Ikasleak ahalduntzea ikastetxeko proiektuetan

Hasiera - Bukaera data: 2024ko urriaren 16a - 2024ko azaroaren 22a
Tokia: Ikasgela Birtuala
Ordutegia: astelehen-ostiral. 00:00-23:00
Izaera: Online
Ordu kopurua: 20
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko irailaren 2a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko urriaren 9a
Matrikulatu

Aurkezpena

Ikastetxean garatzen diren proiektu eta erabakietan ikasleak ahalduntzeko, parte-hartze aktiboa eta sorkuntza sustatzeko, irakasleak ere pentsamendu sortzailea garatzea aberasgarria da. Horretarako hainbat eredu eta estrategia eskaintzen dira ikastaro honetan, diagnosiak egiteko garaian, erronken aurrean edo behaketa momentuan baliagarriak direnak.

  • Aurrez aurreko saioa. Urriak 16 17:00-19:00

Irakasleak

Helburuak

  • Partaidetza aktiboa sustatzea,
  • Ikasleen autonomia, espiritu kritikoa eta erabakiak hartzea sustatzea.
  • Hezkuntza-ingurune, anitza, inklusiboa eta elkarlanekoa sortzea.
  • Harreman osasuntsuak sortzea proiektu sortzaileak eraikiz
  • Gozamena, esperimentazioa, ikasketa eta elkarbizitzarako kondizio seguru eta askeak ahalbidetuko dituen proiektuak elkarrekin sortzen ikastea.
  • Eskola komunitateak duen aniztasuna, hezkuntza eta elkar bizitza aberasteko erabiltzea.
  • Kultura parte-hartzailea eta sortzailea bultzatzea.

Esperientzia desberdinak biltzen dituzten bideo eta publikazioak aurkeztuko dira. Beraiek ezagutzen dituzten proiektu parte-hartzaileak plazaratzea ere sustatuko da

Edukiak

Ikasle bakoitzak proiektu parte-hartzaile bat sortuko du, partaideen ahalduntzea helburu duena, testuinguru konkretu batean txertatzeko pentsatua eta lantalde eta funtzio desberdinak kontutan hartzen dituena.

Proiektuaren garapenerako baliagarriak diren tresnak eta adibide praktikoak eskainiko dira. Parte-hartzaileek beren hezkuntza-inguruneetan esperimentatuko dute estrategia horiekin eta lehenengo pausoa zein proiektu sortu nahi duten pentsatzea izango da. Horretarako galderak helaraziko zaizkie (proiektua diseinatzeko 4 koordenatu klabeak):

  • Non garatuko da?
  • Zeintzuk dira hutsuneak eta potentzialak eremu horretan?
  • Zein izango da proiektuaren helburua?
  • Nortzuk izango dira partaideak?

 Hezkuntza Sortzailea: Sormenerako kondizio egokiak. Aniztasuna, haurren beharrak eta sormena sustatzen duen egitura kontuan hartuko da.

Zabalkunderako bidea ikasle bakoitzak aukeratuko du. Eredu bezala aurkeztuko dira hainbat adibide (bideo, moodboard) baina power point, collagea, audioak eta abar erabiltzeko aukera ere badago proiektuaren aurkezpen fasean.

Metodologia

Ikastaroak metodologia parte hartzailea eta aktiboa izango du. Partaideen aurre ezagutzetatik abiatuko da, eta ezagutza berriak eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesuaren ibilbideari eta konpetentzien garapenari garrantzi handia eskainiz. Izan ere, partaidea bera izango da, interakzioa eta komunikazioa ardatz izanda, norbere ezagutzak eraikitzearen arduradun.

Ikastaroa emateko, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da. Plataforma honen bitartez, ikasleek ikastaroko informazio, eduki eta jarduera guztiak eskura izango dituzte, eta komunikatzeko bestelako tresnak ere bai (foroak, esaterako). Tresna horiek ikasleen arteko elkarrekintza, eta ikasle-irakasle komunikazioa erraztuko dute.

Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialekin landuko dira. Ondoren, jorratutakoaren inguruko jarduera praktikoak proposatuko dira, ikasleen parte hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz. Maila pertsonalean gogoetak sustatzea ez ezik, hausnarketa kolektiboetara salto egiteko planteamenduak ere sustatuko dira, horretarako talde dinamikak edo talde lanak erabiliz.

Ikasketa prozesu osoan zehar, talde dinamiken euskarri nagusia izango da Ikasgelako foroa, beste tresna batzuekin batera (wikiak, tailerrak, talde foroak, taldeko mezularitza sistema...), eta norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera eskainiko duten hainbat tresna ere eskura egongo dira (Ikasgela foroa, nagusiki). Honez gain, ikaskuntza ez-formalari lekua emate aldera, Kontu kontari foroa zabalduko da, gaiarekin lotutako baina ikastaroaren eginkizunetatik harago doazen intereseko materialak partekatu ahal izateko (jardunaldiak, antzerkiak, albisteak, etab.).

Ikasleak momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango du, baita UEUko lantalde pedagogiko eta arduradun teknikoaren sostengua ere bai. Ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izan arren, irakaslearen lankidetza eta laguntza izango dute, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko.

Nori zuzenduta

  • H.H. – L.H. – D.B.H ko irakasleei
  • Kultur eta Hezkuntza Udal Teknikariei
  • Herrigintzan elkarlanean ari diren taldeei
  • Guraso eta bidelagunei

Jakintza-arloak