Annette Unda Endemaño: "Kazetari freelanceen lan-baldintzak kaskarrak dira"

2024ko irailaren 12a

Annette Unda Endemaño: "Kazetari freelanceen lan-baldintzak kaskarrak dira"

Annette Unda Endemañok (Gernika-Lumo, 1996) Uztaro aldizkarian argitaratu ditu "Euskal hedabide nagusiak eta espainiar hedabide nagusiak Udaberri Arabiarrean: gatazken jarraipena egiteko bi modu" ikerlanaren nondik norakoak. Kazetaritzako Gradua ikasi zuen berak, Gizarte Komunikazio Masterra du eta Gizarte Komunikazioan da doktorea. Berarekin izan gara.

Kazetarien lan-baldintzetan jarri nahi izan duzu fokua. Zergatik?

Kazetaritzako ikasketak bukatzerakoan, gainerako ikasleek bezala, graduko azken urtean, bereziki, lan-munduan fokua jartzen hasten gara: zer lan mota gustatzen zaigun, non ikusten dugun geure burua, zer baldintza eskaintzen dituzten enpresek/komunikabideek, etab. Orduan hasi nintzen konturatzen (lehenagotik askotan entzunda baneukan arren), orokorrean, oso baldintza kaskarrak eskaintzen zirela kazetari-lanetan. Gradua bukatutakoan, aldiz, ikerketa-master bat egitea erabaki nuen eta master-amaierako lanaren gaia bide horretatik enfokatu nahi nuela argi izanda, gatazka-kazetarien lan- eta segurtasun-baldintzak aztertzea erabaki nuen. Gerora, doktoregoa ere ildo beretik egin dut; batetik, interes pertsonal bat izan dudalako beti ofizio honetan ari diren kazetarien lanen inguruan, eta, bestetik, oso garrantzitsua iruditzen zaidalako ikerketa-arlotik gai hau jorratzea, emaitzak argitaratzea eta ahal den heinean lan-munduan gaur antzeman daitekeen egoera hau salatzea.

Momentu jakin batean kokatu duzu ikerketa. Zergatik?

Masterreko ikasketak hasi nituenean borborrean zegoen gai bat izan zen Udaberri Arabiarraren inguruko gatazka, eta, beraz, aukera ona iruditu zitzaidan gatazka hauetan oinarritzea ikerketa. Horretaz gain, bereziki 2012ko Siriako Gerra oso esanguratsua izan zen kazetarien lan-baldintzen ikuspuntutik, Espainiako zein nazioarteko kazetari freelanceen presentzia nabarmena egon baitzen. Gainera, nazioarteko beste hainbat kazetariren artean, hiru espainiar kazetari bahitu zituzten eta, horrek, beraz, gune horretan jarraipena egiten ari ziren kazetarien baldintzen inguruko eztabaida sustatu zuen.

Hedabideetako nazioarteko arduradunekin jarri zara kontaktuan. Zein izan da erabilitako lagina?

Kasu honetan Udaberri Arabiarrean (2011-2018) zehar nazioarteko saileko buruak izandako profesionalak elkarrizketatu dira, bai euskal hedabide nagusietakoak baita espainiar hedabide nagusietakoakere.

Zein da elkarrizketa horietatik jaso nahi izan duzun informazioa?

Nazioarteko sailetako buruei egindako elkarrizketen xedea hau izan da: hedabide bakoitzak Udaberri Arabiarrean zehar egindako jarraipen mota ezagutzea, lan- eta segurtasun-baldintzei dagokienez erredakziotik martxan jarritako ekimenen inguruan arakatzea eta, bereziki, espainiar zein euskal hedabideek gatazka-informazioari eskaintzen dioten pisua eta horren jarraipena egiten duten kazetariei eskaintzen dizkieten lan-baldintzak eta segurtasun-baldintzak ezagutzea, gaur egungo egoeraren argazki eguneratu bat eskainiz.

Nolakoak dira kazetarien lan-baldintzak? Zer diote emaitzek?

Baldintzak kaskarrak dira. Kazetari freelanceen presentzia nabaria antzeman daiteke eta kasu gehienetan hedabideek ez dute berme nahikorik eskaintzen (aseguru berezirik, segurtasun-ekipamendurik, formakuntzarik, etab.). Horrek dakar kazetariek segurtasun-baliabideak beren kabuz ordaindu behar izatea, eta hedabideek kazetari hauei eskaintzen dizkieten baldintzak kontuan izanda, askotan pentsaezina da haientzat aseguru baten prezioari aurre egitea. Horrek, beraz, kazetarien aldetik gastu hauek ekidin behar izatea dakar eta, hortaz, gatazka-guneetan beren lana oso baldintza arriskutsuetan burutu behar izatea.

Zeintzuk dira kazetarien eskakizun nagusiak? Zer dago hobetzeke?

Hedabideen partetik inplikazio gehiago eskatzen da orokorrean. Nazioarteko informazio askotarikoa eskaintzeak “prestigioa” ematen diola hedabideari diote nazioarteko saileko buru batzuek, baina ez dute behar beste inbertitzen horretan. Gatazka-informazioari dagokionez, zehazki, kazetari autonomoen presentzia nabarmena izateaz gain, ez dago segurtasun-arloko protokolorik ezarrita, ez, behintzat, Udaberri Arabiarrean zehar. Horrek kazetari bakoitzak bere aldetik neurriak hartu behar izatea dakar baldintza kaskarretan lan egitearekin batera. Hedabideen aldetik, gai honen inguruko formakuntza, kontzientziazioa eta, bereziki, neurri bereziak hartu eta eskaintzea eskatzen dute kazetariek, gaur dauden lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa delako, horrek, nahi eta nahi ez, informazioaren kalitatean eragin zuzena daukalako.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Oso garrantzitsuak dira. Ikerketaren erronka nagusietako bat emaitzen transferentzia eta dibulgazioa da eta helburu horiek euskaraz egitea ezinbestekoa iruditzen zait.

Jakintza-arloak