Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketa: Kimu berriak Euskal Hizkuntzalaritzan.
Aurkezpena
Hizkuntzalari Euskaldunen V. Topaketak euskararen azterketa sinkronikoaren alorreko ikerlarion topaleku izan nahi du. Heterogeneoa da lan horretan gabiltzanon ikuspuntua, eta aniztasun hori erakutsi eta alor arteko elkarlana sustatzea du helburu topaketa honek, eta, zer esanik ez, jardun horretan gabiltzanon lana jendaurrean zabaltzeko plaza izatea ere bai.
Euskal hizkuntzalaritzak barnean aniztasun zabala hartzen duenez, oraingo topaketa hau euskararen azterketa sinkronikoari eskaintzea erabaki dugu: fonologia, sintaxia, bariazionismoa, semantika, dialektologia, edota psikohizkuntzalaritza bezalako gaiak landuko ditugu oraingoan. Asko dira egungo euskararen azterketaren azkenaldiko aurrerabideak, eta lan hori zabaltzeko leku egokia dugu honakoa. Ibilbidedun ikerlari zein master ikasle izan, tesilariak ahaztu gabe, denon bilgune eta erakusleiho izan asmo du aurtengo topaketak.
Topaketa uztailaren 2an izango da, Eibarko Markeskoa jauregian. Maia Duguinen (IKER UMR 5478, CNRS) sarrera hitzaldiak emango digu ongi etorria, eta bazkalostean Ane Odria (UPV/EHU) eta Ane Berroren (Deustuko U.) ekarpenaz gozatuko dugu. Tartean ikertzaileen aurkezpenak izango ditugu, eta poster-saio bat ere bai.
.
Jardunaldi hau UPV/EHUren Hizkuntzalaritza Teorikoko Taldearen (Eusko Jaurlaritza, IT1396-19) laguntzarekin antolatu da.
.
>>> Ikusi hemen antolatzaileetako bati egindako elkarrizketa: Aitor Lizardi: “Egungo euskara alderdi formaletik nolakoa den esaten digu azterketa sinkronikoak”
.
Irakasleak
- Juan Abasolo Isasa
- Urtzi Arriola Fontecha
- Alexander Artzelus Muxika
- Garbiñe Bereziartua Etxeberria
- Ane Berro Urrizelki
- Maia Duguine Haristoy
- Naia Eguskiza Sanchez
- Isabel Etxeberria Ramírez
- Eukene Franco Landa
- Azler Garcia Palomino
- Beñat Muguruza Aseginolaza
- Ane Odria Tudanca
- Lorea Unamuno Goiriena
- Irati Urreta Elizegi