EUSKAL ARTISTEN I. MINTEGIA. Artistaren Estatutua. Nondik? Nola? Norentzat? Zertarako?
Aurkezpena
Kultur industriaz gero eta gehiago hitz egiten den garaiotan industria horren oinarri oinarrizko katebegiaren, hau da, sortzaileen eta interpreteen zaurgarritasuna eta babes falta gero eta larriagoa dela iritzita, hainbat euskal artistak LANARTEA Eskararen Langile Profesionalen Elkartea erregistratu zuen, 2020an. Beren lan eta bizi baldintzak duintzeko helburuarekin.
Baldintza horiek estuki lotuta daude euren lan erregimenari, gizarteak aitortzen dien balioari, beren lana gizarteratzeko aukerei... Iparraldean erabilgarri duten intermitentzia sistemarekiko mira areagotu egin da Hegoaldeko artisten artean. Hegoaldeko erakunde publiko ezberdinak, berriz, Madrilen lantzen ari diren Artistaren Estatura begira daude, hango erabakiak nola ekarri aztertzen. Hizkuntza hegemoniko baten bueltan eta milioika hiztuneko komunitate bat oinarri ardaztutako kultur sistema bati erantzuten dion ezein estatutuk, baina, zein neurritan erantzun diezaioke gurea bezalako kultur subordinatu bati? Euskaraz eta euskaratik lan egiten duten artisten eguneroko arazo espezifikoak kontuan ez baditu, zertan eragingo dute Espainiatik datozen aldaketek? Zer har dezakegu hortik guretzat? Zer Frantzian indarrean dauden kultur politiketatik-eta? Bada garaia gogoeta horri geuretik heltzeko, euskal artistari dagozkion duintasuna eta estatusa aitortzeko.
Hemen Amagoia Gurrutxagari (LANARTEAKO kideari) egindako elkarrizketa.
Helburuak
1. Euskal sortzaile eta interpreteen eguneroko gordinetik abiatuta, euren jarduna baldintzatzen duten Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako zein Europako arau eta legeei buruzko erradiografia bat egiten hastea, gure kultur sistema erdigunean jartzeko.
2. Euskaraz eta euskaratik mamitutako kultur sistema biziberritzeko beharko liratekeen lehentasuneko aldaketak detektatzea eta horretarako bidean gaur gaurkoz har daitezkeen neurri zehatzak aztertzea.
3. Artisten arazoak azaleratzea, arazoon kontzientzia kolektiboa sustatzea eta euren arteko barne kohesioa indartzea, etengabeko gogoeta eta kontraste prozesu baterako lehen urrats gisa.
4. Kolektibo horri ꟷeta kultur sistema osoariꟷ bere etorkizunaren eraikuntzan dagokion ahotsa eta garrantzia aitortzeko beharra azaleratzea
Edukiak
1. Mahai-ingurua: Zertaz ari gara Artistaren Estatutuaz ari garenean? Iparraldeko zein Hegoaldeko sortzaile eta interpreteak, intermitentziaz, autonomo erregimenaz eta Euskal Herrian indarrean dauden mugez eta lege ezberdinen hutsuneez eta indarguneez hitz egiteko, ikuskizun publikoetako langileen ikuspegitik batez ere.
Moderatzailea: Sustrai Colina
Hizlariak: Odei Barroso (musikaria, ekoizlea), Pantxika Telleria (dantzari, koreografo, Elirale Taldearen sortzailea) eta Maddi Goikoetxea (aktorea,URA JATEN liburua argitaratu berri du SUSA argitaletxearekin)
2. Hitzaldia: Sortzaileen egoera fiskala eta lan erregimena. Hobekuntzarako neurri zehatzak Hizlariak: Amagoia Gurrutxaga eta Xabier Barinaga-Rementeria (abokatua) LANARTEANek sortzaileen fiskalitate eta lan erregimen arloko egoera hobetzeko azterketa bat bukatua izango du udazkenerako, eta Ogasun ezberdinei aurkeztua ere bai. Aditu talde bat kontratatu du lan hori egiteko, eta EIE, EIZIE, Galtzagorri eta Bertsozale elkarteek parte hartu dute prozesuan. Lan horren emaitzak aurkeztuko ditugu, eta mintegira hurbildutakoekin kontrastatuko.
3. LOREAK BELAUNETAN. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala.
4. Talde dinamika.
5-6 laguneko taldeetan elkartu eta hor ikusi eta entzundakoetatik abiatuta, gogoeta egin eta jaso. Horretarako, 4-5 galdera nagusi bota dakizkieke bertaratutako denei.
Dinamizatzailea(k): Aner Peritz eta Maider Arregi.