Galder Guenaga: “Fluxu-egoeran pertsonak bere arreta osoa helburu errealista batean zentratzen du erabat, gustuko duen jarduera baten bitartez”

2013ko uztailaren 5a

Galder GuenagaGalder Guenagak UEUko Ekonomia Saileko kideak eta Bilboko Enpresa-Zientzien Unibertsitate Eskolako irakasleak (UPV/EHU) eta ueukideak “Lidergoa, emozioak eta fluxua erakundetan” hitzaldia eskaini du.


Ikusi Galderren bideoa.


Galder Guenagak, bere ikerketa-lan batean oinarrituriko “fluxu-egoera” kontzeptua zer den azaldu du hitzaldian. Fluxu-egoera “gure gorputza nahiz burmuina baliotsua eta eskuragaitza den zerbait lortzeko borondatezko ahalegintzen direnean” gertatzen dela esan du.


Fluxu-egoeran pertsonak bere arreta osoa helburu errealista batean zentratzen du erabat, gustuko duen jarduera baten bitartez. Kaosa desagerraraziz (beldurra, antsietatea, estresa…), pertsonak bere indar psikiko guztia bere jardueran aplikatzen du, kontzentrazio handiz. Fluxu-egoera horrek aurrez finkatutako erronka lortzea ahalbideratzen du, produktibitate-, gozamen- eta nortasunaren garapen-maila handiak lortuz. Barne-motibazio itzela lortzen da fluxu-egoeran eta motibazio horrek emaitza apartak ahalbideratzen ditu, produktibitatea hobetzen delarik. Eta gainera, pertsonaren auto errealizazioa sendotzen da ere.


Jendeak orokorrean pentsatzen duenaren kontra “lanean gertatzen da fluxu-esperientziarik gehien”. Hau da, enpresetan. Noski, enpresa hitza zentzu zabalean ulertuta. Edozein proiektu antolatuan, esaterako: eskolan, unibertsitatean, erakunde publikoetan, lantegietan etab. Izan ere, lanean erronkak zehatzak ditugu eta horrek gure arreta fokalizatzen laguntzen digu.


Fluxu-egoeraren ondorioz, auto errealizazioa ahalbidetzen duen enpresa-kultura indartsu bat lortzeko beharra dago eta kultura hori sortzea liderraren eginbeharra dela pentsatzen du Guenagak. Ingurune fisiko, sozial eta emozional jakin bat lortzea, bertan lankideek beren lanaz goza dezaten eta lan eginez beren burua gara dezaten. Baina, liderrak ez du beste guztien gainetik egon behar, ezta ere enpresan gertatzen den dena bere kargu hartu beharrik ere.


Galderrek etorkizuneko erakundearen ezaugarriak zeintzuk izan beharko luketen adierazi du: “piramide itxurakoak barik, energia, emozio eta ideien batasunaren gainean eraikitako egiturak izango dira, eta elkarri besarkaturik dauden eta gurutzen dituzten zereginekin gozatzen duten pertsonek osatuko dituzte”.