W. von Humboldt gurean: hizkuntza, kultura, herria.

Aurkezpena
Ze harreman dute hizkuntzak, kulturak eta herritasunak? Zein zentzutan lotu izan dira hiru elementu horiek euskaldunez aritzean? Wilhelm von Humboldt humanista prusiarrak galdera horien bitartez pentsatu zuen Euskal Herriaz. Era berean, Humboldtek ere eragina izan du auziari heldu dioten hainbat pentsalarirengan. Ikastaro honek bi alde horiek arakatu nahi ditu. Batetik, ikusi nahi da Humboldtek bere bidaietan ze Euskal Herri topatu duen, zer ikasi duen eta bere pentsamenduan ze aldaketa eragin dituen. Bestetik, euskaldunek Humboldt nola irakurri duten gogoetatu nahi da, zer ikasi dioten eta haren ideiak nola erabili dituzten. Bukatzeko, Humboldten pentsamenduak gaur egungo eztabaidetan egin lezakeen ekarpena eztabaidatu nahi da.
Irakasleak
- Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga
- Alaitz Aizpuru Joaristi
- Haritz Azurmendi Arrue
- Ricardo Gomez Lopez
- Ibai Iztueta Azurmendi
- Blanca Urgell Lazaro
- Iñaki Zabaleta Gorrotxategi
Helburuak
- Humboldten Euskal Herriarekin izan zuen harremana ezagutzea.
- Euskaldunen ikerketak bere pentsamenduan izan zuen eraginaz jabetzea.
- Hainbat euskal pentsalarik Humboldtengandik hartu dituzten ideiak arakatzea.
- Gaur egungo herritartasunari, euskalduntasunari eta kulturaren gaineko auziei zer ekarpen egin diezazkioken argitzea.
Metodologia
Adituen hitzaldiak, testuen lanketa eta eztabaida irekiak.
Nori zuzenduta
Hizkuntzari, kulturari, herritasunari buruzko kezka duen ororentzat, ideia horiei buruzko gogoeta partekatu nahi badu euskal erreferentzietatik, jorratuko diren arloetan arituak izanda edo gabe.