horietako bakoitza gorputzera eta bizipenera eramango dugu. Bizipenera eramateko erabiliko ditugun dinamikak irakasle bakoitzak bere ikasgelara eraman ahal izango dituen bizipenak izango dira. Modu horretan, bere gorputzean biziko ditu ikasgelara eraman aurretik.

Nori dago zuzenduta?

Berez irakasleei, baina norbere buruaren eta norbere bizitzako harremanetan ezagutza hobea hartu eta harreman osasuntsuak izan nahi dituen edonori dago zuzendua.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Hezkuntzan, materia teorikoetatik haratago, gure gizartearen etorkizuna izango diren ikasleei osasuntsu erlazionatzeko eta haien osatzera bideratuko dituzten giza baliabideak eskaintzea.

Jakintza-arloak