Garazi Zabaleta: "Bideoak eduki osagarri bezala erabiltzea onuragarria da, bai ikasle/ikuslearentzat bai irakaslearentzat"

2023ko irailaren 21a

Garazi Zabaleta: "Bideoak eduki osagarri bezala erabiltzea onuragarria da, bai ikasle/ikuslearentzat bai irakaslearentzat"

"Bideogintza hezkuntzan" ikastaroa emango da online UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan. Garazi Zabaleta (Beasain, 1987) izango da irakaslea. Zabaletak, Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua egin zuen ikus-entzunezko espezialitatean (UPNA/NUP) eta baita Musika Konposizioko Gradua (CSMN) eta Pedagogiako Gradua (2016-2019, UNED) ere. Horrez gain, webguneen diseinu eta programazioan masterra (CEI) egina du, soinu teknikari izateko prestakuntza (CEV) eta Flipped Learning ziurtagiria (The flipped classroom), besteak beste.

Hezkuntzarako baliagarriak diren bideoak sortzeko ikastaroa antolatu duzu. Bideoen erabilerak gero eta garrantzi handiagoa du?

Garrantzia baino areago, erabilerak izan duen igoera da aipagarria. Guztiok dakigu zeinen baliagarria den ikasten laguntzen diguten azalpen onak (pedagogikoak) jasotzea… Horiek bideo batean islatzeko gai bagara horrek dituen abantailez probestuz, ikasle/ikuslearen esperientzian eragin nabarmena lortuko dugu. Bideoak eduki osagarri bezala erabiltzea onuragarria da, bai ikasle/ikuslearentzat bai irakaslearentzat.

Bideo-ekoizpenak dituen pausoak, aplikazioak.. zer alor landuko dira ikastaroan?

Arlo pedagogikoari jarriko diogu arreta eta teknikoki gure azalpenak nola jaso ditzakegun aztertuko dugu. Horretarako hainbat baliabide eta tresna ikusiko ditugu. Ideia berdin bat emaitza oso ezberdinetan gorpuztu daiteke, norberak bide horretan bere erosotasuna aurkitzea ere garrantzitsua izango da.

Alor horietaz gain konpetentzia digitalaren markoak jasotzen duen egile-eskubide eta lizentzien inguruko ezagutza ere landuko da. Beste alde hori ere garrantzitsua da.

Noski. Azken hamarkadan erabateko eraldaketa bizitzen ari gara, Internetetik hartzen dugun informazioa eta bertan partekatzen duguna handitu egin da, ia ezinbesteko ekintza bihurtuz. Hori dela eta, sarean jokabide egoki bat bermatzea garrantzitsua da: eskubideak identifikatu eta errespetatzen dituen jarrera izatea, alegia.

Nork bere hezkuntza-testuingururako bideo bat sortzea izango da ikastaroko erronka.

Bai. Buelta asko eman nizkion bere garaian erronkari. Beste erronka mota bat, parte-hartzaile guztiek proposatutako eredu bati jarraitzea litzateke, eta horrek baditu bere abantailak. Gainera, irakaslearen konpetentzia-maila askotarikoa kontuan hartuta, batzuentzat egokiagoa izan daitekeela esango nuke. Baina aldi berean, iruditzen zait, aurrera begiratzen badugu, norberak bere testuinguruari erantzun behar diola eta hasieratik beldur horiei aurre egitea, kasu honetan nire laguntzarekin, ikasketari dagokionez adierazgarriagoa izan daitekeela. Hori ondorioztatu nuen eta erronka mota honek bere zailtasunak baditu ere, errentagarriagoa izateak motibazio gehigarri bat ere eman diezagukeela uste dut.

Online emango den ikastaroa da, zein izango da metodologia?

Ia 8 astez jardungo dugu online bai. Lan-kargaren arabera banatu dira asteko edo bi astez behin egin beharreko zereginak. Saio sinkronoak ere antolatu dira. Presentzialtasuna ordezka ezina izan arren, zuzeneko saioetan elkar hobeto ezagutu eta zalantzak argitzeko modua izango dugu, konfiantzazko giro batean. Gertuko jarraipena egingo da.

Nori dago zuzenduta?

Azalpen-bideoak egiten ikasi nahi duen edonori.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Ikaskuntza atsegina izatea eta norberak konfiantza hartzea mota honetako erronkei erantzuteko. Askotan, denbora-kontuak izaten dira oztopo nagusi, baina kasuan kasu, gure behar eta baliabideen arabera, eman ditzakegun pausoak eta alternatibak garbi izatea lortu nahi dut: ikuspegia zabaltzea alegia.

Jakintza-arloak