Arantza Aldezabal: "Niretzat UEU garapen-gune eta inspirazio-iturri izan da, bai eta gogoetarako, lanerako eta gozamenerako esparrua ere"

2023ko martxoaren 7a

Arantza Aldezabal: "Niretzat UEU garapen-gune eta inspirazio-iturri izan da, bai eta gogoetarako, lanerako eta gozamenerako esparrua ere"

UEUren Talde Eragilean izango da hemendik aurrera Arantza Aldezabal Roteta (Pasai Antxo, 1967). Biologia Zientzietan doktorea da Aldezabal eta UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea. UEUn lehendabiziko hitzaldia azken urteko ikaslea zela eman zuen. Hortik aurrera, ikastaroen eta mendi-irteeren antolaketan parte hartu du, bai eta Natur Zientzien Topaketetan eta IkerGazte Kongresuko Batzorde Zientifikoetan ere.

Zer harreman izan duzu UEUrekin?

UEUrekiko harremana ikasle garaitik izan dut, 5. mailako ikasle nintzelarik eman nuen nire lehen hitzaldia UEUko Udako Ikastaroetan Larraonan. Hortik aurrera, Natur Zientzietako Sailean, ikastaroen eta mendi-irteeren antolaketan parte hartu dut, bai eta Natur Zientzien Topaketetan (hizlari gisa edota gogoeta-saioen antolatzaile gisa) eta IkerGazten (2019, 2021 eta 2023ko Batzorde Zientifikoetan) ere. Niretzat UEU garapen-gune eta inspirazio-iturri izan da, bai eta gogoetarako, lanerako eta gozamenerako esparrua ere, eta nola ez, “konplize”, adiskide eta lagun minak egiteko topagune paregabea.

Talde Eragileko kide moduan, zer ekarpen egin dezakezula uste duzu?

UEU euskara eta unibertsitatea uztartzen dituen proiektu agorrezina da, dagoeneko mende erdiz martxan dagoena, etenik gabe, eta urteak pasa ahala, egoera berrietara egokitzen asmatu duena. Une honetan nik potentzial ikaragarria ikusten diot UEUri, pausoz pauso, urrats handiak ematen ari dena, erakunde desberdinekin hitzarmenak berritzen, dibertsifikatzen, komunitate zientifiko euskalduna saretzen. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile gisa, nire esperientzia baliatu nahi dut sare hori sendotzeko, hedatzeko eta dinamizatzeko.

Etorkizunera begira zure ustez zeintzuk dira UEUren erronkak?

Alde batetik, jarduera akademikoari dagokionez, Goi-mailako Online Institutuari esker, Graduondoko irakaskuntza-eskaintza zabaltzea eta egonkortzea, eta bestetik, diziplina anitzeko ikerketa-gune bilakatzea. Sailak beti izan dira UEUren motore, eta orain aukera dugu bide berriak jorratzeko eta diziplina arteko elkarlana sustatzeko. “Sare magikoa” ehuntzen jarraitzeko osagai ezin hobeak ditugu: lan-talde eta lan-giro bikaina, arduraz, ilusioz, gogoz eta kemenez gainezka. Orain tresnak eta baliabideak lortu behar ditugu erronka hauek guztiak modu bideragarrian eta arrakastaz gauzatzeko.

Jakintza-arloak