Haritz Azurmendi: "Helburua da gogoeta egitea gizarte-mugimenduen gaur egungo egoeraz, ea nola aldatu den, ea etorkizunera begira zer erronka dauden"

2023ko ekainaren 22a

Haritz Azurmendi: "Helburua da gogoeta egitea gizarte-mugimenduen gaur egungo egoeraz, ea nola aldatu den, ea etorkizunera begira zer erronka dauden"

UEUren Udako Ikastaroek "Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak" jardunaldia hartuko dute gaur Usurbilen. Jakin Fundazioak, Usurbilgo Udalak eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta plaza eskaini nahi du elkarrekin pentsatzeko Euskal Herriko gizarte-mugimenduek gaur egun non, nola, norekin eta zertarako egiten duten borroka. Antolaketa-lanetan aritu da Haritz Azurmendi Arrue (Albiztur, 1991), Filosofian lizentziaduna da eta Gizarte Zientzietan doktorea (UPV/EHU). UEUko Filosofia sailburua izandakoa, Galtzaundi Tolosaldeko Euskara Taldeko eta Jakineko kidea da, baita Joxe Azurmendi Katedraren bultzatzaileetako bat ere.

Zergatik jarri duzue gizarte-mugimenduen gaia mahai-gainean?

Gure ustez, Euskal Herrian badago sare handi bat, gizarte-mugimenduena. Historikoki egon da eta gaur egun ere indartsu jarraitzen du, baina ikusten genuen aldaketa batzuk izan direla gizarte-mugimenduen esparruan, bai nazioarteko mailan bai eta Euskal Herrian bertan ere, globalizazioarekin eta sozializatzeko modu desberdinekin. Horregatik interesgarria iruditu zitzaigun gizarte-mugimenduak gaitzat hartzea eta pentsatzea ea nola ikusten duten aldaketa-prozesu hori, ea nola antolatzen diren gaur egun, etorkizunera begira zer ikusten duten... Horregatik ekarri ditugu aurtengo jardunaldira gizarte-mugimenduak berak gai bezala.

Ikergai bat baino gehiago dago pandemia-garaiak gizarte-mugimenduetan izan zuen eraginaz. Zer ekarri du pandemia-garaiak?

Lau ikerketa-taldek UPV/EHUn egindako ikerketa bat dago jardunaldi hauen oinarrian, eta horien artean ikergaietako bat bazen pandemia bera. Pandemiak nolabait ekarri zuen shock egoera bat gizarte osora eta, beraz, gizarte-mugimenduetara ere bai. Sozializazio-espazio guztiak birrindu zituen, kendu zituen ohitura batzuk gizarte-mugimenduek aprobetxatzen zituztenak bai kalea hartzeko, bai gune bereziak sortu ahal izateko... eta sentsazioa dago pandemia ostean horiek errekuperatzen saiatu direla, baina arrastoa utzi duela. Eta hori da pandemiatik hona galdetu nahi duguna jardunaldi honetan, ea lortu den errekuperatzea kale hori eta lortu baldin bada edo ez, zer gelditu den bidean... eta zer zailtasunekin topatu diren berraktibatzeko gizarte-ehun hori.

Militantziaren gainbehera aipatzen da, baina militantzia dago gainbeheran edo militantzia-ereduak dira aldatu direnak?

Ziur aski bietatik egongo da. Sektorearen arabera posible da, beti gertatzen den bezala, gizarte-mugimenduetan gorabeherak egotea. Baina hori baino fenomeno sakonagoa iruditzen zait egon dela, batez ere feminismotik, halako interpelazio bat militantzia-eredu klasikora, denboraren kudeaketa, nork ematen zuen denbora gizarte-mugimenduetan ekintza politikoan militatzen eta nork ematen zuen denbora gizonezkoek gehienbat militatu zezaten, etxean, zaintzan-lanetan, emakumezkoek gehienbat. Auzitan jarri da ikusi delako badagoela hor generoaren araberako zapalkuntza bat eta hori guztia interpelatu egin da feminismotik. Horrek ekarri zuen gizarte-mugimenduetan ekiteko modu berritu beharreko bat, eta horri tiraka interesgarria iruditu zaigu militantzia-ereduen auzi hori ere gizarte-mugimenduei eurei planteatzea.

Gazteek militatu nahi ez dutela esaten da. Ez dute nahi? Testuingurua aldatu da?

Hor badago alde batetik ofentsiba neoliberal bat gizarte-bizitzaren arlo guztia kontsumotik ulertzeko eta horrek garamatza helburu politikoak edo diru-irabazirik gabeko jarduerak baztertzeko joera nagusitzera, indibidualizazioa nagusitzera. Hor, gazteei esaten zaie, baina gazteez aparte gizarteko beste sektore asko ere despolitizatu dira neurri batean. Baina egia da, baita ere, gizarte-mugimenduen artean gazte-mugimenduak indar handia duela Euskal Herrian, beti izan duela, eta horregatik gustatu zitzaigun begiratzea testuinguru berri horretan nola ari diren gazteak politizatzen, nola ari diren lehendik zetozen gizarte-mugimenduekin harremanak izaten eta nola ari diren borroka politikora batzen.

Jardunaldian hainbat borroka egongo dira presente. Zenbateraino elkareragiten dute? Elkarguneak sortzeko zein zailtasun daude? Eta aukerak?

Guretzat bada hipotesi bat: gizarte-mugimenduek nahiz eta borroka nagusi jakin batzuk eduki, badagoela hor, azpian gurutzatzen diren edo elkarrekin lotzen diren zenbait ardatz, eta ardatz horietatik erantzun dakiokeela justizia sozialaren aldeko borroka unibertsal horri. Erronkak egongo dira, ohitura batzuk daudelako lehentasunak jartzeko borroken artean, edo lan egiteko modu desberdinak daudelako segun tradizioa, segun nondik zatozen... baina hori da lortu nahi genuena horren leku desberdinetatik eta horren mota desberdinetako gizarte-mugimenduetatik etorriko diren kideekin. Jarri nahi genuen profil eta jatorri desberdinetako jendea elkarrekin hizketan, gogoeta dezaten ea posible den elkargune hori, eta posible izateaz aparte, nondik joan daitezkeen etorkizunera begirako erronka horietan batera egin daitezkeen borrokak, eta lotuneak non egon daitezkeen.

Gizarte-mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak zein izan beharko luke?

Hor ere ziur aski ez dago erantzun bakarra. Ikusi beharko litzateke borroka bera, bai alde batean eta bestean egon litezkeen agenteak. Guretzat interesgarria zen adieraztea beti egon dela harreman bat gizarte-mugimenduen eta instituzioen artean, izan txarra, izan ukaziozkoa, edo izan gehiago edo gutxiago lankidetzan jarduten dutenak edo elkarri exijitu egiten diotenak. Horiek ekarri nahi genituen mahai gainera, horiei buruz hitz egin nahi genuen eta mahai gainean jarri udaletan edo instituzioetan zer aldaketa egin beharko liratekeen gizarte-mugimenduekin batera modu orekatuagoan lan egin ahal izateko. Eta alderantziz, gizarte-mugimenduetan ere zer jarrera eta zer bide ikusten diren egoki, lankidetza egin beharko balitz.

Zer da gaurko jardunaldiarekin lortzea gustatuko litzaizukeena?

Jakin-en helburua, honelako jardunaldiak antolatzen dituenean, beti da plaza bat eskaintzea gogoetarako; leku bat eskaini nahi da, gaia edozein dela ere, jende aditua eta aritua batu eta patxadaz gogoeta egin ahal izateko. Aurtengoan gogoeta egitea gizarte-mugimenduen gaur egungo egoeraz, ea nola aldatu den, ea etorkizunera begira zer erronka dauden. Eta helburu konkretua, aterako balira hemendik etorkizunera begirako borroka konpartituak, estrategia konpartituak eta irakaspen batzuk, gogoeta praktiko batzuk, gu kontentu horrekin.



Jakintza-arloak