Ander Altuna Gabiola: "Eragile askok sekulako ekarpena egin dute euskararen corpus-plangintza gauzatzeko"

2024ko martxoaren 7a

Ander Altuna Gabiola: "Eragile askok sekulako ekarpena egin dute euskararen corpus-plangintza gauzatzeko"

"Euskarazko komunikazio akademiko egokia: euskara idatziaren zuzentasuna" ikastaroa emango du martxoan Ander Altuna Gabiolak (Bilbo,1964) UEUren Ikasgela Birtualetik. Euskal Filologiako (UPV/EHU) ikasketak ditu berak eta egun, UEUko argitalpenen hizkuntza-zuzentzailea da. Ikastaroaren gainean hitz egiteko izan gara berarekin.

Arlo akademikoan sortzen diren idatzizko testuetan jarriko duzu fokua. Zergatik?

Arlo akademikoko testuek ezaugarri bereziak dituzte. Testu mota horiek badituzte berezitasun batzuk, besteak beste, hizkuntzaren kode estandarra eta estilo zaindua erabili ohi dute.

Gurean, euskara batuak ekarri du estandarra, eta, beraz, komunikazio zientifikoan sortzen diren testuen zuzentasuna bermatzeko Euskaltzaindiak eman dituen arauak, gomendioak eta irizpenak (morfologiakoak, sintaxikoak, ortografikoak, onomastikoak, hiztegikoak) aplikatu behar dira.

Komunikazio zientifikoak zuzenak, egokiak eta komunikatiboak izateko gakoak emango dituzu. Nola lortu?

Bai, horretan saiatuko gara. Zuzentasunari dagokionez, esan dudan bezala, euskara batu estandarra da erreferentzia, eta horretarako Euskaltzaindiaren arauak, gomendioak eta irizpenak landuko ditugu.

Horrez gain, lexiko egokia (dagokion mailakoa) bermatzea eta terminologia zaintzea (komunitate zientifikoan adostutako terminoak erabiltzea) ere garrantzitsua da honelako testuak sortzeko prozesuan. Bai eta euskara tekniko-zientifikoaren bere-berezkoak dituen baliabideak ondo erabiltzea ere, hala nola hitz elkartuak, laburtzapenak, sinboloak, magnitudeak... egoki idaztekoak.

Azkenik, testu komunikatiboak testu ulergarriak dira, irakurri ahala eragozpenik gabe ulertzen ditugunak. Horretarako, hainbat estilo-zuzenketa ulergarritasunaren mesederako izan daitezke (aditza gehiegi ez atzeratzea, aditza aurreratzea, zenbait kalko desegoki saihestea...).

Zein izango da ikastaroaren dinamika?

Batez ere, azalpen laburrak eta ariketak egingo ditugu, eta lan akademikoen ezaugarriak aintzat hartuta, euskarazko komunikazio akademikoan euskara idatziaren zuzentasuna bermatzeko gako batzuk ikasiko ditugu.

Nori dago zuzenduta?

Ikertzaileei, doktore-tesia egiten ari direnei, irakasleei, ikasleei...

Nabarmentzeko zerbait?

Gaur egun eskura ditugun baliabideak nabarmenduko nituzke: hiztegiak, datu-baseak, estilo-liburuak, itzulpenak egiteko tresnak, zuzentzaileak, kontsultaguneak... urte askoan eragile askok sekulako ekarpena egin dute euskararen corpus-plangintza gauzatzeko eta horrek euskararen estandarizazioa (ortografia, fonetika, fonologia, gramatika eta lexikoa) eta modernizazioa (terminologia berezituetan, esaterako) ekarri du.

Jakintza-arloak