Kannabisaren kimika: erabilpen sendagarria eta ludikoa
Aurkezpena
Ikastaroaren data: ekainak 26
(aurretik, etxean egin beharreko 2 ordutako lanketa egongo da)
Kannabisa eta kannabisetik eratorritako produktuak mendeetan zehar erabili diren arren, bereziki modan jarri dira azken urteotan, batez ere CBD-aren (kannabidiola) ondorioz eta Europako eta munduko hainbat naziotan martxan jarri diren programa medizinalen ondorioz. Gaiaren inguruko ezagutza falta handia da ordea.
Hori dela eta, ikastaro honetan landare hau ikuspegi ezberdinetatik aztertuko dugu:
1) Dauden kannabis mota ezberdinak dituzten konposatu aktiboen arabera. Barietate berriak sortzeko hazkuntza proiektuak. Merkatuan dauden produktuak eta euren gaineko uste okerrak. Auto-kultiboa eta norbere produktuak prestatzea.
2) Sistema endokannabinoidearen ezaugarri nagusiak. Nola eragiten duten farmakologikoki kannabinoideek eta beraien eragin fisiologikoak. Erabilpen terapeutikorako gaur egungo aukerak.
3) Kannabisaren kimika. Fitokannabinoideen ezaugarri kimikoak. Kannabisaren eta kannabinoideen metabolismoa eta toxikologia. Kannabisaren eta kannabinoideen analisiaren erronkak.
4) Marko legala. Errealitateak ahalbidetutako kannabis kontsumo modalitateak. Kontsumo partekatuaren figura juridiko berezia. Kannabis erabiltzaileen problematika zigortzailea ikuspuntu administratibotik eta ikuspuntu judizial-penaletik. Kannabisaren erregulazioaren inguruko erreflexioa.
Informazio gehiago, gaian aditua den Oier Aizpuruari eginiko elkarrizketa honetan topatuko duzu.
Irakasleak
Helburuak
Kannabisa kontraesan asko sortzen dituen landarea da, bai erabilera ludikoari dagokionez baina baita erabilera medizinalari dagokionez ere. Azken urteetan gure artera kannabisetik eratorritako hainbat produktu ari dira iristen, eta inguruko herrialdeetan proiektu medizinalak martxan jartzen ari dira. Jende ugarik erabiltzen du kannabisa Euskal Herrian ere, baina orokorrean ezagutza falta handia dago, bai landareari dagokionez, baina baita produktuei, efektuei, arriskuei edo egoera legalari dagokionez ere.
Hutsune hori betetzeko asmoarekin antolatu dugu ikastaro hau.
Metodologia
Egunean zehar, 4 gai ezberdin landuko dira aditu ezberdinek emandako saio teorikoetan, eta egunaren bukaeran mahai-inguru bat gauzatuko da egun horretan parte hartutako adituekin. Saio praktikorik ez da izango baina ikastaroa aholku eta kontzeptu praktikoz josia izango da.
Ikastaroa hasi aurretik, norberak etxean egin beharreko lanketa txiki bat egongo da.
Nori zuzenduta
Ikastaro hau interesgarria izan daiteke osasunaren arloko profesionalentzat edo ikasleetzat, kannabisaren erregulazioan lanean dauden agente eta eragileentzat, kannabis elkarteetako arduradunentzat, zein kannabis erabiltzaileentzat. Azken batean kannabisaren munduak interesa pizten dion edonori zuzendua dago ikastaroa.