Hemen zaude: Hasiera Apunteen Otarrea Gizarte zientziak Pedagogia Ikastola, aitortzeko moduko eredua. Euskal eskola kooperatiboa hobeto ulertzeko faktore batzuk eta bere erronkak

Dokumentuaren akzioak

Erabiltzailearen akzioak

Ikastola, aitortzeko moduko eredua. Euskal eskola kooperatiboa hobeto ulertzeko faktore batzuk eta bere erronkak

2.38461538462

Andoni Mujika Ulazia - 2022/04/01 10:10

Hezkuntzaren unibertsaltasuna administrazio publikoaren titulartasun esklusiboarekin soilik berma daiteke? Ikastoletan segregazioa gertatzen da? Ikastolak elitistak dira? Ikastolek badute zentzurik gaur egun eskola publikoan eskolak euskaraz ematen direnean?

Oro har, esan genezake, hezkuntza-kooperatibek (ikastolek)ez ezik kooperatibismoak berak ere euskal gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko eztabaidak bizirik dirauela. Duela hiru hamarkada inguru ere, 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zenean, eztabaida hori bizia piztu zen. Egun, Hezkuntza Hitzarmenaren inguruko negoziazioek eztabaida hori pil-pilean jarri dute berriz ere.

Uste dut eztabaida horri sakontasunez heltzeko, iIkastolen eredua hobeto ulertzen eta baloratzen laguntzeko gakoak ezagutu beharko genituzkeela eta neure aletxoa jarri nahi izan dut norabide horretan 30 orrialde inguruko dokumentu bat idatziz (dokumentua eskuratu nahi izanez gero klikatu hemen). Hemen lerroburu nagusiak baino ez dira azaltzen.

Nola sortu ziren ikastolak eta zerk ahalbidetu zituen? Zeintzuk izan ziren Ikastolen lehen motibazioak? Eta egungoak? Gaur egun badute ikastolek sustrai komunitariorik? Badute gizartea eraldatzeko potentzialitaterik? Zergatik ziren eta zergatik dira interesgarriak? Euskara eta euskal kultura hezkuntza-proiektuaren ardatz izanda, Ikastolek euskal erakunde nazional izaten jarraitzen dute? Paradigma kooperatiboa baliagarria da hezkuntzan ere? Autogestioa eta kooperatibismoa eskolaren berezko balioak dira? Eskolaren gidaritza hezkuntza-komunitatearen eskuetan jar daiteke? Zein izan beharko litzateke eskolen autonomia-maila administrazioarekiko?

Ideia bat azpimarratu nahiko nuke norabide horretan. Bere burua antolatzen duen edozein esperientzia, zalantzarik gabe, albiste ona dela. Izan ere, autoeraketaren klabe honetatik protagonistek erakundean bete-betean parte hartzen dute, proiektuaren erabaki garrantzitsuenak hartuz. Eta autogestioa eta kooperatibismoa, hezkuntzaren sektorean ere, positiboak dira definizioz.

Une eta testuinguru honetan, ikasleen, irakasleen, familien, laguntzaileen eta gizartearen aurrean ikastola-ereduaren zentzua indartu beharra dagoela uste dut. Ikastoletako langileek hezkuntza-kooperatibaren jabetzan parte hartzea bultzatu beharko litzateke, ereduan sakontzeko beste urrats baten gisa. Horrekin batera, Ikastoletan hezkuntza unibertsalerako eskubidea bermatu beharra dago, bai ala bai; eta berrikuntzaz haragoko eraldaketa pedagogikoa bideratu. Familien parte-hartzea indartu, antolaketa-eraldaketa, kudeaketa integrala eta kontziliazioa uztartuz. Euskal nortasuna biziberritu, lurraldea, kultura eta hizkuntza hezkuntza-proiektuarekin lotuz modu banaezinean. Komunitatearekiko lotura sendotzen ere urratsak eman behar ditugu, gizartea eraldatzeko proiektuak abian jarriz beste erakunde batzuekin lankidetzan. Eta azkenik, esango nuke irakasleen prestakuntzabokazioa eta motibazioa bermatu behar ditugula eta lanbide honekiko errekonozimendu soziala aldarrikatu.

Azkenaldian, bultzada politiko eta sozial bat ikusten da, hezkuntza-eredu bateratu bat proposatzen duena. Bateratze horretan, aniztasuna, hezkuntza-ereduei dagokienez ere, ona da berez. Berezko balioa baitu dibertsitateak. Hezkuntza eremuan daukagun lorategi botaniko organizazionala ezin dugu monolaborantzara eraman, identitatea galtzeko eta diluitzeko arriskua egon liteke asmo eder eta anbiziotsu horietan.

 

Begira diezaiogun Ikastolen esperientzia kooperatiboari harrotasunez eta aurrez aurre, ahuleziak eta erronkak, argiak eta ilunak antzemateko beldurrik gabe, horiei aurre egiteko konfiantza, konpromisoa eta sendotasuna izanda. Aukera ezin hobea daukagu eraldaketa biak egiteko: pedagogikoa eta erakunde-eraldaketa. Beti berri den ura edanez, betiko iturri zaharretik.

 

PDF document icon Ikastola, aitortzeko moduko eredua_andoni-mujika.pdf — PDF dokumentua, 853 KB (874109 bytes)

Etiketak

Dokumentuan moldaketak egin