Igor Saenz: "Dugun kultura musikal oparoa ikusita, hura zaintzeko, ikasketa propioak behar dira"

2023ko uztailaren 11

Igor Saenz: "Dugun kultura musikal oparoa ikusita, hura zaintzeko, ikasketa propioak behar dira"

Igor Saenz Abarzuza (Iruñea, 1984) Biolontxeloaren Interpretazio eta Pedagogian graduatua da Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Graduondoko interpretazio historikoko ikasketak ESMUCen egin zituen Bruno Cocset eta Emmanuel Balssarekin. Master ikasketak burutu zituen Musika Gaitasunen Garapenean eta doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatutako tesi batekin, Marcos Andrés Vierge-k zuzenduta. Zura Quartet eta Farout Artistic Research ikertzaile- eta sortzaile-taldeetako kidea da, besteak beste. Hainbat aldizkari eta liburu-tan ikerketa-artikulu eta kapituluak idatzi ditu gai hauen inguruan: Pau Casals biolontxelo-jotzailearen interpretatzeko modua, musikako kultura materiagabea, ikerketa artistiko eta performatiboak edota musikako metodologia sortzaileak. Sonograma Magazine aldizkarian "Metamorfosis" zutabea idazten du, eta Scherzo aldizkarirako kritikak ere egiten ditu. Egun, biolontxelo-jotzaile eta irakasle eta ikertzaile dabil lanean Nafarroako Unibertsitate Publikoan. UEUren Uztaro Giza eta Gizarte Zientzien aldizkarian "XXI. mendeko etnomusikologiaren inguruan: folklorismoaren auzia, arloaren ikasketak eta eztabaida" ikerketaren nondik norakoak argitaratu ditu. Harekin izan gara.

Etnomusikologiaren inguruan ikertu duzu. Nola sortu da gaia ikertzeko aukera?

Etnomusikologiara hurbildu naiz ikertzaile eta musikari bezala azkeneko urteetan. Kontserbatorioan, musika klasikoa ikasi nuen, eta gero antzinako musikan egin nuen nire espezialitatea. Musikari profesionalgisa, pixkanaka gero eta enkargu gehiago nituen beste estilo batzuetan, musika modernoan batez ere, eta nire profila handitzen joan zen. Urteekin, nire erroetara begiratzeko kuriositatea sartu zitzaidan, eta horrela hasi nintzen musika tradizionala ikertzen. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Ondare Materiagabearen Katedrarekin elkarlanean, hainbat lan egin ditugu Nafarroako musika tradizionala berreskuratu eta berritzeko. Batera, Historia eta Ondareko Graduan irakaslea naiz eta etnomusikologia irakasten dut. Euskaraz, gutxi dago, horregatik materiala sortzen hasi nintzen, eta hortik dator Uztaro aldizkariak argitaratu didan artikulua.

Folklorea eta folklorismoa, etnomusikologia eta musikologia, elkarren artean nahasten diren terminoak direla diozu. Gairen gaineko auzia mahai gainean dago.

Bai, horrela da. Folkloreari buruz hitz egiten denean, folklorismoarekin nahasten da. Folklorea hauxe da: "kultura tradizionala" deritzonaren azterketara bideratzen den diziplina akademikoa da. Folklorismoa, berriz, folklorea deitzen diogun kultur ondare horren balorazio sozial positiboa duten jarreren multzoa da: horrela, folklorismo komertziala, folklorismo ideologikoa eta folklorismo estetikoa ditugu. Turismoko iragarkietan oso argia da hori: lurralde bateko zenbait tradizio positibo erabiltzen dira, dantzak, jantziak, musika-instrumentuak, janariak, paisaiak, etab. Horrekin ez dut esan nahi folklorea interesgarriagoa denik folklorismoa baino, ezta gutxiago ere, baina ez dira gauza bera. Maurizia Aldeiturriagak folklorea egiten zuela gehiengoak onartzen du, baina argi izan behar dugu, adibidez, Oskorri taldeak edo Kepa Junkerak ez dutela folklorea egiten, haien musika-tradizioaren eraldaketa bat da, berritua, beste hizkuntza eta kode batzuekin. Bestetik, etnomusikologia eta musikologiaren auzia dugu. Brometan esaten da, bi ikertzaileri definizio bat eskatuz gero arlo horien inguruan, hiru ezberdin eta kontrajarriak emango dituztela. Gaia sakona da, baino eztabaida da interesgarriena eta ez ondorioak.

Zehaztu gabeko diziplina izateak zer dakar?

Zientzia bat bezala, eraldatzen doa, eta etnomusikologia, zientzia bat da. Ona da zehaztu gabekoa izatea: etnomusikologo batek musika tradizionala iker dezake, bai, baina metodologia eta ikerketa etnomusikologikoak musikologia tradizionalak hainbeste lantzen ez dituen gaiak ere jorratzen ditu: musika urbanoak (rocka, rap musika, etab.), genero-ikasketak, globalizazioa eta musika, musikaren industria eta abar. Etnomusikologiaren barruan, korronte ezberdinak ere badaude. Ikertzaile batzuk antropologiatik hurbiltzen dira diziplinara, beste batzuk, ikerketa artistikoetatik, soziologiatik, ikasketa kulturaletatik, eta beste hainbat eta hainbat diziplinatatik. Oso irekia da etnomusikologia, onerako.

Etnomusikologiaren profesionalizazioa beharrezkoa dela diozu. Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronka handia da, eta hori da Uztaron argitaratu dudan artikuluan eskatzen dudana. Etnomusikologian sakontzeko, etnomusikologoak behar dira, eta ez dugu Euskal Herrian ikasketarik. Mexikoko kasua oso argia da: konkistak eragin zuen sarraskia dela eta, haien kultura tradizionalak, musika barne, alde batera utzi ziren. Gaur egun, globalizazioaren eraginez, berezko musika asko galtzen daude. Globalizazioak gauza onak ere ekarri ditu, baina “homogeneizazio kulturala” ez da horietako bat. Horregatik, Universidad Nacional Autónoma de Mexico-n, Etnomusikologiako ikasketak daude, Mexikoko ondarea berreskuratu, mantendu, ikertu eguneratu eta berritzeko. Euskal Herrian gure kultura mantendu eta eguneratzeko ahalegin asko egin dira eta egiten dira. Kultura eta tradizioak aldatzen dira, eta hori positiboa da. Baina, adituak behar dira hau ikertzeko, landa-lana egiteko, eta tradizioen mundu zabala gizarteari hurbiltzeko, gizarte guztiari, euskaldunei eta gainerakoei. Etnomusikologoen falta handia dugu.

Euskal Herrian ezin dira etnomusikologiaren ikasketak egin. Zergatik eta nola bultzatu?

Ez dakit zergatik ez diren indar handiagoz bultzatu orain arte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Historia eta Ondareko Graduan bi irakasgairen bi zatitan etnomusikologia lantzen da, eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan, Musikologiako ikasketetan, irakasgaiak dituzte. Hori ez da nahikoa. Gradu bat beharko litzateke, edo Master bat: adituak behar dira! Dugun kultura musikal oparoa ikusita, hura zaintzeko, ikasketa propioak behar dira, eta nire ustez, arrakastatsuak izango lirateke. Diasporatik, lan interesgarriak egiten ari dira, besteak beste, Reno edo Boise-ko unibertsitateetatik, biak AEBn. Oso polita izango litzateke Hegoalde eta Iparraldeko unibertsitateen arteko ikasketa batzuk bultzatzea, adibidez Université de Pau et des Pays de l'Adour, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea bat eginda. Nik, gutxienez, ez dut etsiko eta ate guztietan joko dut. Kanpoko ikertzaile asko hurbildu dira euskal musikara, dugun ondarea ikusita. Hori ongi dago, oso aberasgarria da, baina gure musika ikertzeko ekimena Euskal Herritik bultzatu behar da, altxor bat dugu.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Noski. Euskaraz argitaratzen duten ikerketa-aldizkari gutxi daude, eta musikan, Musiker desagertu zenetik, ez dago leku propiorik. Uztaro aldizkariak musika eta arte performatiboei lekua egin die, baita UEUk ere. Gainera, modu irekian daude artikuluak, denon eskura. Nork daki, beharbada UEU izan daiteke etnomusikologiako ikasketak eskaintzen dituen lehenengo erakundea!

Jakintza-arloak