Berriak

Guretzat interesgarriak diren berriak aurkituko dituzu.

Ainhoa Gonzalez eta Eider Urkola dira #Txiotesia5 lehiaketako irabazleak!

UEUk kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak antolatu duen “Txiokatu zure tesia 6 mezutan” lehiaketako bosgarren edizioko irabazleak nortzuk diren jakin dugu. Lehen saria Ainhoa Gonzalez Pujana gasteiztarra izan da “Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiraturiko hiru dimentsiotako sistema funtzio anizdunak” tesia era ulergarrienean laburtzeagatik, eta bigarren saria Eider Urkola Ezeiza billabonatarra izan da “Andrei Zvyagintsev: hausnarketa morala eta politikoa” zine zuzendariari buruzko lana modu originalenean laburtzeagatik. Guztira, 74 ikertzaileek parte hartu dute lehiaketan.

Azaroak 08

70 ikertzailetik gora parte hartu dute #Txiotesia5 lehiaketan!

Etengabeko ekarpenen jarioa izan zen asteartekoa. 70 ikertzailetik gora aritu dira #txiotesia5 lehiaketan. Ekarpen guztiak #txiotesia atalean sailkatu ditugu: #txiotesia5. Datorren ostegunean jakingo dugu nortzuk diren irabazleak.
Eskerrik asko guztioi egindako ekarpen handiarengatik!

Azaroak 02

UEUk ADMINISTRARI bat behar du

UEUk ADMINISTRARI bat behar du Eibarko egoitza akademikoan lan egiteko.

Azaroak 02

UEU arigunea izango da Euskaraldian

"Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" lelopean, erakunde gisa parte hartuko du UEUk 2020ko Euskaraldian azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean.

Urriak 29

Humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko deialdia 2020

UEUk, Euskal Wikipediako Kultur Elkartearen (EWKE) laguntzarekin, humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko asmoz honako ikerketa-deia egiten du bigarren urtez.

Urriak 22

Jose Ramon Etxebarriaren omenezko liburua erdi prezioan

Pozez jaso dugu UEUn Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2020 saria Jose Ramon Etxebarriari emango diotenaren albistea. Euskararen normalizaziorako zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpena, euskal kulturarekiko konpromisoa eta bere obraren dibulgazioa saritu dute.

Duela bi urte "Bai, jauna, bai: fisika euskaraz!" omenaldi-liburua argitaratu genuen Jose Ramoni gure esker ona agertzeko asmoz, bere bizitza akademiko osoan euskal unibertsitatea, esan nahi baita euskarazko unibertsitatea, eraikitzen eginiko lanagatik. Liburu honen amaieran, ikertzaile gazteen aurrean Jose Ramon irakasle zailduak euskal unibertsitateaz aurkezturiko gogoeta mamitsua argitaratu dugu: «Katedralaren eraikuntza». Eta liburuaren lehenengo atalean, bere bibliografia akademiko guztiaren erreferentzia zehatzak bildu dira, bere jardun arduratsuan arkitekto-hargin finak landu dituen plano, harri, hormaeta egitura mintzodunak direla uste dugulako («harria lantzen duen bitartean,katedrala buruan»). Liburuaren zatirik handiena, berriz, Joserraren lankide eta lagunen ekarpenek osatzen dute, eta era bitakoak dira: batzuk gorazarrezko artikulu laburrak, gehienetan egileen oroitzapen pertsonal, anekdota, iruzkin eta pasadizoz apailatuak; beste batzuk artikulu zientifiko akademikoak, egileen jakintza-alorretako ikerketa berriak biltzen dituztenak.

Une aproposa iruditzen zaigu Jose Ramon Etxebarriak egindako ekarpen guztia ahalik eta gehien ezagutarazteko, hori dela eta, bere liburua erdi prezioan eskuratzeko moduan jarri dugu (paperean 12€ eta PDFan 7€). Interesa izanez gero, idatzi mezu bat argitalpenak@ueu.eus helbidera urriaren 31 baino lehen.

ESKERRIK ASKO GUZTIAGATIK, JOSERRA!

Urriak 20

XV. Koldo Mitxelena beka zabalik

Errenteriako Udalak, UEUren laguntzarekin, emakumezkoen ikerketa sustatzeko, Errenteriaren inguruko ezagutza areagotzeko eta Koldo Mitxelena errenteriar filologoa omentzeko, honen izena duen ikerketa-bekarako deia egin du.

Gaiak: HIRIGINTZA eta ARKITEKTURA

Bekaren ezaugarriak:

  • Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira.
  • Bekaren iraupena gehienez 18 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita.
  • Beka honen diru zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.
  • Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.
  • Nork hartu dezake parte: Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute.
  • Eskaera egiteko epea: Urriaren 31era arte.

INFORMAZIO GEHIAGO

Urriak 19

Jose Ramon Etxebarriari emango diote Manuel Lekuona saria

Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona saria Jose Ramon Etxebarriari emango diotela jakin dugu gaur. Euskararen normalizaziorako zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpena, euskal kulturarekiko konpromisoa eta bere obraren dibulgazioa saritu ditu Eusko Ikaskuntzak. Merezitako saria, zalantzarik gabe. 

 Zorionak eta eskerrik asko Joserra UEUkide guztion partez!

Urriak 16

Copyright @ 2021 UEU -- Bisitariak: 683568

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: cookie-politika.