Aitor Bengoetxea Alkorta: “Euskal Herriak behar du ikuspegi nazionala duen eta bere jardunean euskarak zentralitatea duen unibertsitatea”

2023ko otsailaren 27a

Aitor Bengoetxea Alkorta: “Euskal Herriak behar du ikuspegi nazionala duen eta bere jardunean euskarak zentralitatea duen unibertsitatea”

Kepa Sarasolari erreleboa hartuko diozu Udako Ikastaroen 50. urteurrenaren ondotik. Zer nolako UEU topatu duzu?

Azken urte honetan UEUko zuzendaritzan ikusi dudanaren arabera, bizirik eta gogotsu.

Aurretik ere ardurak hartutakoa zara UEUn, baina nola hartu duzu zuzendariaren izendapena?

Ohorea bat da niretzat, UEU erakunde ilusionagarria eta komunitarioa delako.

Zein ekarpen egingo diozula uste duzu erakundeari?

Gogotsu eta ilusioarekin lan egitera nator eta ekarpena baliagarria izateko, belarriprest eta ahobizi izango naiz.

UEU zergatik da beharrezkoa?

Euskal Herriak, bere existentzia bera auzian egonda, behar duelako ikuspegi nazionala duen eta bere jardunean euskarak zentralitatea duen unibertsitatea.

Zuretzat zer da UEU?

Euskal Unibertsitatearen aldeko komunitateak bizirik mantentzen duen proiektua.

50 urte eta gero, zeintzuk dira zure ustez une honetan UEUk dituen erronkak?

Euskal komunitate zientifikoa saretu eta trinkotzea, komunitate horretako kide edo pertenentzia sentsazioa indartuz, aniztasunetik abiatuta. Bide horren ortzimugan, Euskal Unibertsitatea dago. XXI. Mendean egonik, online Euskal Unibertsitate proiektua garatu eta gauzatzea da beste erronka garrantzitsuenetako bat.