Itziar Uriarte Crespo: "Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzak ikasleak ikasketa-prozesuaren erdigunean kokatzen ditu"

2024ko irailaren 16a

Itziar Uriarte Crespo: "Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzak ikasleak ikasketa-prozesuaren erdigunean kokatzen ditu"

"Proiektu bidezko metodologiak" ikastaroa emango du UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan Itziar Uriarte Crespok (Gasteiz, 1990). Atzerriko hizkuntzako (ingeleseko) irakasle-ikasketak eta Psikopedagogia egin zituen, eta baita DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterra ere. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza metodologian jarriko duzu fokua. Zertan oinarritzen da?

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (POI) ikaskuntza-metodologia bat da, ikasleak proiektu errealak eginez eta konponbide praktikoak bilatuz gaitasunak garatzera bideratzen dituena. Metodologia honek ikasleak ikasketa-prozesuaren erdigunean kokatzen ditu, haien interesek eta beharrek gidatuta. POI metodologiaren ezaugarri nagusiak ikaskuntza aktiboa eta praktikoa, proiektuen diseinu, garapen eta zabalkuntza, talde-lana eta lankidetza, autonomia eta ardura, ebaluazio jarraitua eta formakoa, diziplinartekotasuna eta errealitatearekin lotura zuzena dira.

Zeintzuk dira haren abantailak?

Esango nuke POI metodologiaren abantaila nagusiak hurrengoak direla: ikaskuntza sakonagoa eta esanguratsuagoa, gaitasun kritikoen garapena, autonomia eta arduraren garapena, talde-lana eta komunikazioa hobetzea, sormena eta berrikuntza sustatzea, motibazioa eta ikaskuntzarekiko interesa handitzea, errealitatearekiko lotura eta prestakuntza praktikoa eta konfiantza eta autoestimua indartzea.

Laburbilduz, metodologia hau modu egokian erabiliz gero, gure ikasleek askotariko gaitasunak garatuko dituzte. Hau da, ikasleak aktiboagoak izango dira eta akademikoki, pertsonalki zein profesionalki konprometituak eta prestatuak egongo dira.

... eta erronka nagusiak?

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzak abantaila ugari eskaintzen dituen arren, hainbat erronka nagusi ere aurkezten ditu, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat eta hezkuntza-sistemarentzat. POI metodologiaren erronka nagusiak dira denbora eta baliabideen eskakizunak, irakasleen prestakuntza, zenbait ikasleren autonomia falta, talde-dinamiken konplexutasuna, ebaluazio-prozesu konplexua, baliabide teknologikoen beharra eta koordinazio-beharra irakasleen artean.

Dena den, ikastaroan ikasiko dugun bezala aldaketak ez dira egun batetik bestera egiten; beraz, beldurrik gabe urratsak ematen joango gara eta bakoitzaren errealitatera egokitu.

Ikastetxean metodologia aplikatzen hasteko... nondik hasi?

Ikastaroan bakoitzaren egoeratik zein beharretatik abiatuko gara POI metodologia erabiltzen has daitezen. Izan ere, partaideek beren proiektua diseinatu eta garatuko dute. Dena den, ikastetxe batean horrelako eraldaketa metodologikoa egin nahiko bagenu, ondorengo pausoak eman beharko genituzke: Hezkuntza Komunitatearen sentsibilizazioa eta prestakuntza, helburuak ezartzea eta estrategiak garatzea, proiektuen plangintza (proiektu pilotuak diseinatu eta curriculuma integratzea), talde-lankidetza eta koordinazioa sustatzea eta horretarako espazioak diseinatzea, proiektuen garapena eta inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa, metodologiaren balorazioa eta hobekuntza (ikastetxearen errealitatera egokitu) eta etengabeko formazioa eta egokitzapena (berrikuntzarako irekia egonda).

Nori dago zuzenduta ikastaroa?

Edozein irakasleri. Ez du axola daukan esperientzia-mailak. Are gehiago, ikasten edo langabezian egonda ere egin daiteke.

Jakintza-arloak