Aitzol Astigarraga Pagoaga: "Momentu ona da teknologiak hezkuntzan daukan lekuaz eta izan beharko lukeenaz gogoeta egiteko"

2024ko urtarrilaren 26a

Aitzol Astigarraga Pagoaga: "Momentu ona da teknologiak hezkuntzan daukan lekuaz eta izan beharko lukeenaz gogoeta egiteko"

Teknopedagogia tailerra: Teknologia digitalen erabilera ikas-irakaskuntza prozesuetan ikastaroa antolatu dute lankidetzan UEUk eta GOI-Goimailako Online Institutuak. Aitzol Astigarraga Pagoaga (Mutriku, 1976) izango da irakasleetako bat eta berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko. Astigarraga, Informatikako ingeniaria da UPV/EHUn eta 2017an doktore-titulua eskuratu zuen unibertsitate berean robot bertsolarien gaiaren inguruan. UEUren GOI Institutuko Irakaskuntza Masterreko zuzendaria da, bai eta UEUko Informatika Saileko sailburua.

Zein da gaur egun teknologiek hezkuntzan betetzen duten egitekoa?. Mahaigainean jarri nahi duzue gaia. Zergatik?

Badira urte batzuk, dezente dagoeneko, teknologia digitalak hezkuntzan aplikatzen direla. COVID19aren garaian, egoerak hala beharturik eta egun batetik bestera, ezinbesteko bihurtu ziren online irakaskuntzarako tresnak eta metodologiak, eta orain, olatua pasa ostean, momentu ona da teknologiak hezkuntzan daukan lekuaz eta izan beharko lukeenaz gogoeta egiteko. Urte batzuetan digitalizazioaren aldeko apustu itsua ere egon da, azpiegituretan eta tresnetan oinarritutakoa, baina badakigu teknologiak ez duela berez hobekuntza pedagogikorik ekarriko. Alderantzizkoa ere sumatzen hasiak gara, pantailekiko gehiegizko esposizioa eta horri lotutako arazoak. Beraz, mahai gainean jarri nahi dugun gaia da nola aplikatu teknologia digitalak pedagogiaren mesedetan, ertz ezberdinetatik aztertuta.

Nola aplikatu teknologia horiek ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuen mesedetan? Horren gaineko gakoak emango dituzue.

Hori da, bai. Formula magikorik gabe eta ikuspuntu kritiko batetik honako gai hauek landuko ditugu: konpetentzia digitalak, software librea, eraldaketa digitala eta adimen artifiziala, pentsaera konputazionala eta, azkenik, diseinu didaktiko digitala.

Hainbat irakaslek koordinatuko duzue ikastaroa. Zein izango da metodologia?

5 gai landuko ditugu 5 astetan eta gai bakoitzak bere irakaslea izango du. Gai gehienen abiapuntua bideokonferentzia gisa eskainitako webinarra izango da eta ondoren gaian sakontzeko eta iritziak konpartitzeko jarduera ezberdinak egingo ditugu.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaroa diseinatzerakoan bigarren hezkuntzako irakasleak eta irakaslegaiak izan ditugu gogoan, baina hezkuntza eta digitalizazioari buruz interesa daukan edozeinentzako modukoa da.

Zer lortu nahi duzue ikastaroarekin?

Ikastaro laburra da, 25 ordukoa, eta bere eragin-ahamena ere mugatua. Teknologia digitalek hezkuntzan betetzen duten paperaz ikuspegi kritikoa zabaldu nahi genuke, gogoeta eragin, baina era berean, gako praktiko batzuk eskaini ere bai, zer eta nola egin daitekeen.

Jakintza-arloak