IEB: komunikazioak bidaltzeko epea zabalik
2024ko irailaren 2a
2024ko azaroak 7an Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB) egingo dugu Donostiako Carlos Santamaria gunean, aurtengoa XIII. edizioa izango delarik. Bigarrenez segidan, Adimen Artifiziala hartuko dugu gai nagusi, baina aurtengo jardunaldiak AA sortzailean jarriko du batez ere fokua, informatikan eta programazioan izan duen eragin sakona aztertuko dugu, bai eta datozen urteetan aurre egin beharreko erronka eta aukera berriak ere.
Azken urteotan, AA-k aldaketa itzela ekarri du informatikaren arlo guztietara. Programazioaren paradigmaren aldaketa, datu analisi aurreratua, automatizazio maila berriak, eta giza-makina elkarrekintza hobetua dira horren adibide aipagarrienak. Baina, horrekin batera, pribatutasuna, segurtasuna eta lan-merkatuaren aldaketa bezalako gai konplexuak agertu dira. Jardunaldian, gai horiei buruzko hainbat adituren hitzaldiak eta ekarpenak entzuteko aukera izango dugu.
Horretaz gain, informatikari euskaldunen bilkura izanik, aipatutako gai horietaz ez ezik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldian.
Komunikazioak
Bi komunikazio-deialdi antolatu ditugu aurtengo IEBra begira: batetik, ohi bezala, informatikari buruzko esperientziak, garapenak eta ekimenak jasoko dituena. Eta, beste aldetik, aurten dei berezia luzatu nahi genieke informatikaren adar ezberdinetan ari diren ikasleei, beren proiektu, gradu amaierako lan eta antzeko egitasmoen berri eman diezaguten. Parte hartu nahi izanez gero, honako hau bidali behar da beheko helbidera:
- Izenburua edo produktuaren izena.
- Egileen izen-deiturak.
- Orrialde beteko laburpen bat (PDF edo testu soila).
- Harremanetarako posta elektronikoa eta telefonoa.
.
- Laburpenak bidaltzeko azken eguna: 2024-10-04.
- Egileei onarpena jakinaraziko zaie: 2024-10-15.
Nora bidali
ieb@ueu.eus