"Ikasketetan zailtasunak agertzen direnean goazen denon artean haurraren onurarako ados jarri eta ildo beretik lan egitera"

2023ko irailaren 26a

"Ikasketetan zailtasunak agertzen direnean goazen denon artean haurraren onurarako ados jarri eta ildo beretik lan egitera"

"Irakurketa, idazketa eta kalkulua: zailtasunak azaleratzen direnean"online ikastaroa emango dute Maite Redondo Zaballosek (Donostia,1989) eta Amaia Aierbe Pombok (Pasaia, 1994). Redondo, Psikologian lizentziatua da eta masterrak ditu Psikologia ikerketan, Osasun Psikologia Orokorrean eta Ikaskuntzan zailtasun eta hizkuntza-nahasteetan. Aierbe Psikologian graduatua da, Neuropsikologian du masterra eta Irakurketaren ikaskuntza eta haren zailtasunetan graduondokoa. UEUren eskaintzaren barruan antolatu da ikastaroa eta urriaren 2an emango zaio hasiera. Haiekin izan gara.

Ikaskuntza-zailtasun espezifikoak jarriko dituzue mahai gainean. Zeintzuk?

Irakurketarekin, idazketarekin eta matematikekin zerikusia duten zailtasunak. Ikasketa-prozesuetan haurren beste alderdi eta ezaugarri batzuk ere kontuan hartu behar dira, baina ikastaro honetan hiru arlo horietan sakontzen dugu. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo ikasturteetan gaitasun horien oinarriak ezartzen dira, ikasleen etorkizuneko ikasketetarako ezinbestekoak izango direnak.

Nahasmendu hauen gaineko ezagutza falta dago oraindik?

Eskoletan eta gurasoen artean oraindik mitoak eta informazio falta dagoela nabaritzen dugu gure eguneroko lanean. Interneten gai hauen inguruan informazioa asko topatu dezakegu eta guztia ez da zuzena edo ez dago ebidentzia zientifikoan oinarrituta, horregatik ikastaroaren bidez fidagarria den informazioa transmititu nahi dugu.

Horiek detektatzea funtsezkoa da eta horretarako erremintak eskainiko dituzue.

Bai, ikastaroaren helburu nagusiak arlo horietan ager daitezkeen zailtasunak sakon ezagutaraztea da, baita horiek antzemateko tresnak ematea, jarraitu beharreko pausoak azaltzea (nora bideratu, familiarekiko harremanak nola kudeatu...) eta eskolan egin daitezkeen egokitzapenak eta eskain daitezkeen laguntzak argitzea.

Nahasmendu hauek lantzeko elkarlana giltzarria dela diozu. Zergatik?

Ikasketetan zailtasunak agertzen direnean, haurraren inguruan pertsona eta profesional desberdinak egon daitezke lanean. Haurrekin egiten den lan horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko inguruan dauden pertsona guztiek argi izan behar dute haurrarekin ezarri diren helburuak zeintzuk diren, zeri eman behar zaion lehentasuna, etab. Ez dauka zentzurik eskolatik kanpo esku-hartze bat martxan jartzeak, eskolako helburuekin bat ez badator, eta gero eta gutxiago familiak ere bere kabuz beste gauza batzuk egiten baditu. Goazen denon artean haurraren onurarako ados jarri eta ildo beretik lan egitera.

Ikastaroa online eskainiko da. Zein da planteamendua?

Aurkezten ditugun gai batzuk oso teorikoak dira, uste dugulako zailtasunen inguruan aurkitu diren ezagutzak eta teoriak ondo ezagutu behar direla, gero haurrekin lan egiten duten pertsonek oinarri on bat izateko. Praktikari ere garrantzia eman nahi diogu, horregatik zenbait ariketa planteatzen dira, edukiak ondo barneratu diren ziurtatzeko eta ikastaroan zehar kasuen aurrean gaudenean hartu beharko ditugun neurriak praktikan jartzeko. Bestalde, kasu errealak aurkezten ditugu, adibide moduan, zailtasunen ulermenerako oso erabilgarria dela uste dugulako.

Nori dago zuzenduta?

Gai honen inguruan sakondu nahi duen edozein pertsonarentzat baliagarria izan daiteke, baina batez ere zailtasun hauek dituzten haurrekin lan egingo duten profesionalei dago zuzenduta: psikologoak, orientatzaileak, irakasleak,...

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Ikastaroaren bitartez gai hauen inguruan informazio fidagarria transmititu nahi dugu eta profesionalentzat baliagarriak diren baliabideak eskaintzea, beren egunerokotasunean horrelako kasuren batekin topo egiten badute, ekiteko oinarri batzuk finkatuta izan ditzaten.

Jakintza-arloak