Udako Ikastaroak :: Psikopedagogia

Haur-psikologia: gaurko haurrak etorkizuneko helduak.

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 10.00 ordu
  • Matrikula-epearen hasiera: 2012(e)ko maiatzaren 14a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2012(e)ko uztailaren 8a

Ikastaro honi 12 ordutako Balio Akademikoa aitortuko zaio.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen pertsona baten garapenean haurtzaroak duen garrantziaren handia. Bizitzaren lehen urteetan osatzen zaigu nortasuna edo izaera, eta orduko garaiaren kalitateak baldintzatzen du, hein handi batean, helduaren sendotasuna edo ahulezia. Ukaezina beraz, ume baten hazkuntza prozesuaren ardura eskuartean duenaren erantzukizun soziala; eta ezinbestekoa hortaz, gizarte gero eta heldugabe eta zoritxarrekoago honetan, etorkizuneko gizartea osatuko duten oraingo haurren hazkuntza sistemari buruzko hausnarketa eta eztabaidari arduraz heltzea. Gizarte bakoitzean indarrean dagoen hazkuntza sistema ez baita ulertzen ahal gizarte hori kudeatzen duen sistemak beharrezko dituen interesetatik kanpora. Gizarte/sistema bakoitzak, berau kolokan jarriko ez duten pertsonak behar baititu eta “horrelako gizakiak” ematen dituen hazkuntza sistema promozionatuko baitu. Umea ez da pertsona bera bilakatzen hemen jaio, edo Afrikan, Perun edo Groenlandian.

Umeen aurreko gure jarrera behin ere neutroa edo aseptikoa ez dela- eta, ezinbestekoa da, umeekiko lanean edo harremanean dauden profesionalek zein gurasoek ongi ezagutzea zein den haur bat pertsona izatera daraman bidearen nondik norakoa, horren jakitun, arduraz, erabaki dezan zer helburu eta irizpideren arabera gidatzen duen bere kimuaren hazkuntza.

Ume baten hazkuntza arduratsua da dagokeen ekintzarik iraultzaileena. Ikastaro honetan 0·3 adin tarte funtsezkoaren gakoak eta une esanguratsuak aztertzen saiatuko gara.

Irakaslea

  • Ane Ablanedo Larrion

    Unibertsitateko irakaslea (UPPA, NUP). Haur-prebentzioan espezialista. Eskola alternatibo eta pedagogia librearen gaian formatzailea. Hizlari eta artikulugilea. UEUkidea.

Helburuak

  • Giza garapenaren gakoak eta logika ezagutzea eta haurren hazkuntza eta helduen nortasunaren arteko harremana ulertzea. Helduon hutsune afektiboen sumatzetik, haurrengan prebentzioa sustatu nahi izatera. Etorkizuneko gizarte helduago eta osasuntsuago baten oinarria.
  • 0-3 urte-tartearen garrantziaz ohartaraztea, helduaroko osasunaren baldintza.
  • Hazkuntza funtzio ezinbesteko bezain garrantzitsu honetan gurasoak zein haur eskoletako profesionalak lagundu eta segurtatzea.
  • Gurasoei laguntzea umeekiko harreman arruntean suertatzen diren eguneroko arazoen aurrean: jana, loa, kasketak, mugak, negarrak…

Edukiak

  • Helduen sufrimenduaren ezagupenetik, hazkuntza prebentibo baten formulaziora.
  • Gizartea, gero eta heldugabeagoa. Gu geu, gero eta zoritxarrekoagoak. Noiz arte?
  • Haurren zoriontasunaren mitoa.
  • Garen aita edo ama horiek. Izaki garbiak ala geure historiaren biktimak? Izan ginen umearengan arakatzen.
  • “Normaltasuna” k edo gaixotasun ezak ez du osasuna suposatzen. OSASUNA, hitz larrietan. Osasuna vs patologia vs normaltasuna.
  • Hazkuntza eredu ezberdinak. Frustrazioaren teoria vs Autoerregulazioaren diskurtsoa
  • 0/1 urtea. Umetokiz kanpoko haurdunaldia.Garai honen funtsezko garrantzia.
  • Atxikimendua: sendotasunaren sustraien tokia.
  • Ninien hizkuntza deskodifikatzen.Niniekiko lengoaiak: Enpatia, kontaktua, begirada.
  • Dependentziaren esperientzia sakona, geroko ume autonomo eta independenteen garantia.
  • Maternage funtzioa.
  • Titia, biberoia, txupetea.
  • 1 urtetik aurrerakoa. Banantze, indibiduatze prozesua.
  • Psikomotrizitatea eta katuka ibiltzea.
  • Esfinterraren kontrola.
  • Mugak: Obedientzia. Autoritarismoa vs autoritate funtzionala.
  • Eskolara. Noiz?...
  • Eguneroko arazoak edo zalantza arruntak. Berarekin egin behar al dut lo? Negar egin dezan utzi behar al diot? Noiz kendu behar diot fardela? …
  • … Taldeak lekarkeena

Metodologia

Ikastaroa teoriko praktikoa izango da. Teoriak izango du arlo handi bat, baina norberaren hausnarketa ahalbidetzeko teknika eta baliabideekin uztarturik. Halaber, jarduera esperientzialak proposatuko dira. Beti ere, ikastaroa diseinatuta egonagatik ere, taldearen izaera eta beharren arabera posible izango da ikastaroaren nondik norakoa neurri batean bederen aldatu ahal izatea.

Nori zuzendua

Hazkuntza prozesuan ari diren aita-amak. 0/3 urteko umeekiko lanean edo harremanean diharduten profesionalak. Interesa duen edonor ere ongi etorria izanen da.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikula orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon dela adierazten du. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org (Irati)