Amagoia Gurrutxaga: "Euskarazko kultur sistema bereziki babesteko helburuz egindako kultur politikak behar ditugu"
2023ko urriaren 5a
"EUSKAL ARTISTEN I. MINTEGIA. Artistaren Estatutua. Nondik? Nola? Norentzat? Zertarako?" jardunaldia antolatu dute Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak eta UEUk elkarlanean. Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) kazetaria eta Lanarteako koordinatzailea ari da antolaketa-lanetan eta harekin izan gara jardunaldiaren gainean hitz egiteko.
Euskal Artisten I. Mintegia antolatu duzue. Nola sortu da ideia?
Egoerak hartaratuta etorri da mintegia antolatzeko beharra. Gure elkarteak diziplina guztietako artistak batzen ditu, izan sortzaile, izan interprete, eta denek partekatzen dute lan-baldintza ezegonkorrek sortutako zaurgarritasuna. Kultur munduan orokorra den zaurgarritasun hori kultura gutxitu baten sistemara ekartzen duzunean, baina, biderkatu egiten da. Are gehiago, zure kulturaren nolakoaren neurrira egin ez diren kultur politiken eta legedien menpe baldin bazaude.
Frantsesek eta espainiarrek kultur sistema gihartsua dute: milioika hartzaileko hiztun-komunitate bat, beren kultur ekoizpenei zentralitatea ematen dioten komunikabide-sare eta zirkuituekin, beren kulturaren idiosinkrasia gogoan diseinatu diren legediekin... Horiek dira gure jardunari legezko jantzia ematen diotenak. Horrelako zumeekin egindako saskiak, bistan denez, ez du tokirik gurea bezalako gorputzentzat.
Espainian diseinatzen ari diren Artisten Estatutua da horren adibide garbia: bertsolariak ez dira existitu ere egiten osatu duten ogibide artistikoen zerrendan. Argi dago zergatik: haien kultur sisteman bertsolaritza ez delako ezer. Gurean, aldiz, pisu espezifiko handia dauka. Eta gure kultur sisteman, herri-ekimena eta kulturgile-sare herrikoia artista profesionalen lanarekin uztartuta ageri dira sarri asko. Horregatik aldarrikatzen dugu geure ezaugarriei eta benetako neurriei erreparatuta egindako artistaren estatutu bat. Madrilen edo Parisen diseinatutakoak gurera aldatzeak ez digu balio. Eta horixe da Gasteiztik eta Iruñetik iragarri dutena: Madrildik datorrena nola ezarri aztertuko dutela.
Eta Madrildik datorrena, batez ere, jendaurreko ikuskizunetan lan egiten duten artistentzat diseinatutako neurri sorta bat da. Jendaurreko ekitaldietatik kanpo aritzen den artista andana dago, baina, eta horiek ere babes gabe daude. Idazleak, irudigileak, itzultzaileak... horiek ere badakite zer den prekarietatea. Artista guztiak kontuan hartuko dituen estatutu bat pentsatzen hasi nahi dugu. 1980ko irailaren 23tik urriaren 28ra bitartean Unescok Belgraden egindako Konferentzian artista hitzari emandako definizioa oso egokia da, alde horretatik: "Artelana sortzen duen pertsona oro, edo bere interpretazioa dela bide artelanaren sorkuntzan edo birsorkuntzan parte hartzen duen oro, bere sorkuntza artistikoa bizitzako funtsezko elementutzat hartzen duena, horrenbestez artea eta kultura garatzen laguntzen duena, eta bere burua artista gisa aintzat hartzen edo halakotzat aitortzeko eskatzen duena, kontuan hartu gabe lan-harremanen batean edo bestelako elkartze moduren batean ari den ala ez".
Erradiografia bat egiten hastea da mintegiaren helburuetako bat.
Ezinbestean. Benetan nondik abiatzen garen jakin gabe, nekez iritsiko gara nahi dugun helmugara. Horregatik arituko gara mintegian Frantziako intermitentzia-sistemaz, Espainiako autonomo-figuraz, zerga-kontuez, artista gazteen panoramaz, bateko eta besteko kultur planez... daukaguna aldatu nahi dugulako.
Gaur-gaurkoz, artisten egoera zaurgarriaren betikotzea eta diglosia aipatu ere egiten ez dituzten txostenen gainean egiten da kultur politika. Arazoak ez aipatzeak ez ditu arazoak desagerrarazten, baina. LANARTEA elkartea sortu zenetik, hamaika eragilerekin egin ditugu bilerak, eta denetan ikusi da diagnostiko integral baten beharra. Prozesu horretan, artisten arazo asko sistemikoak direla baieztatu dugu. Baieztatu dugun beste gauza bat: ezjakintasun beldurgarria dago gure eguneroko lan- eta bizi-baldintzetan eragin zuzena daukaten administrazio publikoetako kargudunen artean. Harrigarria da, batetik; mingarria ere bai, bestetik.
Pandemia-garaian Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak abiarazi zuen laguntza-lerro bereziarekin gertatutakoa oso argigarria izan zen, alde horretatik: diru-poltsa bat sortu zuen itxialdiak kaltetutako artistei laguntzeko, baina diruaren puska handi bat banatu gabe geratu zen hastapenean, jaso ahal izateko ezarri zituzten baldintzak inork gutxik betetzen zituelako.
Espainiako Artisten Estatutuaren harira hainbeste aipatzen diren zerga- eta lan-erregimen kontuetan zeresana duten hemengo administrazio publikoei buruz, berriz, zer esan... Ogasunek, esaterako, ez dute gogoetarik egin egun indarrean dauzkaten araudiek sektoreko langileengan ezartzen duten zamaren neurriaz. Haiekin egiten hasiak garen bileretan esana diegu Madrilen hartzen ari diren zenbait neurri dagoeneko kaltegarriak izaten ari direla gure kultur sistemarentzat, eta kalte horiek saihesteko bidea egin behar dugula. Horri buruz ere hitz egin asmo dugu Oiartzungo mintegian.
Euskaratik lan egiten duten artisten eguneroko arazo espezifikoak jarri nahi dituzue mahai gainean.
Bai, eta arazo horietako batzuen iturriak aipatu ditugu dagoeneko. Nagusia: hizkuntza ez da zehar-lerro gisa erabiltzen kultur politika egiterakoan. Euskarazko kultura prestigiatzeko, kultur programazioan euskarazkoaren gutxieneko kuotak ezartzeko, zirkuituak egonkortzeko, hedabide publikoak kultura gizarteratzeko tresna eraginkor bihurtzeko, udaletan irizpideak ezartzeko... ahalegin seriorik ez dugu ikusten. Kultur industriak sustatzeko ahalegina bai, hori ikusten dugu. Eta kultur industria horretako katebegirik oinarrizkoena, artista, ia inoiz ez da aipatzen.
Euskarazko kultur sistema eta erdarazkoak oreka zerutiarrean biziko balira legez hitz egiten digute, subordinatutako hizkuntza bereziki babestu beharko ez balitz bezala, txikia merkatuaren lege hutsak salbatuko balu bezala. Euskarazko kultur sistema bereziki babesteko helburuz egindako kultur politikak behar ditugu.
Ez da guk asmatutako formula. Beren lurraldeetan hegemonikoak diren hizkuntzetan egindako kulturen kudeatzaile publikoak ꟷfrantsesak eta espainiarrak barneꟷaspaldi ari dira babes-neurriak asmatzen, esaterako, ingelesaren nagusitasunari galga jartzeko politikak diseinatzen. Gu ez gara espezialak. Gu are zaurgarriagoak gara. Horregatik behar dugu babes gehiago, gaur-gaurkoz hizkuntza gutxitua garelako.
Aitortza falta ere aipatzen duzue...
Estatutu bat, izan ere, gizarte batek bere baitako kolektibo bati aitortzen dion estatusaren ondorio da. Lehen aipatu dudan Unescoren 1980ko Belgradeko batzarrean, artista kontzeptuaren definizioaren osagarri, beste hau ere adostu zuten: "Estatus zer den: terminoak, alde batetik, bete beharko duten eginkizunari emandako garrantzian oinarriturik, gizartean artistei ematen zaien lekua izendatzen du, eta, bestetik, librotasunak eta eskubideak aitortzen dizkie, eskubide moralak, ekonomikoak eta sozialak barne, batez ere artistek izan behar dituzten diru-sarreren eta gizarte-segurantzaren arloan".
Berrogeita hiru urte joan dira Konferentzia hori egin zenetik. Ez zaigu kultura termino horietan azaltzen, bisitari kopuru, ostalaritzan utzitako irabazi eta antzeko datuekin baizik. Gure kultur ekosisteman, kargudunak, teknikariak, bitartekariak, ugaldu egin dira. Horien lanaren monetizazioa inork ez du auzitan jartzen. Artistaren sormen- eta interpretazio-lanarena, aldiz, zalantzan jartzen da oraindik ere. “Egiten duzuna gustatu egiten zaizu eta!”, “jendeak txalo jotzen dizu eta!”, esaten da oraindik ere. Ezin da bokaziozko langile izan, antza.
Gure gizarteak, beraz, zein rol aitortzen dio artistari? Balio sinbolikoa bai, hori argi dago. Kultura euskaraz egiteko apustua egin zuten kulturgileek gure kultur panorama modernizatu zuten XX. mendeko bigarren erdian, eta horrek ekarri gaitu gaur egun euskaraz eta euskaratik sortzen duen artista andana izatera. Horrek ez du sektorea prekarietatetik libratu, baina.
Oiartzungo mintegiko mahai inguruan parte hartuko duen Maddi Goikoetxearen Ura jaten liburua, alde horretatik, oso interesgarria zaigu. Liburu hori hipotesi honetatik abiatzen da: “Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekarietatera kondenatuta dago”. Susmoa dugu tesi horrek ituan jotzen duela erabat, euskarazko kulturaren egoera azaltzeko bereziki baliagarria dela, antzerkia ez beste diziplinetan ere.
Etorkizunera begira zer? Norantz bideratu urratsak?
Ba, mintegiak berak arrastoa erakutsiko digu neurri batean, dena ondo bidean. Guk baditugu zenbait proposamen; indargune eta ahulgune batzuk argi ikusten ditugu. Bertaratutakoekin kontrastatu nahi ditugu gure asmoak. Eurek esango digute zerk kezkatzen dituen batez ere, zertan ikusten duten indarra jartzeko beharra.
Garbi daukaguna da hau hasiera besterik ez dela. Mintegi honek segida izatea nahi dugu, eta horretan saiatuko gara.
Nori dago zuzenduta?
Lehenik eta behin, artistei. Eta aurrerago esan bezala, guretzat artista da ez bakarrik jendaurreko ekitaldietan ari dena: sortzailea zein interpretea, denak dira artista guretzat. Intermitenteak, autonomoak, ikasleak, langabeak, beste ogibide bat izan bai baina aldiro zerbait egiten dutenak... denek osatzen dute gure kultur sistema. Sistema horretan badira beste eragile batzuk ere, jakina, kulturazale xumeenetik hasita, eta horiei ere mintegia interesgarri gertatuko zaiela uste dugu. Are, haien ekarpena bereziki interesgarria da guretzat.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahi duzuena?
Sektoreko langileentzako plaza komun bat eskaintzea esperientzia- eta iritzi-trukaketarako. Hortik abiatuta, haien errealitatean zentratutako artisten estatutu bat osatzeko lehentasunak markatzen hasi nahi genuke.
Horrekin batera, kulturazale orori ere tokia egin nahi diogu, egoeraren erradiografia osatzen lagun diezagun, bere ikuspegia gurekin partekatuz.
Azkenik, kultura ezinbestekoa denez edozein gizarteren bizigarritasunean eta biziberritzean, mintegia gure kultur ereduei buruzko gogoeta pausatu bat abiatzeko eta gizarteratzeko tresna izan dadin nahi genuke.