Irantzu Granizo Uribarrena: "Garrantzitsua da hezitzaileok arreta-gabeziaren nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen gaian informatuta egotea"
2024ko irailaren 27a
"Arreta-gabeziaren nahasmendua hiperaktibitatearekin (AGNH) duten pertsonei arreta" ikastaroa emango du UEUrekin Irantzu Granizo Uribarrenak (Altsasu, 2001). Haur Hezkuntza eta PT ikasketak egin ditu NUPen. Gaur egun, Gazteria eta Hezkuntza Sailean lan egiten du eta UNEDen Aniztasunaren inguruko bi urteko masterra ikasten dabil.
Arreta-gabeziaren nahasmendua eta hiperaktibitatearen gaiak jarriko dituzu mahaigainean. Zergatik?
Gaur egun, arreta-gabeziaren nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen gaiak zalantza asko sortzen dituela uste dut, eta horrek, ikastetxe, familia eta eremu sozialetan ere oztopoak sortzen dituela.
Gutako asko hezitzaile garen edo izango garen aldetik, AGNHari buruz informatuta egotea garrantzitsua dela deritzot, diagnostiko goiztiarra ahalbidetzen duelako, estigma murrizten duelako, hezkuntza-laguntza eta laguntza emozionala hobetzen dituelako eta tratamendu egokia errazten duelako. Horri esker, ikasleek hobeto molda dezakete nahasmendua, eta epe luzerako arazoak saihestu, hala nola zailtasun akademikoak edota emozionalak.
Nola lantzen da gaia ikastetxeetan?
Ikastetxeetan, ikasgelan egokitzapenak eginez, laguntza espezializatua emanez, banakako hezkuntza-estrategiak landuz eta osasungintzako familiekin eta profesionalekin lankidetzan arituz lan egiten da, ikasleen ikaskuntza eta portaera hobetzeko.
Hala ere, ikasle bakoitza ezberdina da, hortaz, beharrak ere askotarikoak izan daitezke. Horregatik, gaur egun hezkuntzak duen helburuetako bat hezkuntza indibidualizatua da, zeinean haur indibidualaren beharrak kontuan hartuz, kalitatezko hezkuntza-erantzuna eskaini ahal zaion.
Irakasleentzat aproposak diren tresnak eta erremintak landu nahi dituzu.
Hala da. Lehen aipatu bezala, ikasleen beharrak askotarikoak dira, hortaz hainbat baliabide edota lan-tresnen proposamenak denon artean ezagutu, sortu edo partekatzea interesgarria izan daitekeela uste dut. Modu horretan, ahalik eta profil ezberdin gehiagotara irits gaitezen.
Ikastaro praktikoa da antolatu duzuna. Zein izango da metodologia?
Metodologia parte-hartzailea izango da. Talde-dinamikak eta denon artean ezagutzak eraikitzea da ikastaroak jarraituko duen erritmoa. Oso aberasgarria da euskarri bat izanda, norberak bere hausnarketak egitea eta gainontzekoen hausnarketez hornitzea. Ikastaroa online denez gero, IKTen erabilera ere sustatuko da, batetik, hezkuntza-baliabide gisa erabil daitekeelako, eta, bestetik, ikastaroaren ikasleentzat aberasgarria eta dinamikoa izango delako.
Nori dago zuzenduta?
Hezkuntza-arloan murgilduta dauden pertsonei zuzenduta dago ikastaroa, hau da, irakasle diren edo izango direnei. Hala ere, aipatzekoa da, ikastaroak ez diola soilik hezkuntzako ildoari jarraituko, hortaz, gaiarekiko interesa duen orok parte hartu ahalko du.