"Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak" jardunaldietan izena emateko epea zabalik dago
2024ko irailaren 11a
Urriaren 26an "Euskarazko kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak" jardunaldiak egingo ditugu Azpeitian Ahotseneak, Bertsozale elkarteak, EIEk, EIZIEk, Elkar fundazioak, Euskal Wikilarien elkarteak, Hik Hasik, Jakinek, Lanarteak eta UEUk antolatuta.
Kultur Sorkuntzaren Transmisioa ekimenak euskarazko kulturgintzaren transmisioari buruzko 3. jardunaldiak antolatu ditu. Ekimenaren helburua, euskarazko kulturgintzaren transmisioa bere osotasunean aztertu eta kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiekin elkarlanean transmisioa bermatuko duten neurri eraginkorrak proposatu eta adostea da.
2021eko bigarren jardunaldietan, hezkuntza araututik kanpo euskarazko kulturgintza nola transmititzen dugun hausnartu genuen. 2024ko hirugarren jardunaldiotan, hedabideek euskarazko kulturgintzaren transmisioan nola eragiten duten eta nola eragin dezaketen aztertuko dugu, baita euskaraz sortzen dutenek hedabideetan duten presentziaz ere.