Adrian Bozal-Leorri: "Gari berri hauekin nitrifikazioaren ondoriozko kutsadura murriztuko litzateke "
2023ko ekainaren 13a
Adrian Bozal-Leorrik (Basauri, 1994) Biologiako Gradua egin zuen UPV/EHUn. Ondoren, Bioteknologiako Masterra egin zuen Kordobako Unibertsitatean ( UCO) eta Ingurumen-agrobiologian doktorea da (UPV/EHU, UPNA/NUP). Gaur egun, Margarita Salas doktoratu ondoko kontratu batekin ari da garien onurak ikasten.
Biologia ikasi zenuen eta ikerketaren bidea hartu zenuen gero.
Betidanik jakin dut nire etorkizuna BioZientziei lotuta zegoela. Hasiera batean, Medikuntza ikasi nahi nuen, baina Batxilergoan Biologiako irakasle ezin hobea izan nuen eta ikasgaia are gehiago gustatzea egin zuen; beraz, Biologiako Gradua egitea erabaki nuen. Karrerako lehenengo urtetik oso argi izan nuen ikerkuntzan aritu nahi nuela. Txikitatik oso jakinguratsua izan naiz eta nire inguruan gertatzen denaren zergatia jakitea gustatzen zait; hortaz, esan genezake nire etorkizuna argi zegoela.
UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldean ari zara ikerketa egiten. Nola sortu zen aukera?
Dena 2015ean hasi zen, graduko 3. mailan nengoela. Landare Fisiologia ikasgaia jasotzen ari nintzen eta ikaragarria zela iruditu zitzaidan. Laborategi baten bila nenbilen, barne-ikasle gisa sartzeko asmoz. Beraz, sail horretako ikerketa-laborategira joan nintzen, eta han, Carmen González-Murua doktoreak nitaz fidatzea erabaki zuen, eta urtebete eman nuen haiekin lanean. Gero, bertan ikusi eta izugarri gustatu zitzaidan gai bati buruzko GRALa egin nuen. Hala, argi izan nuen tesia ere talde horretan egin nahi nuela.
Nekazaritza-lurzoruko organismo nitrifikatzaileek sortzen dituzten kalteak nola ekidin ikertzen zabiltza. Zer organismo dira horiek?
Organismo nitrifikatzaileak mikroorganismo batzuk dira, arkeoak zein bakterioak izan daitezkeenak. Nekazaritza-lurretan bizi dira, eta ongarrien nitrogenoa erabiltzen dute euren nutriziorako; hau da, amonioa xurgatzen dute (laboreak hazteko oso beharrezkoa da) eta nitrato bihurtzen dute.
Sortzen duten nitratoa kutsakorra da?
Ez zehazki, nitratoa nitrogeno-iturri bat baita eta landareek elikatzeko ere erabiltzen dute. Kutsatzen duena nitratoarekin lurrean geroago gertatzen dena da. Nitrato-molekula negatiboa da eta lurzoru gehienek karga negatibo asko dituzte; beraz, lurzoruak ezin du atxiki eta lurpeko uretarantz galtzen da. Bertan, eutrofizazio izeneko prozesua suertatzen da, eta, horren ondorioz, oxigeno guztia kontsumitzen duten algak kontrolik gabe hazten dira. Hori dela eta, gainerako organismo bizidunak itotzen dira. Bestalde, isurtzen ez den nitratoa, hau da, lurzoruan mantentzen dena, beste mikroorganismo batzuek desnitrifikatu egiten dute. Desnitrifikazioaren produktuak nitrogeno-gasak dira, eta gas horiek ozono-geruza suntsitzeko ahalmena dute eta berotegi-efektua ere areagotzen dute.
Nekazaritzako ongarrien eraginkortasunean ere eragiten du?
Noski, erabat. Nitratoaren arazoaren konponbidea amonioa nitrogeno-iturri gisa erabiltzea da. Azaldu beharra dago amonio-molekula positiboa dela, beraz, lurrean atxikita geratzen da eta landareek aprobetxa dezakete. Hala ere, mikroorganismo nitrifikatzaileek erabiltzen badute eta nitratoa sortzen badute, arazo berera itzuliko gara. Gainera, horrek guztiak lurzorutik nitrogenoa galtzea eragiten du, beraz, ongarrien eraginkortasuna murrizten da.
Eragin kaltegarriei aurre egiteko gari mota berriak sortu dira. Zer berezitasun dute?
Duela hamarkada gutxitatik, ikusi da landare batzuk gai direla euren sustraietatik nitrifikatzaileen hazkuntza inhibitzeko konposatuak askatzeko. Tamalez, labore modernoek ez dute ahalmen hori. Gari horien berezitasuna da, gari-barietate basati batekin gurutzatuta, berriro ere lurzoruko mikroorganismo nitrifikatzaileak biologikoki inhibitzen dituzten molekulak askatzeko gaitasuna izatea lortu dela. Horrela, gari laborea gai da lurrean amonio gehiago mantentzeko eta nitrifikazioaren ondoriozko kutsadura murrizteko.
Nitrogenoa lurrean denbora gehiago mantentzea eta kutsadura murriztea. Hori zen gari espezie berriek lortu beharrekoa. Zer erakutsi dute emaitzek?
Ikerketek frogatzen dute gari berri hauek gai direla amonio gehiago lurrean luzaroan mantentzeko. Nitratoaren eraketa murrizten dute eta, horren ondorioz, lurzoruak nitrogeno oxido gutxiago isurtzen du. Gainera, nitrogeno gehiago xurgatzeko gai direla eta hostoetan aminoazido gehiago dituztela ikusi da. Horrek gari-irinaren kalitate okintzailea handitzea dakar; zenbat eta aminoazido gehiago izan, orduan eta kalitate hobea. Azkenik, frogatu da gaitasun horrek ez diola laborearen errendimenduari eragiten; izan ere, ez zen alderik egon ahalmen hori duten eta ez duten garien artean.
Gari mota berri hauek komertzializatzeak zer ekarriko luke?
Alde batetik, nitrifikazioaren ondoriozko kutsadura murriztuko litzateke. Nitrato gutxiago sortzen denez, nitratoaren lixibiazioagatik zaurgarriak diren eremuetan erabil daitezke, ingurumenari eragin gabe. Gainera, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko lirateke. Bestalde, nitrogenoa hobeto aprobetxatzen denez, lurzoruan galtzen ez delako, nekazaritzan erabiltzen den ongarri-kantitatea murriztu daiteke. Horrela, ongarri-eskasiaren baldintzapean egonez gero, bai prezioagatik, bai eskuratzeko zailtasunagatik, nekazariek aukera izan dezakete gari oso produktiboa izateko, ongarri-kantitate handien menpe egon barik.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Egia esan, asko gustatu zaidan esperientzia izan da. Pertsonalki, oso zaila iruditu zitzaidan tesi oso bat 6 txiotara soilik murriztea, baina lortutakoa polita izan zen. Zergatik hartu nuen parte? Uste dudalako zientzia-dibulgazioa oso garrantzitsua dela guztion bizitzan, eta gainera, euskaraz egitea ideia paregabea iruditu zitzaidan.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Gaur egun, Margarita Salas doktoratu ondoko kontratu bat daukat, eta garien onurak ikasten jarraitzen dut. Aurton, esperimentu bat hasiko dut ea nola jokatuko luketen gari horiek aldaketa klimatikoko baldintzetan aztertzeko, adibidez CO2 atmosferikoaren kontzentrazioaren gorakadarekin.