Nor gara

Zer gara?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horrekin batera, honako lan-ildo nagusi hauek ditu:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.

1.400 bazkide baino gehiagok osatzen dute UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta.

Zer egiten dugu?

Euskal Unibertsitatea sortzeko bidea

UEUren helburu nagusia dugu hau. Izan ere, euskal gizartea bere osotasunean garatzeko ezinbesteko ikusten dugu maila goreneko hezkuntza-erakundea sortzea honako ezaugarri hauekin: euskal gizartearen beharretara egokitua, izaera soziala izango duena, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena eta euskara hizkuntza-ardatz nagusia izango duena. Helburu hau lortze bidean etengabe lanean ari gara.

2019an UEUk Goi-mailako Online Institutua (GOI) sortu zuen UPV/EHUren baitan, online unibertsitate-ikasketak eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Bide horretatik, 2020/2021 ikasturtean UEUk martxan jarri zuen Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterra.

Alor hontako arduraduna:

Jarduera akademikoa ( > )

Aurrekoa lortze bidean, goi-mailako formazioa eskaintzeko lan egiten dugu. Etengabe aldatzen den gizarte honetan beharrezkoa da ezagutza berriak barneratzea. Bide honi jarraituz, unibertsitate-mailako formazioa, ikastaro espezializatuak, mintegiak, jardunaldiak, irakasle zein profesionalei zuzendutako prestakuntza, udako ikastaroak eta hauekin lotutako ikerketa lantzen ditugu UEUn. Alor honetan dagoeneko erreferente bilakatu gara.

UEUn irakasle gisa lan egiteko datu basea da IRAKAS(L)ARI, gurekin eta gure proiektuan lan egiteko interesa daukan edonor ongi etorria izango da. Bidali iezaguzu zure kurrikuluma HONA.

Alor hontako arduraduna:

Argitalpengintza ( > )

Liburugintzaren alorrean UEUren helburua bikoitza da: azpiegitura bibliografikoa sortzea batetik, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea bestetik.

Unibertsitate-mailako ikasketa zein ikerketan bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza da unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko. 1978. urtean lehen liburua argitaratu genuenetik, dagoeneko ehunka izenburu ditugu gure katalogoan liburu eta aldizkarien artean, eta unibertsitate-mailako euskarazko testugintzan dekano bilakatu gara.

Alor honetako arduraduna:

Sareko proiektuak

UEUren helburuak lortzeko bidean, badira urteak sarea eta teknologia berriak uztartzen ditugula.
Horregatik, hainbat proiektu ditugu Interneten, unibertsitate-komunitatearen eta gizartearen eskura:

  • INGUMA Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea.
  • ARTIZARRA Profesional eta aditu euskaldunen sare soziala.
  • IKERGAZTE kongresuaren webgunea.
  • UNINET Unibertsitate-komunitatearen ataria.
  • UZTARO Giza eta Gizarte-zientzien aldizkaria.
  • OSAGAIZ Osasun-zientzien aldizkaria.
  • KONDAIRA Historia aldizkaria.

Gure balioak

KALITATEA
EUSKARAREKIKO KONPROMISOA
BERDINZALETASUNA
IZAERA PARTE-HARTZAILEA
HURBILTASUNA
DINAMIKOTASUNA

GIZARTEAREKIKO ERANTZUNKIZUNA
PUNTA-PUNTAKO GAIAK
ELKARLANA
AUTONOMIA
PERTSONAK

Nola antolatzen gara?

UEUren oinarria soziala da, hau da, UEU BAZKIDEZ osatzen da. Une honetan 1.400 bazkide ditu Euskal Herri osoan (eta kanpoan). Bazkide hauek gutxienez urtean behin BATZAR NAGUSIAN onartzen dute aurreko urtean egindako lana eta hurrengo urteko egitasmoa. Batzar Nagusia UEUren organo gorena da eta berari dagokio Talde Eragileko kudeaketa onartzea eta bertako partaideak aukeratzea. UEUren jarraipena egiteko TALDE ERAGILEA dago, Zuzendaritza. Elkartearen organo eragile nagusia da. Urteko kudeaketaren erantzukizuna eta ardura berea da. Talde Eragileko kideak borondatezkoak dira, eta Batzar Nagusiak aukeratzen ditu lau urterako.

Talde Eragileko burua ZUZENDARIA da. Kargu hau borondatezkoa da eta Batzar Nagusiak onartzen du lau urterako. UEUk bere historian zehar zuzendari hauek izan ditu: Manex Goihenetxe (1973-1976), Martin Orbe (1976-1983), Baleren Bakaikoa (1983-1987), Inaki Irazabalbeitia (1987-1991), Kepa Altonaga (1992-1996), Mikel Aizpuru (1996-2000), Xabier Isasi (2000-2004), Aitzpea Leizaola (2004-2005), Lore Erriondo (2005-2010), Karmele Artetxe (2010-2014),  Iñaki Alegria (2014-2018), Kepa Sarasola (2018-2023) eta Aitor Bengoetxea.

Bazkideak UEUk dituen 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da:

  • Antropologia
  • Antzerkilaritza
  • Arkitektura
  • Artea
  • Bertsolaritza
  • Ekonomia
  • Filosofia
  • Fisika
  • Glotodidaktika
  • Historia
  • Hizkuntzalaritza
  • Informatika
  • Itzulpengintza
  • Kazetaritza
  • Kimika
  • Klimatologia eta Meteorologia
  • Literatura
  • Matematika
  • Musika
  • Natura Zientziak
  • Osasuna
  • Pedagogia
  • Psikologia
  • Sexologia
  • Soziolinguistika
  • Soziologia
  • Zuzenbidea

Sailek, UEUren Idazkaritzarekin batera UEUren jarduerak antolatzen dituzte: ikastaroak, jardunaldiak, liburuak...

Batzar Nagusiak onartutako egitasmoa teknikoki aurrera ateratzeko ardura LANTALDEArena da, Kudeatzaile Nagusia buru delarik. Une honetan 22 pertsonek osatzen dute UEUko lantaldea eta, Baiona, Bilbo, Eibar eta Iruñeko egoitzetan kokatzen da.