Euskal emakumeen historia osatzen.

Aurkezpena
Ikastaro honi 14 ordutako Balio Akademikoa aitortuko zaio.
Ohiko historiografian emakumeak ez dira ikerketa objektu gisa aztertu. Ohikoa da historiaren azterketa gizonaren ikuspuntuan oinarritzea. Horrela, aintzat hartzen da emakumeen iragana gizonezkoenak bereganatzen duela eta, aldi berean, azken hau dela guztion errealitatea islatzen duena.
Baina, XX. mendean zehar, joera honen kontrako lan historiografiko esanguratsu eta interesgarri asko agertu dira hainbat herrialdetan. Lan hauetan, emakumeen iragana berreskuratzearen beharraz oharturik, emakumeak ikerketa objektu gisa aztertu da, herriaren historia osatzeko.
Abiapuntua hau izanik, Euskal Herriaren historia berreskuratzeko saiakeran, euskal emakumeen bizimodua, bizirauteko lana eta erresistentzia, komunitate harremanak, nortasuna, mundu ikuskera zein pentsamoldea, aztertzea ezinbestekoa izango da. Izan ere, Euskal Herria euskal emakume eta gizonen bizirauteko prozesu historikoaren emaitza baita.
Ikastaro hau GITE-IPESekin elkarlanean antolatu da.
Irakasleak
Helburuak
- Azken hamarkadan Euskal Herriko emakumeen historiari buruz egindako lanak eta ikerketak azaltzea eta hauen gaineko azterketa egitea.
- Gaiarekiko interes berezia duten ikasle, irakasle, ikerlari eta pertsonen bilkura izatea.
- Euskal Herrian, emakumeen historia osatzeko ikuspegiak erkatzea, eztabaidatzea eta komunean jartzea.
Edukiak
- Euskal Herrian azken mendeotan (XVIII-XX) emakumeen egoeran emandako aldaketa sozialak, ekonomikoak eta politikoak
- Industrializazioa, kapitalismoaren ezarpenaren eragina vs. antzinako sistema
- Ilustrazioaren eragina emakume/gizon ikuskeran
- Euskalduntasunaren galtze/berreskuratze prozesua
- Emakumeen auto-antolaketa jendartean, diskurtsoa … feminismoa
- Emakumeen ikuspegitik egindako historiografia: ikerketa markoa, metodologia.
Metodologia
Helburuak lortzeko, bi metodologia uztartuko dira: hausnarketa eta eztabaida kolektiboa:
- Batetik, gai batzuetan hizlari adituari, bere ikerketa-lanetik abiatuta, hurbilketa/sintesi saiakera bat egitea eskatuko zaio (ordubete), ondoren parte-hartzaileen ekarpenak eta iritziak jasoko ditugu, lanaren gaineko azterketa kolektiboa egiteko.
- Beste gai batzuk solasaldi-eztabaidaren bitartez landuko ditugu: adituek hausnarketarako gakoak aurkeztu eta taldean eztabaidatu. Ondoren talde txikietan bildu, ondorioak eta sintesia ateratzeko.
Nori zuzenduta
Euskal Herriaren historia emakumeen ikuspegitik lantzeko interesa duten ikasle, irakasle, ikerlari eta, oro har, edozein pertsona.