“Lehiakortasuna eta ongizatea, bata bestea gabe ezin dira garatu”
Amaia Zumeaga eta Maria Jose Aranguren

“Lehiakortasuna eta ongizatea, bata bestea gabe ezin dira garatu”

Ekonomisten Euskal Elkargoak eta UEUk datorren azaroaren 14rako antolatu duten Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean, lehiakortasunaz eta ongizateaz jardungo dute Maria Jose Aranguren Kerejeta Orkestrako (Lehiakortasunaren Euskal Institutua) zuzendari nagusiak eta Amaia Zumeaga Hurtado doktoretza aurreko ikertzaileak. 





Lehenengoz egingo da Ekonomialari Euskaldunen Jardunaldia. Zer iruditzen zaizue?

Horrelako espazioak sortzea eta sustatzea beharrezkoa da. Honek ekonomiari lotutako alor ezberdinetako ikuspegiek elkar elikatzeko, eta ikasteko aukera paregabea eskaintzen du. Era berean, etorkizunerako sinergiak lantzeko potentzialitate handiko sarea eskaintzen du.

Historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea da jardunaldiaren helburua. Zer ikasi beharko genuke historiatik?

Askotan emaitzetan zentratu izan gara; baina lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko benetako lotura duen ekonomia ikuspegi bat eraikitzeko, beharrezkoa dugu fokua prozesuan jartzea. Prozesu horrek, gainera, inklusiboa izan behar du, eta belaunaldi desberdinen arteko ikasketa bultzatu. Iraganean izandako esperientziak, eta egun dugun ezagutza, etorkizunean baliabide bilakatzen dira; betiere belaunaldi desberdinen arteko elkartruke bat badago. Era berean, beharrezkoa da lehiakortasunaren eta ongizatearen arteko oreka lantzen jarraitzea lurralde garapen jasangarria lortu ahal izateko.